Wednesday 5 October 2011

«Garai lasai batean gaude zientzian, eta horrek jende asko aztoratzen du»

Jose Ignacio Latorre, fisikaria
 
 

CERNeko esperimentu batek zalantzan jarri du Einsteinen teoriaren oinarria, partikula batzuek argia baino azkarrago bidaia dezaketela iradokiz. Latorrek argi du: esperimentuak du akatsa, ez Einsteinek.

Jose Ignacio Latorrek (Bartzelona, 1959) Fisika Teorikoa irakasten du Bartzelonako Unibertsitatean. Neutrinos; Einstein seguramente tiene razón hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Kutxaren Andia aretoan, Donostian.
Neutrinoek argia baino azkarrago bidaia dezaketela topatu omen dute CERN Ikerketa Nuklearrerako Europako Erakundean. Harrituta zaude, edo argi duzu akatsa dela?

Lankide asko bezala, eszeptiko samarra naiz. Ez dut uste egia izango dela argitaratutakoa. Ez du zentzuzkoa ematen halako esperimentu batek erlatibitate osoa zalantzan jartzea. Oso esperimentu korapilatsua izan da, eta begi bistakoa da akatsak ez dituztela behar bezala aztertu. Komunitate ia osoak hala uste du.

CERNeko lankideak azkarregi ibili dira emaitzok argitaratzen?

Soziologikoki interesgarria da gertatu dena. Gauza serioa da: hamabi herrialdek eta 170 adituk hartu dute parte horretan, eta ez da baten baten akatsa. Emaitzak aurkeztu zizkioten CERNeko zuzendariari, eta horrek, zalantzak agertu arren, komunitateari esateko betebeharra zuela sentitu zuen. Orain komunitateak kritika dezake, eta ehun artikulu baino gehiago jaso ditugu, beste azalpen mota bat ematen. Esperimentua, gainera, beste zerbait aurkitzeko prestatu zuten, eta, arrakasta handirik izan ez duenez, badirudi, zerbait atera nahian, eskua gehiegi sartu dutela.

Fisikaren oinarriari emaniko kolpeaz gain, zein ondorio izango luke argiaren abiadaren muga hautsi izanak?

Ondorio praktikorik gizakiontzako? Bat bera ere ez. Oraindik ez dugu lortu neutrinoak ezertarako erabiltzea. Duela urte batzuk proposatu zuten neutrinoez baliatzea Lurraren barruan ikusteko, petrolioa bilatzeko, baina ez zuten asmoa gauzatu. Oso partikula ezkutuak dira, eta oso gutxi ulertzen ditugu. Zailak dira ikusteko, aztertzeko eta, zeresanik ez, erabiltzeko. Milaka urte barru erabiliko ditugu. Elektroia aurkitu zutenean ere, zertarako erabil zitekeen galdetu zieten Londresko Legebiltzarrean. Eta zientzialariek erantzun: «Ez dakigu, baina egunen batean zergak kobratuko dituzue horren kontura».

Beraz, neutrinoei esker denboran atzera bidaiatuz gero, bidesaria kobratuko dute egunen batean?

Argia baino azkarrago doan partikulak daudela onartzen baduzu, kausalitatearen printzipioa bortxatzen duzu, eta eraikina berriz altxatzen hasi beharko ginateke. Horregatik, askok ez dugu horretan sinesten.

Baina Einsteinek ere bizitza osoa pasatu zuen grabitatea eta elektromagnetismoa batu nahian eta, eta ez zuen lortu. Halako ustekabe bat ez lioke bidea zabalduko zientziari?

Ez dugu horren beharrik. Inoiz izandako zientzialarien %90 baino gehiago bizirik daude. Zientzia hutsa, benetakoa, egiten duen lehen mendea da hau. Oso azkar ari gara aurreratzen, eta oinarrizko lege guztiak ulertzen ditugu. Neutrinoen esperimentu hau da aspaldiko partez ulertzen ez dugun bakarra. Zientzia aldetik oso garai lasaian gaude, eta horrek jende asko aztoratu egiten du. Ez dago iraultzarik, baina hor dituzu begiak laserrekin operatuta, edo GPSa. Hori guztia Einsteinen erlatibitatean oinarrituta dago.

Esperimentua baieztatu edo gezurtatzeko beste bat egiteko bizpahiru urte beharko dira.

Gero eta zailagoak dira esperimentuak, eta ezin dira bat-batean egin. Horrela izango da aurrerantzean, mugara heltzen ari garelako. Horrekin bizi beharko dugu.

No comments:

Post a Comment