Thursday 1 December 2011

«Kosmopolitak erroak ditu bere tradizioan, baina irekia dago besteen aurrean»


Ulrich Beck, soziologoa.



Municheko Unibertsitatean eta London School of Economics erakundean soziologia irakaslea da Ulrich Beck (Slupsk, 1944; orduan, Alemania; 1945etik, Polonia). 'Zelako Europa nahi dugu?' galderari erantzungo dio gaur, Bilbon, 'arriskuaren gizartea' eta 'bigarren modernitatea' kontzeptuen sortzaileak. Gaurko krisiak Europa gehiago ekarriko duela dio.

Zer-nolako Europa nahi dugun galdetzen duzu, baina zeuk zer-nolakoa nahiko zenuke?

Ez soilik eliteen Europa, baizik eta behetik gora eraikitako Europa. Europako demokrazia berria irudikatzen dut. Esaterako, krisi garai honetan, Europa osorako gazteentzako lan programa bat ikusi nahiko nuke, haiek batasuneko edozein herrialdetan lan egiteko aukera izan dezaten, Europa bizitzeko bertatik bertara. Lan sistema horrek Europako nortasuna sortuko luke gazteen artean, gazteek sor dezaten Europa. Nahiko nuke, esaterako, Europako presidentetza bat, baina ez estatuka bozkatuta, baizik eta era gardenean Europa osoan eginiko bozka baten bidez. Zilegitasun demokratikoa emango lioke horrek.

Esaten duzunez, zorrak ez du eragin gaurko krisia: krisi politiko baten ondorioa da zorra. Azaltzerik baduzu?

Euroa eratu dugu, alde batetik, Europari batasuna emateko, baina gero administrazio nazionalak ditugu. Kontraesana da hori, eta, azkenean, krisia ekarri digu, ezin bestela izan. Europa gehiago behar dugu: ekonomia erakunde bat, gobernu egitura bat, estatu-nazioak gainditzeko behingoz. Hor gakoa egitura horri zilegitasuna emateko modua da, Europa berriz zutik jartzeko.

Badirudi, berriz, orain estatu batzuek euroaren aurreko dibisa hartuko beharko dutela berriz.

Hori ez da gertatuko; erabateko lilurakeria da. Ekonomialari bakan batzuen adierazpena da. Europa ez da soilik dirua; ezin duzu dirutan trukatu zuzenean. Europarturik gaude dagoeneko. Europa nortasun nazionalarekin kontrajartzea ezinezkoa da jada, jendeak badakielako noraino dagoen elkarrekin lotuta. Lehengo didibisak itzultzeak sekulako kaosa eragingo luke Europan, lehenbizi, eta mundu osoan, gero.

Kosmopolitismoaz eta munduko herritartasunaz mintzo zara beti. Hori ondo dago Londresen irakasle dabilen alemaniar batentzat, baina zure fakultatea garbitzen duen nigeriarrarentzat zer esan nahi du kosmopolitismoak?

Nire kosmopolitismoa ez da Kant eta Habermasen kontzeptu zahar hura. Niretzat, kosmopolitismoa etorkinek bizi dutena da, esaterako. Beraz, ez da aireportuetan bizi den negozio jendearen kontua. Dagoeneko badugu kosmopolitismoa Europan, alemanak, greziarrak eta besteak elkarrekin partekatzen ditugulako gauzak. Ez da, beraz, ameskeria edo desio bat, baizik eta onartzea elkarrekiko mendekotasuna.

Nola konbentzitu Frantzia eta Espainia kultur aniztasuna aintzat hartzeko, Angela Merkel bera ere multikulti ikuspegiaren aurka mintzo denean?

Errealitatearen aurrean itsu egotea da hori. Alemaniako edozein institututan hogei hizkuntza baino gehiago entzuten dira. Politikarien erretorika eta errealitatea bereizi behar ditugu, aniztasuna baita Europaren funtsa.

Aldi berean hegoak eta sustraiak behar ditugula esan nahi duzu.

Kosmopolitak erroak ditu bere tradizioan, baina irekia dago besteen aberastasunaren aurrean. Europak hori izan beharko luke, eta hori izan zitekeen. Ideia liluragarria iruditzen zait.

No comments:

Post a Comment