Thursday 24 November 2011

«Mendebaldeko armadetan bideo joko bateko simulazio gisa ikusten dute gerra»


EMERIC LHUISSET, ARTISTA
Gatazkaren irudikatzea aztertzen du sortzaile paristarrak bere lanean. Kurdistango gerrillariekin eginiko egitasmoaren berri azalduko du gaur, Miarritzen, erakusketa zabaldu aurretik.

Bi kalaxnikov fusilekin aulkia sortu du artistak.
 / EMERIC LHUISSET
Emeric Lhuissetek (Paris, 1983) gerra eta gatazka ditu gai nagusitzat. Afganistanen, Kurdistanen, Iraken eta Kolonbian ibili da, besteak beste, gerraren inguruan lan egiten. Iaz neonazi talde batek haren artelan bat suntsitu zuen Berlingo galeria batean. Lhuisseten hainbat obra ikusi ahalko dira Miarritzen (Lapurdi) larunbatetik aurrera, Esploratzaile berriakerakusketan, Santa Eukenia kriptan. Gaur, bere lana azalduko du, 18:30ean, Mediatekan.

Gerra artista gisa definitu zaituzte. Eroso zaude definizio horrekin?

Ez. Interesgarria iruditzen zait definizioa berez, baina ez dut ustegerra artista naizenik, nire lanak analisi geopolitikoak bide plastikoetara itzultzen dituelako, eta gai asko sartzen dira hor, ez soilik gatazka. Brasilen desberdintasunaren inguruan lan egin dut, eta segurtasunaren inguruko paranoia jorratu dut, esaterako. Baina, noski, gatazka ezin da ahaztu geopolitikaz ari zarenean.

Paris inguruko auzo gatazkatsu batean hazi zinen. Horren eraginez interesatu zitzaizun gero geopolitika?

Nire familian ez zegoen artistarik, eta auzoan ez zegoen kultur etxerik. Lehen arte irudiak Historia liburuetan ikusi nituen. Arte garaikiderik ez nuen ezagutu institutura joan arte. Baina beti maite izan ditut historia, geografia, artea eta mapak.

Kolonbian egon zara FARC gerrillarekin. Zer egin zenuen?

Astebete egon nintzen, baina ezin izan nuen nahi nuena egin. Ez zidaten argazkiak, bideoa edo soinua hartzen utzi. Testuak idatzi nituen. Azken egunean esan zidaten, «begiratu, detonagailuak», eta gerrillari batek ahoan sartu zuen lehergaia: «Egin argazkia». Noski, material horrekin ez nuen zer eginik artearen ikuspegitik. Baina handik joan eta gerra eremuko herrixka batean gaztetxoak ikusi nituen gerrako bideo joko batean jolasten. Horrek bideo jokoen eta gerra guneen inguruko lan bat egitera eraman ninduen.

Mendebaldean ez al dugu aspaldi gerra bideo joko gisa bizitzen?

Borrokalari askok simulazio gisa bizi dute gerra, batez ere Mendebaldeko armadetan. Ameriketako Estatu Batuetako armadak bideo jokoak sortzen ditu, eta bukaeran, gonbita egiten die jokalariei armadan sartzeko. Trebatzeko askotan erabiltzen dituzte simulagailuak. Noiz gaude errealitatean, noiz jokoan? Muga ez dago batere argi. Dronekin ere jendea hiltzen dute milaka kilometrotatik gidatuta. Iraken sekulako arrakasta du Juba frankotiratzailea bideo jokoak. Ustez 300 soldadu estatubatuar hil zituen jihadistaren ingurukoa da.

Kurdistango gerrillariekin egin duzun lana amaituta duzu dagoeneko?

Oraindik ez, baina lehen zirriborroak erakutsiko ditut Miarritzen. Irak eta Iranen mugaldeko mendietan egon nintzen. Benetako gerra eremu da, benetako gerrillariekin..., baina antezlana ere bada. Gatazkaren antzezpenean eta errealitatearen irudikatzearen gaia lantzea da nire ideia: hau da, hedabideek nola agertzen duten gatazka, eta borrokalariek beraiek nola manipulatzen dituzten hedabideak.

Kalaxnikovekin aulki bat egiteko, Ikearen estiloko egitasmo bat sortu duzu. Ez al da gogorra ironia erabiltzea halako gauza serioekin?

Ez dago ironiarik nire lanetan, nahiz eta batzuetan horrela eman. Kurdistango gerrillariekin ikusi nuen beti kalaxnikova aldamenean dutela, traste astun eta ezerosoa izan arren. Beraz, fusilarekin zer edo zer guztiz funtzionala egin nahi izan nuen, borrokalarientzat. Iaz itzuli nintzen, eta gerrillari bat harrien artean bere zapiaren gainean eserita ikusi nuenean, «konponbidea zeukeat hiretzat», esan nion. Aulkia muntatu eta, probatu zuenean, esan zidan: «Aizak, primeran zegok hire asmakizuna. Oso praktikoa duk».

No comments:

Post a Comment