Wednesday 23 November 2011

«Txinan ere, literatura merkatu ekonomiaren parte izatera behartu dute»


TACIANA FISAC, SINOLOGOA

Asia ekialdeko herrialderik handieneko idazleek egiten duten lanaz mintzatuko da aditua gaur, Bilbon, 'Emakume Ahotsak, emakumeek idatzitako literatura' jardunaldien barruan.
Taciana Fisac (Madril, 1960) Txinan eta hango kulturan aditua da. Ekialdeko Asiaren Ikerketa Zentroko zuzendaria da, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Txinako emakumeen literaturaz mintzatuko da gaur, 19:00etan, Bilbon, Bolunta elkarteak Somera kalean duen aretoan, Emakume Ahotsak jardunaldian.
Zure aitak etorkizuna igarri zuen gaztetan txinera ikastera bidali zintuenean?

Badirudi, bai, ikusi zuela zer zetorren. Asian ibili zen 1953. urtean, Filipinetan, Japonian eta Hong Kongen. Ikusi zuen Ekialdeko Asia potentzia bat zela, kultura aldetik eta populazio aldetik, eta garatzeko sekulako aukera zuela. Hizkuntza ikasi nuen gaztetik, baina unibertsitatean sartu nintzen buru-belarri hango hizkuntza eta kultura ikertzen.

Emakumeen literaturak Txinan egin duen ibilbidea Mendebaldean egin duenaren antzekoa da?

Oro har, bai. Garai klasikoan salbuespenak badaude ere, emakumezkoen lehen ahots ozenak erreibindikazio politikoen eta mugimendu feministen eskutik etorri dira.

Kultur Iraultzak zer-nolako eragina izan zuen?

Ez genuke soilik Kultur Iraultzaz hitz egin behar, baizik eta Maoren garai osoaz, 1949tik 1976ra. Horretan zentsura politiko handia pairatu zuten denek, emakumezkoek zein gizonezkoek.

Zertan bereizten dira gaurko emakume idazle txinatarrak Mendebaldekoengandik?

Pareka daitezke, nire ustez, eta antzekotasun ugari aurki ditzakegu. Esaterako, Txinan 1980ko eta 1990eko hamarkadetan literaturan izan zen etapak antz handia du Espainiako trantsizioan gertaturiko destape-aren fenomenoarekin. Hau da, aurretik tabu izaniko hainbat gai emakumeen diskurtso literarioaren parte izatera pasatu dira. Ez dut horretan asko bereizi nahi emakumezko eta gizonezkoen literatura, emakumezko idazle txinatarrek ez dutelako halako bereizketarik egiten. Emakumeek oso ausart jokatu dute, eta batzuk iraultzaileak izan dira formetan eta generoetan, euren sexu eta amodio harremanez mintzatzen.

Ez nuke esango Espainiako destape-ak kalitate handiko artelanak sortu zituenik. Berdin Txinan?

Wei Huiren Shanghai Baby eleberriak [1999], esaterako, sekulako arrakasta izan zuen Mendebaldean, eta ez da kalitate eredua, baina saiatzen da esploratzen gazteen sentipenak eta sexu esperientziak.

Zuk hainbat belaunalditako egileak ezagutzen dituzu. Amildegia dago haien artean?

50 eta 60 urte artean daudenek oraindik uste dute literaturak gizartearen arazoak jorratu behar dituela. Gazteek, berriz, literatura osagai politikorik gabe ikusten dute. Hirietako emakumezko idazle gazteek egunerokoa hartzen dute gai. Teknologia berriak pertsonen arteko harremanak nola aldatzen ari diren aztertzen dute, esaterako.

Nola eragin dio literaturari Txinako ekonomiaren hazkunde izugarriak?

Literatura merkatu ekonomiaren parte izatera behartu dute. Maoren garaian literatura sistemaren zerbitzura zegoen, baina diruz lagunduta, eta, orain, idazleak salmentez kezkatu behar dira batez ere. Horren eraginez, idazle onek zailtasun handiak dituzte argitaratzeko, eta literatura bera gutxiengoen produktu bihurtu da. 1980ko literaturak gizartean eta politikan gertatzekoak ziren aldaketak aurreikusten zituen. Oraingoak, alta, eskaintza eta eskaerari begiratu behar die.

No comments:

Post a Comment