Sunday 16 October 2011

«Euskal kantari gehienok zozolapiko samarrak gara»


GONTZAL MENDIBIL, MUSIKARIA


'Neure txiki polita' azken diskoan oinarrituriko ikuskizuna taularatuko du gaur abeslariak, Bilboko Campos Eliseos antzokian, 19:00etan: antzinako kantuak, eta irudiak zein dantza agertokian.
Gontzal Mendibil (Zeanuri, Bizkaia, 1956) 1970eko hamarkadaz geroztik dabil musikaren munduan. Azken hogei urteotan, berriz, kontzeptu baten inguruko diskoak osatu eta plazaratu ditu. Azkenean, Neure txiki polita, haurtzaroan ezagututako kantak bildu ditu. Baina ez gaitzala itxurak engaina: ez da haur musika. Izan ere, istorio odoltsuak kontatzen ditu horretan, besteak beste.

Zergatik izango da berezia gaurko kontzertua, Bilbon egingo duzulako?

Ez, egingo dugunarengatik izango da berezia. Neure jaioterrian egin dugu emanaldi hau, baina antzoki eder batean egiteak beste zentzu bat du. Jendeak ordaindu egiten duenean, gehiago eskatzen du. Diskoan parte hartu dugun musikariok izango gara jotzen, baina Beti Jai-Alai dantzari taldekoek bi koreografia egingo dituzte. Horrez gain, hilketa sano baten antzezpena egingo duguFrantzie kortekoa kantan. Marife Nogales musikariak egingo du Frantziako gorteko damarena, senargaiaren amak hilik nahi duena.

Ez al zen ikusgarriagoa izango diskoko beste kantetako bat antzeztea —Lapur famatua—? Azken batean, horretan hamahiru hilketa gertatzen dira.

Hori beste batean egingo dugu, era txukunago batean. Historia hausnartzen badugu, gauza anker eta dramatikoak beti gertatu direla ikusten dugu. Juan Bilbao 85 urteko arratiarrak kontatu zidan, duela 30 bat urte. Bere aititak erakutsi zion kantua, eta egiatzat zeukan istorioa: ezkontza batean andregaiarekin maitemindurik zegoen beste batek triskantza egin zuen.

Dantza eta ikus-entzunezkoak gehituz ez zara apur bat aldentzen diskoarekin zenuen asmotik: hau da, bi egunetan grabatu eta gero zuzenean freskotasunez eman?

Zuzenean bagina bezala grabatu genuen, musikariak onak direlako. Gaurko krisiarekin ezin duzu hilabete pasatu estudioan. Gauza sinfonikoa egin nahi genuen, baina bizitasuna ziurtatuta dago, kantuok jendearen parte hartzea eskatzen dutelako.

Aurreko batean kexu zinen kontzertuzaleak entzule hutsak bihurtu direlako.

1970eko kantaldietan parte hartze handia zegoen. Azken boladan lokartuta bezala egon gara, kultura fosilizatu egin balitz legez. Beste giro bat sortzen ari da. Esnatzeko motiboak baditugu. Azken bi urteotako kantaldiotan ikusi dut jendeak gogoa duela berriz parte hartzeko. Orain sortzen ari dena ez da lortu azken 30 urteotan. Esaterako: herrietan kantari dabiltzan ehun bat laguneko taldeak. Kantatzen duen herria ez dela hiltzen zioten poetek. Hala izan bedi. Eskerrak oinarri hori sortu den, ETBk eta irratiak ia ez digutelako lagundu horretan.

Zergatik jartzen zarete musikariok, adin batera helduta, haurtzarora begira?

Duela sei bat urte Gorbeiako haizea eleberria argitaratu nuen, eta gogoa nuen horrekin loturiko kantuak berreskuratzeko. Asmoa ez da haurtzaroan geratzea, dena den. Hurrengo diskoak neure kantu berriak jasoko ditu.

Mendiko kantuak konponketa modernoekin eta belle époque estiloko antzoki batean. Ez al da kontraste gehiegi?

Nahasketa hori da interesgarria: nola moldatu estetika on batez? Ikuskizunak barruak ukitu behar dizkizu, benetan. Euskal kantari gehienok zozolapiko samarrak gara. Askatu behar dugu agertokian, jendearengana heltzeko. Holakoak gara, baina agertokia dugunok askatu behar dugu, dugun guztia emateko.

No comments:

Post a Comment