Friday 21 October 2011

«Gaur idazten dugun historia nolakoa, halakoa izango da gure etorkizuna»


EDWARD A. SHANKEN, HISTORIALARIA


Argazkia:  IVAR VAN BEKKUM
Paradoxa ematen badu ere, historialari estatubatuarrak, iragana barik, geroa dauka buruan, eta euskaldunoi ere historia ahalik eta ahots gehienekin abesteko gomendatzen digu. Bilbon hitz egingo du gaur.
Artea zientzia eta teknologiaren arteko harremanak aztertzen ditu Edward A. Shanken (Filadelfia, AEB, 1964) historialariak. Art Futura jaialdian mintzatuko da gaur, 19:30ean, Bilboko Alondegian.
Bitxia da historialari bat etorkizunaz mintzatzen ikustea. William Gibson idazlearen ideiari jarraitzen diozu, hau da, etorkizuna dagoeneko hemen dagoela, baina ez dagoela ondo banatuta?

Izan ere, esaldi hori erabiliko dut hitzaldian. Etorkizuna, iragana eta oraina mugikorrak dira eta lotuta daude. Historia idazten dugunean, orainaldi jakin batetik idazten dugu. Gaur idazten dugun historia nolakoa, halakoa izango da geure etorkizuna.

Historia errepikatu egiten dela ikusten dugu: zertan egiten dute huts historialariek, horrela gertatzeko?

Ilustraziotik dugu bikote kontrakoak erabiltzeko joera handia: zuria-beltza; ona-txarra; garaia-baxua. Horietan oinarrituta, balioen hierarkia eraikitzen da. Historia idazten dudanean erabiltzen dudan estrategietako bat da bikote kontrako horiek eta eratorritako balioen hierarkia zalantzan jartzea. AEBetako historian, esaterako, zuria-beltza bikoteak garrantzi handia du, arrazen arteko harremanetan. Normalean, bata edo bestea lehenesten da historia idazterakoan. Horrek sinplekeria dakar, gris asko dagoelako bien artean. Eskema hori hartu beharrean, ñabardurak erabiliko bagenitu, bestelako historia idatziko genuke eta bestelako etorkizunei irekiko genieke atea. Arteak lagun dezake jendeak ñabardura horiez ohartarazten, besteen kulturak onartzen lagundu eta mundu baketsuagoa eraikitzen.

Zeri egon beharko genuke adi orain, etorkizunak eta geroko arteak zer dakarten sumatzeko?

Alan Kayk, ordenagailuekin lan egiteko leiho sistemaren asmatzaileak esan zuenez, etorkizuna aurreikusteko modurik hoberena hura sortzea da. Bioteknologia, robotikan eta informatikan dabiltzan artistak ari dira etorkizuna asmatzen. Artearen ildo nagusiak ez die aitortzen duten garrantzia. Teknikariek soilik ez dituzte lortuko berrikuntza handiak, baina oso jende ezberdinarekin elkartzen badira, artistekin esaterako, askoz aukera gehiago egongo dira. 

Euskal Herriko historia berriz idaztea eragingo duten gertaerak ari dira jazotzen egunotan. Ihes egingo al diogu kontrakoen dantzari?

Euskaldunen eta Espainiaren arteko tentsioa eta indarkeria egon da urte luzez. Tragikoa da. Uste dut arteak baduela hor eginkizun bat, bi kultura berezien eta esanguratsuen arteko ulermena bultzatzen. Noski, hori ikuspegi utopiko eta idelista da, onartzen dut, beste interes ekonomikoak eta botere kontuak sar daitezkeelako tartean kontrakotasuna sortzeko. Arteak bakea eta ulermena sortzen du, baina ez du epe motzean egiten. Oso poliki aldatzen du jendearen ikuspegia, baina sortzen dituen eraldaketak sakonagoak dira.

Historia ez al da garrantzitsuegia historialariei uzteko?

Garaileek idazten ohi dute historia. Horregatik, niretzat oso garrantzitsua da ahalik eta jende gehien aritzea historia idazteko lanean. Ahots asko ditugunean, ez da diktadoreen moduan idatziko, goitik behera, baizik eta kontzientzia kolektiboaren bidez. Historia kolektibo hori dugunean, ateak zabalik izango ditugu geroaldi kolektiboagoa izateko eta —Gibsonek dioenez— etorkizuna hobeto banatzeko.

No comments:

Post a Comment