Friday 2 December 2011

"Kontrol erakunderik ez egotea da nazioarteko justiziaren arazo nagusia"




Florence Hartmann, idazlea
 

Atxilotzeko nazioarteko agindupean dago kazetaria, eta gaur epaileei erronka jo eta, lehen aldiz, Frantziatik aterako da, Donostian Balkanetako gerren erantzukizunak ezkutatzeko saioez mintzatzeko. 








Florence Hartmann (Paris, 1963) idazle eta kazetaria da. Balkanetako gerren berri eman zuen Le Monde-rentzat, eta horietan eginiko hainbat gerra krimenen lekukoa izan zen. ICTY Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskaltzaren eleduna izan zen 2000. urtetik. Baina 2009an,  auzitegiak berak zigortu egin zuen "ICTYren erabaki konfidentzialak zabaltzeagatik". Srebrenicako (Bosnia Herzegovina) sarraskiaren erantzukizunak estaltzeko saioez mintzatuko da gaur, 19:00etan, Aieteko kultur etxean, Donostian.


 ICTYk zu atxilotzeko agindua eman zuen duela egun batzuk. Ez zabiltza ezkutuan. Zergatik ez zaituzte oraindik atxilotu?

Giza eskubideak bermatzeko itunak sinatu dituzten estatuek —gure kontinentean, 47 estatuk sinatu dute Giza eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Ituna— ezin dute gauzatu atxilotzeko agindua, ez datorrelako bat hitzarmen horrekin. Ni atxilotuz gero, ICTYk neure ustez egin dituen lege-hausteen laguntzaile bihurtuko lirateke. Prentsa askatasunaren  nazioarteko hainbat erakundek dei egin diete estatu guztiei atxilotzeko agindu horren kontra egitera, besteak beste, Parisen egoitza duen Reporters sans Frontièresek, eta egoitza Londresen duen Article 19ek. Eta ez soilik Europako estatuei, baizik eta Nazio Batuen Erakundeko estatu guztiei, nire kontrako epaiketa eta ebazpenak  ez dutelako giza eskubideen inguruko nazioarteko arauak aintzat hartzen.

Gizateriaren kontrako krimenak eta genozidioa epaitzeko sortu zuten ICTYa. Ez kazetariak edo idazleak epaitzeko, nazioarteko justizia sostengatu arren, kritikatu egiten dutenean, dagokion lana egiten ez egiteagatik, eta genozidioaren biktimei traizioa egiteagatik, estatuak babesteko.

Nazioarteko justiziak, kazetariek bezala, independenteak izan behar du. Nazioarteko justizia ez bada independentea, hedabideek hori sala dezakete, kartzelan sartuak izan gabe.

ICTYrekin dagoen arazoa zera da, epailea eta partea dela: epaitzen nau kritikatu nuelako (idatzi nuena zuzena dela onartzen duelarik, bide batez). Eta babesten nauten legeei barre egiten diote, ez baitago helegitea jartzerik justizia erakunde garaiago baten aurrean. Epaileek badakite ez dutela erantzun behar beste inoren aurrean, beraz amarrua egiten dute.

Onartezina da hori. Epaile independenteek epaiketa aztertu behar dute, eta orduan ikusiko dugu zer dioten. Nire ustez, aurkituko dutenak ikaratu egingo ditu, eta gaur zergatik borrokatzen naizen ulertuko dute.

Srebrenicako sarraskian Serbiak izaniko erantzukizuna estaltzeko TPIYk eta Belgradek ituna egin zutela salatu zenuen 2008an. Europako beste gobernuren bat babestu nahian al dabil auzitegia?

Askotan esaten dute nazioarteko justiziak herrialde baten oreka apur dezakeela, gerra krimenetan parte hartu duten estatu buruak edo beste pertsona boteretsuak epaitzen dituelako. Baina horrek esan nahiko luke arriskutsua dela milaka biktimei egia esatea. Kontrakoa da: zigorgabetasuna da arriskutsua, horrek krimenak berriz egitea ahalbidetzen duelako.

Serbiak ez zuen milioika euroko kalte-ordainik eman nahi biktimei, eta hala egin beharko zuen Srebrenicako sarraskian parte hartu zuela frogatuz gero (8.000 gizon eta nerabe exekutatu zituzten, lau egunetan, 1995ko uztailean). Serbiak eskatu zion ICTYri Slobodan Milosevic zigortzeko emaniko frogak gordetzeko, baina ez erakusteko biktimei, historialariei edo gizarteari, inork jakin ez dezan zer gertatu zen benetan, edo bizirik atera zirenei kalte-ordainik eman behar ez izateko. ICTYk ez zuen eskubiderik eskaera hori onartzeko, kontua ez baitzen Serbiaren "segurtasun nazionala" zaintzea, legeak baimentzen duen bezala, baizik eta haren irudia eta diruak babestea. Eta legeak ez du horretarako baimenik ematen.

Estatu askok erabiltzen dute konfidentzialtasuna, ekintza okerrak ezkutatzeko, nahiz eta konfidentzialtasuna soilik «segurtasun nazionala» babesteko erabil daitekeen. Justiziak haien zigorgabetasuna babesten badu, ez da justiziarik edo segurtasunik egongo, ezerk ez duelako herritarrak gehiegikerien kontra babestuko. Kazetariak kartzelan sartzen badituzte jendeari gehiegikeria hauen berri emateagatik, ez da dagoeneko zuzenbide estaturik izango, ez eta demokraziarik. Euroaren krisia baino larriagoa da hau, baina errazago konpontzen.

Zer erantzungo zenieke esaten dutenei arriskuan jarri dituzula etorkizuneko epaiketak, konfidentzialtasunik gabe estatuek ez dutelako agiririk eman nahiko?

Kontuz, ICTYk egozten didan bakarra «epaileen argudio juridikoak» zabaldu izana da, ez Serbiako Estatuak emaniko agiri konfidentzialak. Beraz, ezin didate halakorik leporatu. Afera absurdoa da, Serbiak ezkutatu nahi zituen agiriak ICTYk berak argitaratu baititu aurtengo apirilean. Hartara, sekretupean jarraitzen duen gauza bakarra epaileen argudioak dira, hau da, nola adostu duten Serbiarekin agiriok biktimei ez erakustea, hauek agiriok behar zituztenean kalte-ordainak lortzeko.  Pentsa ezazu: 2011ean publiko bihurtzen dute estatu sekretu bat, eta atxilotzeko agindu bat  ematen dute pertsona baten aurka, ez sekretua aireratu izanagatik edota itunaren berri emateagatik, hori beti izan baita publikoa, baizik eta idazteagatik epaileek lagundu egin dutela hori ezkutatzen hainbat urtez, eta nola jokatu duten azaltzeagatik.

Imaginatzen al zenuen 2008an auzitegiak zeure kontra joko zuela? Beste modu batera jokatuko zenuen jakinez gero?

Jendearentzako interesgarriak diren informazioak argitaratzeari uko egin behar al dio kazetari batek kritikatzen duen erakundea pozik egongo ez delako, bere trikimailuak agerian geratzea nahi ez duelako? Ika-mika publiko handia zegoen ICTY eta Serbiaren itunaren inguruan, eta hori areagotu egin zen nik Paix et Châtiment, les guerres secrètes de la justice et de la politique internationales liburua idatzi nuen garaian. Beraz, gaiari heltzea erabaki nuen, eta ikertzea epaitegian nork egin zuen ituna eta zertan oinarrituta. Eta orduan aurkitu nuen ez zegoela lege-oinarririk eta epaileek amarrua egin zutela apropos eta euren borondatez. Ez zitzaidan batere kostatu informazioa lortzea, Serbia izugarri harrituta baitzegoen auzitegiaren sostengua lortu izanagatik: aski izan zitzaidan hango agintariei galdetzea nola lortu zuten kontatzen hasteko.

Ezin nuen imaginatu ICTYk Stalinen estiloko epaiketa egingo zidanik, eta kritikatu  nituenak berriz bortxatuko zutenik zuzenbidea, mendekua hartzearren. Justiziak ez du horretarako baimenik ematen. Justiziak ez du funtzionatu, ICTYko epaileek ez dietelako esan euren lankide amorratuei ezin dutela euren boterea erabili norberaren helburuetarako. Ezin nuen imaginatu mendeku goseak bultzatuta zuzenbidea zapalduko zutela eta ICTYaren aginte morala eta ospea arriskuan jarriko zutenik. Nazioarteko justiziarekin dagoen arazoa da ez dagoela hesirik, ez dagoela kontrol erakunderik, ez dagoela modurik ziurtatzeko epaileek zuzenbidea ezartzen dutela. Hori aldatu beharko da, bestela nazioarteko auzitegien sinesgarritasuna zalantzan jarriko da mundu osoan, eta zigorturiko gerra kriminalek biktimarena egingo dute.

Iraganera itzuliz gero, berdin jokatuko nukeen, nazioarteko justiziaren okerrak kritikatzeak hura indartzen laguntzen duelako, eta nazioarteko epaileak kritikatzeak lan txukuna egitera behartuko dituelako. Oraingoz ez dut lortu, baina urrutiegi joan dira oraingoan. Euren erantzukizuna guztion bistan geratu da, eta, lehen aldiz, azalpenak eman beharko dituzte. Epaia berriz aztertu beharko dute, edo erakunde independente eta inpartzial batek behartuko ditu hori egitera.

Justizia arruntaren babesa bilatzeko estrategia batean murgilduta zaude. Atxilotzeko agindua eman zutenetik lehen aldiz, Frantziatik aterako zara gaur. Donostian hitzaldia ematea estrategia horren parte da?

Justizia justiziaren bidez berreskuratu nahi dut, eta, horretarako, aste honetan bertan Nazio Batuen Erakundeko iritzi eta adierazpen berriemaile bereziarekin hitz egin dut, eta bestelako ekimenak abiatu ditut Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen eta Europako Batasunaren aurrean.
Duela hiru hilabete hitz eman nien hitzaldiaren antolatzaileei, eta hitza betetzeko joera dut. Ez dago inongo estrategiarik horretan, eta, are gehiago, nire abokatuei hitzaldiaren berri emanez gero, ez zidaten Donostiara etortzen utziko, ez eta egun baterako ere.

Frantziara itzuliko naiz ICTY Donostian nagoela konturatu eta atxilotzeko aginduaren berri Madrili emateko astia izan baino lehen. Halere, aginduak ez du indarrik zuzenbide estatuetan. Horregatik ez du gauzatzen Frantziak. Baina nik atzerrira berriz normaltasunez bidaiatu ahal izateko, ezinbestekoa da ICTYk agindua kentzea.  Egoera jasanezina eta onartezina da, eta Europako estatuei dagokie agindua kentzeko eskatzea, lehenbizi Frantziari eta Herbeherei, agindua jaso duten bi estatuei, alegia. Eta zuzenbidean oinarrituta, eta nazioarteko epaitegiei oinarrizko askatasunak errespeta ditzaten eskatzea.

No comments:

Post a Comment