Tuesday 14 February 2012

«Gurasook lan egin behar dugu, geure seme-alabek euskara aberatsagoa izateko»

Edu Zelaieta, irakaslea.



Edu Zelaieta (Gasteiz, 1973) idazlea eta irakaslea da. Hizkuntzaren eta literaturaren didaktika irakasten du EHUn.



Didaktikaren irakaslea izateaz gain, aita ere bazara. Horrek ziurtatzen dizu gaiaren alde teorikoa zein praktikoa landuko dituzula?

Eguneroko gaia dut, eta, horrez gain, hitzaldi hauek praktiko samarrak dira. Dena den, gauza batzuk behar bezala praktikatzeko, gogoeta minimoa behar da. Iñaki Eizmendik alde teorikoa landuko du; eta nik filmeko gaiztoarena egingo dut, alde praktikoa, alegia.

Eremu erdaldunduenetako gurasoek badakite ikastolarekin ez dela aski, seme-alabek euskara aberatsa izateko. Kezka horretatik abiatu zarete?

Norberak bere kezka du, baina hori kezka estandarra da, hein handi batean. Susmo eta behar horietatik abiatu gara. Laguntza praktikoa eskaini nahi dugu. Galderak egin behar dira hor, dena den: Zer da euskara ona? Zer da euskara aberatsa? Euskal Herri filologizatu honetan —eta filologo batek esaten dizu— oso zabalduta dago horren inguruko eztabaida. Gaitasun komunikatiboa zer den azaldu behar da hor. Gaur quality delako hori sartua zaigu leku guztietan, onerako zein txarrerako, eta esan behar dugu hizkuntzaren kalitateaz hitz egitea posible dela. Gure haurrek kalitate hobeko hizkuntza egin dezaten gurasook izan beharko genukeen jarrera da hirugarren ardatza.


Euskaldunok lan gehiago egitera kondenatuta gaude, guraso gisa ere?

Hezkuntzaren atala ere bada hizkuntza. Gurasook, normalean, arduratu egiten gara seme-alaben hezkuntzaz, eta hezkuntzak lana ematen du, benetan nahi badugu seme-alabek hizkuntza ona eta aberatsa izatea; guretzat ere polita da eta interesgarria, baina lana ere bada. Gurasoek bilaketa lana egin behar dute, esaterako, seme-alaben adinetik eta interesetatik abiatuta, euskarazko komikiak, liburuak edo dena delakoak bilatzeko.

Gurasoek hizkera-zuzentzaile lana hartzeak ez du seme-alabeekiko komunikazioa pozoituko?

Eskola inguruan eta parkean ikusten ditut guraso asko zuzentzen ibiltzen direla oraindik ere. Zuzenketa ona da, neurrian eta tentuz erabiliz gero. Seme-alabekin gakoetako bat ez da horrenbeste zuzentzea, baizik eta interakzioa bideratzen jakitea. Elkarrizketaren bidez, asko ikasten da; ez bakarrik edukia, forma ere bai. Ohar gaitezen zer-nolako elkarrizketak ditugun egunero: galderarik probokatzen ote dugu? Pentsaraztea oso ona baita. Entzuten ere jakin behar dugu gurasook, rolei buelta eman eta haiei protagonismoa eman. Bide horiek zuzenketa baino askoz emankorragoak dira.

Zure etxean nola funtzionatzen du horrek?

Nik deformazio profesionala dut, baina, zorionez, nire bikotekidea euskaldun normala da, Euskal Herriak behar dituen horietako bat. Hau da, ez da filologoa, ez irakaslea... euskararekiko atxikimendu normala duena. Umeentzat, hizkuntza eta euskara plastilina bezalakoak dira: jolasteko, esperimentatzeko, ondorioak ateratzeko eta ikasteko. Zuk jolasten baldin baduzu haurrarekin eta hizkuntzarekin, gogo hori transmititzen badiozu, hizkuntza berez aberastuko da.

No comments:

Post a Comment