Friday 25 November 2011

«Kontsumitzen dugunak sekulako eragina du gure ingurumenean eta kulturan»


ADRIAN SANCHEZ, BIOLUR TALDEKO KOORDINATZAILEA
Ekoizleari elikagaiak zuzenean erosteko mugimenduak topaketak egingo ditu gaur eta bihar Azpeitian. Iaz 500 familia ari ziren baratzetik artekaririk gabe jaten Gipuzkoan, eta aurten, gehiago.
Manuel Labaka baserritarra, ezkerrean, baratzeko produktuak banatzen, Errenterian (Gipuzkoa). / BEÑAT IRASUEGI
Adrian Sanchez (Amurrio, Araba, 1982) Biolur elkarteko koordinatzailea da. EHNE sindikatuarekin batera, III. Basherri topaketak antolatu dituzte gaur eta biharko Azpeitian (Gipuzkoa), 10:00etan, Sanagustin kulturgunean. Gipuzkoako kontsumo taldeen inguruan dabiltzan ekoizleak eta kontsumitzaileak elkartuko dira, eta atzerrian antzeko sistemak eratu dituztenek euren esperientziaren berri emango diete.

Nortzuk elkartzen dira topaketa horietan?

Gaurko saioa batez ere baserritar edo ekoizleentzat izango da. Bihar, berriz, deialdi irekia egingo da. Iaz 80-100 pertsona inguru etorri ziren. Iaz 30 talde zeuden, eta aurten, 40. Gipuzkoan hiru urte eskasean 40 talde antolatzea zenbaki handi samarra da: iazko datuen arabera, 500 familia —2.000 pertsona inguru— ari ziren Gipuzkoan talde hauen bidez sortu eta banaturiko elikagaiak jaten. Bizkaian, Nekasarea ari da lan hau egiten, eta Iparraldean, Amap taldea. Gaur, esaterako, Kataluniako Xarxeta kontsumo taldeko kideak etorriko dira euren sistema azaltzera.

Zertan da desberdina kontsumo talde baten bidez elikagaiak etxeratzea eta nekazarien kooperatiba bati edo supermerkatu bati erostea?

Kontsumo talde batek ez du salerosketa bakarrik egiten. Ekoizlearekin harremana izaten da, produktua nondik datorren jakiteko. Guk kontsumitzaile hezituak sustatu nahi ditugu: benetako informazioa eman, benetan erabakitzeko gai izan daitezen. Zergatik ekarri behar dira elikagai guztiak kanpotik, kilometro asko eginda? Geure elikaduraren jabe izan behar dugu. Kontsumitzen dugunak sekulako eragina du gure ingurumenean eta kulturan. Garaian garaiko elikagaiak zeintzuk diren ikasten dute taldeotako kideek, eta gaztak noiz egiten diren. Elikadura sano eta garbia hartzea norberaren osasunerako ona bada, bertako elikagai ekologikoak jatea ona da gizartearen eta ingurunearen osasunerako.

Boladan daude kontsumo taldeak. Ez dizue beldurrik ematen urte batzuk barru sukarra hoztea?

Ez dugu halako beldurrik. Topaketa hauetan, gainera, hori landu nahi dugu; hau da, aurrera begira nola jokatu nahi dugun eta baserritarrak, kontsumitzaileak eta taldeak berak gutxieneko zer konpromiso hartu beharko lukeen. Denon artean erabakiko dugu norabidea. Ez dakit boladan dagoen, baina hori pasatzea ere ona izan daiteke. Amap elkartean, esaterako, askoz zehaztuago dute araudia, eta kontratu bat sinatzen dute. Bizkaian ere geldialdi bat egin zuten, araudiak eta dinamikak zehazteko, eta gero talde gutxiago geratu ziren, baina agian hobeto funtzionatzen dute. Egia da oso mugimendu gaztea dela, eta gorabehera izan dezakeela. Orain arte eskaera handia dagoela-eta ez ditugu talde gehiago sortzen ez garelako iristen.

Euskal Herriko nekazaritzak elika ditzake herritar guztiak?

Gaur egun ez dut uste, besteak beste, lurra lortzea oso zaila delako. Lur gehienak industriarako edo azpiegiturak eratzeko dira. Badago lan hori egin nahi duen jendea, baina arazo handia da lur ona erostea. Halere, oso herrialde polita da nekazaritza ekologikoan halako ekoizpen txikia sustatzeko, elikatzeaz gain ingurunea zaintzen duelako.

No comments:

Post a Comment