Friday 28 October 2011

«Ez nuen kanta gehiago sortu nahi, baina musikak gertatzen jarraitzen du»


KRISTA MUIR, MUSIKARIA

Baionan jo zuen herenegun Krista Muir abeslari eta sortzaile kanadarrak. Gaur Azpeitian arituko da, Europan egiten ari den birako azken kontzertuetako batean, Quebecera 'hibernatzera' itzuli aurretik.
Krista Muir (Ottawa, Kanada) musikaria da, ekoizlea, jantzi diseinatzailea eta soinu ingeniaria.Lederhosen Lucil izenpean hasi zen kontzertuak ematen, baina azken boladan bere izena erabiltzen du. Dagoeneko bost disko luze argitaratu ditu. Azkenak Between Atoms du izena, eta, hori aurkezteko, bira egiten ari da Europan. Herenegun Baionan jo zuen, eta, gaur, Azpeitian (Gipuzkoa) arituko da, 23:00etan, Sanagustin kulturgunean, Cannibales & Vahines taldearekin batera.
Zergatik hil zenuen Lederhosen Lucil, eta non ezkutatu duzu gorpua?

Ez dago hilda, benetan. Atzo [herenegun] Baionan ikusi nuen. Estiloa aldatu dut, pixka bat: ukelele baritonoa aurkitu nuen duela sei bat urte, eta kanta asko egin nituen horrekin. Horrek aldatu egin du nire musika: pertsonalagoa da, eta, neure izenarekin abestea eskatzen du. Baina laster hasiko naiz pertsonaia berreskuratzen; rock, garage eta elektro-pop kantak idazten hasi naiz berriz, eta hori Lucilen estiloa da. Eboluzioa da, beraz. Artista izateak ez dizu uzten gauza batean, tresna batean edo estilo batean geratzen. Mugitu egin behar duzu.

Kontzertuetan asko hitz egiten duzu entzuleekin. Zergatik?

Bakarrik jotzen dudanean, entzuleak ezagutzen ditut kontzertuaren amaierarako, eta eurek ere nitaz asko jakiten dute, hitzen eta musikaren bidez. Niretzat abestietako hitzak oso garrantzitsuak dira, eta jendeari ulertuko duen hizkuntzan kontatu nahi izaten diot.

Amerikako emakume bakarlariekin ez gaude ohituta umoreaz gozatzera. Ezberdina zara kanadarra zarelako edo Quebecen bizi zarelako?

Barregarria naiz, besterik ez [barrez]. Ez dut uste Kanada edo Quebecekin zerikusia duenik. Gurasoentzat egiten nuen, egongelan, sei urte nuenean.

Zer gertatzen da ukelele kontu horrekin? Badirudi bat-batean mundu osoko fenomeno bihurtu dela.

Bai, musika tresnen iraultza globala dirudi. Biran nenbilela, 2005ean, 10 euroko ukelelea nuen aldamenean, txikia eta eramateko erosoa zelako. Harekin kantak sortzen hasi nintzen, eta gustatu zitzaidan emaitza. Lagun batek esan zidan: «Ukelele baritono bat erosi beharko zenuke». Gero jakin nuen Joni Mitchellen eta Beatleseko George Harrisonen lehen tresna izan zela. Maite dut soinua, eta aukera ematen dizuela kantutxo arin eta kitsch-ak jotzeko, baina baita kanta serio ederrak jotzeko ere. Bira honetan bakarrik nabil, ukelelearekin, baina efektu pedal batzuk erabiltzen ditut, giroa sortzeko.

Between Atoms diskoan, zeure teknikaria izatera ausartu zara. Igarri egiten da?

Erronka bat zen niretzat. Neuk nahastu dut, eta neu izan naiz soinu ingeniaria, lehen aldiz. Ia erotu egin naiz, baina ikusi nahi nuen gauza ote nintzen. Orain badakit.

Bira amaitzen ari zara. Zer egingo duzu Montrealera itzultzen zarenean?

Beste disko bat grabatzeko kantak sortzen hasi naiz. Ez nuen nahi, beste hainbat gauza egiteko gogoa nuelako, baina ezin gelditu; musikak gertatzen jarraitzen du. Kid Koala disko jartzailearekin haurrentzako disko bat prestatzen ari naiz, eta baditut beste egitasmo batzuk. Greziako uharte batean idatzi nuen kanta baten hitzak, eta Montrealera itzultzen naizenean negua izango da han, hotz, ilun, elurra, izotza. Une perfektoa ezkutatzeko... eta sortzeko.

No comments:

Post a Comment