Sunday 12 February 2012

«Ez da erraza kantu berriak tradizional bihurtzea, baina batzuetan lortu egin dut»

Sean Keane, musikaria.



Emaztearen heriotzak musikaren mundutik urrun eduki du Sean Keane abeslaria hilabeteotan. Euskal Herrian ari da dolua hausten Irlandako kantugintza tradizionaleko ahotsik bereizgarriena.




Sean Keane (Caherlistrane, Irlanda, 1961) Irlandako musikagintzako ahots berezienetako bat da. Berezia eta, eraberean, betikoa, Keaneren bozan uharteko tradizioaren soinu tipikoa eta denboraz gaindikoa entzun baitaiteke. Ez da kasualitatea. Musika eta kantuarengatik aspaldi ezaguna den familia batean jaio baitzen. Dolores arreba Irlandako beste ahots mirestuenetako bat da. Sean Keane Andoainen aritu zen atzo, eta Bilboko BBK aretoan abestuko du gaur, 20:00etan.

Neguko irtenalditxoa egin duzu Euskal Herrira?

Bai. Bi emanaldiok egitera atera naiz, eta gero Irlandara itzuliko naiz. Fergus Feely belfastar mandotxelo jotzailearekin eta Pat Coyne gitarristarekin etorri naiz. Normalean egiten ez dugun ikuskizuna taularatuko dugu. Irlandako abesti tradizionalak eta Ameriketako Estatu Batuetako kanta batzuk.

Azken diskokoak abestuko dituzu, edo Sean Keanen onena-ren antzeko ikuskizuna izango al da?

Beti nahasten ditut hainbat garaitan grabaturiko kantak. Emigrazioaren inguruko An Irish Scattering diskoko abestiak joko ditugu, baina baita beste diskoetakoak ere.

Zure kantugintzan tradizioak sekulako pisua du. Halako familian jaio izan ez bazina, beste mota bateko musikaria izango zinateke?

Ziurrenik ez nintzen musikaria ere izango. Lanbidez, ingeniaria nintzen. Horretan lan egin nuen gaztetan. Gauean kantuan aritzen nintzen klubetan. Baina ezin nuen jarraitu egunez ingeniari eta gauez musikari; beraz, unea heldu zen bietako bat baztertzeko. Musika jotzen jarraitu nuen.

Tradizio hori ez duzu inoiz zama gisa sentitu? Hori gabe zure zerumuga zabalagoa izan zitekeela?

Irlandako tradiziotik harago joaten saiatu naiz. AEBetako musika jo izan dut, Bob Dylanen kantak, Irlanda edo Ingalaterrako kantu garaikideak... Halere, tradizioa ez dago geldirik, beti ari da garatzen. Etengabe ari dira aldatzen tresnak, akordeak, melodia estiloak... Eta, halere, oro har, beti generoaren barruan.

The Man from Connemara adibide gisa jarri izan duzu. Abesti berria da, baina edozein unetan, oraintxe bertan ez bada, kantu tradizional gisa hartuko da. 

Hala uste dut. Ez da batere erraza, baina batzuetan lortu izan dut kantu berriei betikoen kutsua ematea eta tradizional bihurtzea. Abestiaren araberakoa da. Gustukoa izan behar dut, eta abesteko gogoa piztu behar dit. Hala bada, orduan hasten da gozamena.

Irlandako Caruso esan izan dizute, baina baita Dolores Keanen anaia ere. 

Norberak nahi duena entzuten du nire ahotsean, baita neuk ere. Nahi duten bezala dei nazakete, lasai asko. Carusorena losintxa handia da. Jarrai dezatela hori esaten. Doloresen anaia naizela begi bistakoa da. Gainera, arreba ni baino lehenago hasi zen musika munduan profesional gisa. Hark ere kontrakoa entzuten du batzuetan.


Denbora asko daramazu estudioan sartu gabe. Grabatzen ari al zara?

Oraingoz ez, baina litekeena da aurten hastea. Ezin dut gehiago kontatu. Azken bi urteotan musika mundutik urrun egon naiz, emaztea gaixotu zelako. Iaz hil zen, azkenean. Nire managerra zen. Itzultzen hasi naiz orain.

Ingeniari lana utzi izanaz damutu al zara inoiz?

Ez. Oraindik egiten ditut gauza batzuk auzoentzat eta neure buruarentzat; altzairuzko lantxoak. Eta, egia esan, horrek ez du inongo zerikusirik musikarekin.

No comments:

Post a Comment