Saturday 19 November 2011

«Libre ginela uste genuen, ez ginelako inoiz muga gainditzen saiatu»


JEAN-LOUIS COSTES. MUSIKARIA
Frantzian epaitegietan isilarazi nahi izan zuten, baina artistak adierazpen askatasunaren bazterrak esploratzen jarraitzen du. Bere azken 'opera porno-soziala' taularatuko du gaur Bilbon.
/ THVOJE GO
Jean-Louis Costes (Paris, 1954) musikari dabil, baina hobeto sailka zitekeen performer-en multzoan, eta, horien artean, muturrekoenetan. Haren ikuskizunak zarata, biluztasuna eta eskatologia bilduma izaten dira. Hainbat filmatan ere aktore gisa aritu da; tartean, Gaspar NoerenIrréversible polemikoan (2002) eta Edwin Brienen Life Pornographylanean (2003). La Sorciere et les Morts ikuskizuna taularatuko du gaur, 21:00etan, Bilborocken, Bizkaiko hiriburuan. Aurretik, kontzertua emango dute Planetaleta Live eta Juke Box Racket taldeek.

Zure ikuskizunetan sexua, sadismo erlijiosoa eta kaka erabili izan dituzu iraganean. Zertan da Sorgina eta hildakoak lana?

Panpin ikuskizun bat da. Antzerki musikal bat, nirekin eta hiru panpinekin: Katemetxo, Aitatxo, zein Amatxo eta Amonatxo. Abesti eta performance ekintzen arteko nahasketa da, istorio bati jarraitzen diona: gizon batek askatasun modernoaren aukera guztiak esperimentatu ditu, eta, bat-batean, iraganarekin obsesionatzen da. 

Zergatik esaten diozu opera porno-soziala?

Porno hitzak ez du esan nahi sexu ikuskizuna izango denik. Izan ere, ez da benetako sexurik gertatzen ikuskizunean. Niretzat, porno hitzak gauza bat besterik ez du esan nahi: arte zuzen eta gordina, film porno bat bezalakoa; arau estetikoen atzean ezkutatzen ez den artea, alegia. Etasoziala, ikuskizunean nahasten ditudalako neure sentipenak —maitasuna, kasu—, gizarte gertaerekin —gerra, esaterako— eta hedabideetako ametsekin.

Bat al zatoz «GG Allin frantziarra» gisa definitzen zaituztenekin? Edo hurbilago zaude Artauden krudelkeriaren antzerkitik eta Batailleren okerrenaren estetikatik?

Badakit punk jarrera ekar dezakedala gogora estetika gordinarengatik, produkzio merkearengatik eta musika zaratatsuarengatik. Baina ez naiz inoiz punk izan. Punkaren garaian, nerabe lotsati bat besterik ez nintzen. Artaudek antzerkiaren inguruan idatzitako testuak irakurri ditut, eta harritu egin nau neure lan egiteko erak eta agertokian aritzeko moduak hark bere krudelkeriaren antzerkian egin nahi zuenatik horren hurbil egoteak. Gorputzaren ekintza eta senak gidaturiko jarrera lehenengo gauza dira niretzat, eta hizkuntza zein estetika bigarren mailakoak. 

Arazoak izan dituzu Frantziako Justiziarekin. Zein da zure egoera orain?

Ez didate diskorik debekatu inoiz, baina epaitu egin ninduten 1997. urtean, gauzak modu bortitzegian eta zuzenegian adierazteagatik. Azkenean, irabazi egin nuen, eta ez ninduten zigortu. Harrezkero, ez dut arazorik izan.

Zer-nolako etorkizuna du muturreko egoerak langai dituen artista batek egunetik egunera adierazpen askatasuna murrizten eta zentsura areagotzen ari direnean?

Ziurrenik ez da inoiz izan gizarte askerik. Libre ginela uste genuen, ez ginelako inoiz muga gainditzen saiatu. Baina neure burua zentsuratu gabe artea egiten hasi nintzenean berehala ikusi nuen mugak estuak direla, eta oso gogorrak. Posible da artista bati debekua ezartzea, kartzelara bidaltzea edo hiltzea artelan batengatik, edo hitz gordin batzuengatik. Halako garai gatazkatsuotan, gogoak muturrera joaten dira, eta haiekin batera, hitzak eta ekintzak. Eta, orduan, mugak estutu egiten dituzte. Horregatik, bat-batean, aske ez garela ulertzen dugu. Aske sentitzen ginen, isilik geundelako. Altxatu ahotsa, eta badator zigorra.

No comments:

Post a Comment