Sunday 30 October 2011

«Harrigarria da euskaldunok eta japoniarrek nola egiten dugun bat gauza batzuetan»

MAITE RAMOS ETA JOSU JIMENEZ, SORTZAILEAK


Iluntzean da, baina ez naiz bakarrik; haritz ezkurrak 
Japoniako estiloko 'haiku' poemak eta horiek ilustratzeko 'haiga' margo sorta dituzte ikusgai sortzaile nafarrek Senperen, Hatsa elkarteak antolaturiko erakusketan. Udazkena ulertzen ikasteko.
Larrun ez da Fuji mendia, baina izan zitekeen, trena, benta eta antenak ez balitu. Maite Ramos eta Josu Jimenez (Iruñea, 1967) Gerezi garaiko haikuak erakusketa jarri dute Senpereko Larraldea aretoan. Jimenezen haiku Japoniako estiloko poemei tintazko irudiak jarri dizkio Ramosek, haiga-k (ikusi beheko irudian). Gaur da erakusketa ikusteko azken eguna, 15:00etatik 19:00etara.

Haiku-ak hiru lerroko poemak dira, baina zer dira haiga-k?

MAITE RAMOS. Haiku-ak ilustratzeko erabiltzen diren margoak dira haiga-k, poema entzutean jaso duzun inpresioa adierazteko. Txinako tintaz egiten dira, eta tradizionalak, zuri-beltzean.

Nola hasi zineten mundua japoniarrek bezala ikusten saiatzen?

M. R. Zen meditazioa egiten nuen, eta akuarelista nintzen, baina hutsune bat nabaritzen nuen. Mendebaldean natura kopiatu egiten dugu, eta horrek ez ninduen betetzen. Ekialdean, berriz, naturaren elementuek duten arima margotzen saiatzen dira. Kaligrafiarekin hasi nintzen, neure kabuz. Josuk aurkeztu zidan gero Reiko Furuno irakaslea. Hura Japoniara itzuli zenean, bere material guztia utzi zidan: pintzelak, arroz papera... Eta buru-belarri sartu nintzen orduan.

JOSU JIMENEZ. Nik Ryokan haiku egileen lanak maite nituen eta euskaratzen hasi nintzen. Ingelesetik-eta itzultzen nituen, baina Reiko Furunori erakutsi nizkionean, esan zidan oso bide bihurria erabiltzen ari nintzela. Hark bultzatu ninduen haiku-ak euskaraz sortzera, naturatik edanez. Ehun bat egin nituen, eta hortik sortu zen Gerezi garaiko haikuak liburua. Maiteri pasatu nizkion, eta berak egin zituen haiga-k.

Saiatzen al zara Japoniako wabi-sabi inperfekzioaren eta iragankortasunaren estetika lortzen? Ala euskaldunegia zara horretarako?

M. R. Saiatzen naiz, baina gero ikustean konturatzen naiz Mendebaldekoegiak direla, perfektuegiak. Baten batean lortu dut bakarrik; Ezkabako gotorlekuaren irudian, esaterako, abstraktua dela ematen baitu. Nire Mendebaldeko burua ez dago aske oraindik. Ez dut esango ezinezkoa dela lortzea, baina ia.

J. J. Japoniako estetika eta hemengoa oso ezberdinak dira, baina harrigarria da japoniarrek eta euskaldunok nola egiten dugun bat gauza batzuetan. Amalurra dugu hemen, eta Japonia jainko-jainkosen lur sakratua da. Halere, gure poesia beti niaren inguruan eraikitzen da: ni, nire amodioa, nire samina, heriotzaren inguruan nik dudan jarrera... Japoniako haiku txiki horietan japoniarrek ez dute nitasunik adierazten; naturarekin, Amalurrarekin bat egiten duzulako sortzen dira, eta istant horretan sentitzen duzun hori berehala biltzen saiatzen zara. «Iluntzean da / baina ez naiz bakarrik / haritz ezkurrak». Hau da: mendian nago, bakarrik, baina ez dut zertan beldurrik izan, ezkurrak daudelako eta ni horien parte naizelako.

Haiku bat egiteko formula erraza da, teknika aldetik. Baina zein da formula haiga bat margotzeko?

M. R. Lore bat ikusten badugu, txori bat, ibai bat edo naturatik hunkitzen gaituen zer edo zer, ez gara saiatu behar gauza margotzen, baizik eta hunkigarria zaiguna. Esaterako, normalean zuri-beltzean egiten bada ere, kolorea erabiltzen baduzu, lore hori bat margotzeko edo, ez duzu horia erabili behar, baizik eta zeure sentipenaren kolorea. Oso zaila da.

Udazkena garai egokia da naturaren aurrean zentzuak zabaltzeko.

J. J. Niretzat, urtarorik politena da Euskal Herrian. Negu beltza ere gogoko dut; beltza kolorea aberatsa da euskal usadioan. Idazle jendea hor ibiltzen gara, agenda txiki bat patrikan eta begiak zabalik. Orain, gorritik marroira, berdetik pasatuta, sorta osoa. Koloreak bezala, haiku-ak oso iradokitzaileak eta anbiguoak dira. Irakurleak interpretatu behar ditu. Horretan datza haien xarma.

No comments:

Post a Comment