Wednesday 19 October 2011

«Zientziaren patata ideala bizimodu tradizionalak suntsitzeko arma bat da»


EMMANUEL LIZCANO, PENTSALARIA


Lursagarraren historiaz hausnartuko du filosofoak gaur Donostian, horretan modernitatearen eta tradizioaren arteko zein herrien autonomiaren eta adituen boterearen arteko gatazka ikusten duelako.
Matematikaria, filosofoa eta Ezagutzaren Soziologiako irakaslea da Emmanuel Lizcano (Madril, 1950). La patata ideal hitzaldia eskainiko du gaur, 19:00etan, Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxean (Kristinaenea parkean), Nekazaritza eta Modernitatea zikloaren barruan.

Zuretzat patata pentsatzeko eta bizitzeko bi moduren arteko borroka eremua da. Ez al da saltsa beroegia halako barazki apalarentzat?

Patata oso gauza garrantzitsua da. Duela lau mende, Andeetako indio bakan batzuek baino ez zuten jaten, eta gaur, berriz, munduko laugarren elikagaia da. Ez dago patata bat, baizik eta gutxienez bi: alde batetik, patata herrikoia dago, nekazaria eta indigena. Bestalde, zientzialariek diseinaturiko patata dago, nik patata ideala deitzen dudana. Ustez nekazariak laguntzeko sortzen dute bigarrena laborategian. Baina errealitatean, arma bat da, tokian tokiko kultura, jakinduria, bizikidetza eta auzolana suntsitzeko. Andeetara esportaturiko patata idealak lurra eta harremanak suntsitu ditu; inkek, berriz, 5.500 patata mota lortu zituzten. Zientzia garapena beste arma bat da, bonbez gain, bizimodu tradizionalak suntsitzeko. Hori baita, antza, Mendebaladearen helburu nagusia.

Bitxia da nola egon den patata egitasmo modernoaren bihotzean: Ilustratuak herri xehea patatak jateko konbentziten irudikatzen ditugu.

Bai, eta irudi hori guztiz faltsua da. Frantziako eta Ingalaterrako burgesiak kontatu digutena irentsi dugu, eta, gainera, geure umeei irakasten diegu doan eta derrigorrean. Sevillan patatak jaten zituzten 1515. urterako. Hortik zabaldu zen, baita Euskal Herrira ere. Euskaldunen laia inkek patatak ateratzeko erabiltzen zuten tresnaren berdina da. Film bat kontatu digute: zientzialariek, botanikoek, almiranteek, apezpikuek eta halakoek XVIII. mendean eman ziotela herriari patata. Bitxia da halako tuberkulu ilun eta lur azpikoak ere halako historia ilun eta lur azpikoa izatea. Zientzialariei pataten loreak interesatu zitzaizkien —Marie Antoinettek horren lorea zeraman paparrean—, bost axola zitzaielako jendea gosez egotea. Herriari, ordea, patata zuztarretik behera interesatu zitzaion. Beste gezurra: aristokraziak findu zituela jateko ohiturak, eta herriak imitatu. Patatak prestatzeko era guztiak emakume sukaldarien etxeetan ikasi dituzte chef handiek.

Zuretzat gobernuz kanpoko erakundeak eta garapenerako laguntzak azken atala dira borroka horretan?

Mexikon hainbat komunitatetan egon naiz, eta GKEren bat hurbiltzen denean aiztoak ateratzen dituzte, badakitelako euren ezagutza suntsitzera datozela. Azken batean, patata metafora bat da, eta metaforak norbera konturatu gabe ideiak atzetik sartzeko modu bat dira.

No comments:

Post a Comment