Thursday 9 February 2012

«Musikak interes guztia galdu zuen 1975. urtetik aurrera"

Edu Basterra, musikaria.





Edu Basterrak (Bilbo, 1959) 35 urte daramatza musikaren munduan, eta ia denetik egin du: abestu, hainbat tresna jo, ekoitzi, moldaketak egin. Batzuetan Teddy Baxter ezizenez, besteetan bere izenez. Ruper Ordorikarekin, Juan Carlos Perezekin eta Pat Methenyrekin aritu da, eta baxu elektrikoarekin lagundu dio Luciano Pavarottiri.

Bere musika kutunari berriz heldu nahi dio orain. 1970eko hamarkadaren hasierako glam-rockari, alegia, ez nostalgiarengatik, baizik eta kalitatea nahi duelako.






Glam hitza entzun, eta batzuk urduri jartzen hasten dira, burura etortzen zaizkielako ileorde ikusgarriak eta praka estu distiratsuak. Zuk ez duzu oso glam ematen.

Ez dut inongo asmorik oinetako plataformadunak janzteko, litekeena delako agertokian erortzea. Gaztetxoa nintzenean entzuten nituen talde haiekin identifikatzen naiz. 12 urte nituenean, halako musika entzuten zen billar tokietako disko-jogailuetan. Estilo hartako taldeen artean, errepertorio azkar bat osatzeko moduko taldeak bilatu ditugu kontzertu hauetarako. T. Rex hartu dugu, Alice Cooper, Status Quo, Slade... Zortzi kanta prestatu ditugu, oso ezagunak, jendeak berehala harrapa ditzan.

Nostalgia ariketa bat da, edo zer edo zer erakutsi nahi diezu gazteagoei?

Ez da nostalgia. Nik 1970eko abestiak entzuten ditut orain, eta sekulako soinua dute. Oraindik balio dute. Gazteek ezagutu egin behar dute hori. Oraingo musikaren soinu ikusgarriarekin liluratuta gaude, baina horrek hasieran baino ez zaitu txunditzen. Musikari askok esaten didate orduko soinua askoz nahiago dutela.

Lehen ere esan izan duzu 1970eko hamarkadaren erditik aurrera musika erabat eskastu zela. Zergatik?

Ordura arte, arteak eta musikariek askoz pisu handiagoa zuten beren lanaren inguruko erabakietan, baina, 1974tik aurrera, negozioak aurrea hartu zien. Nire gusturako, musikak interes guztia galdu zuen 1975 inguruan. Noski, gero Police, The Clash eta antzeko talde onak ere sortu ziren, baina oro har ari naiz.


Honezkero, irakurle gehienek biniloak jartzen irudikatu zaituzte, balbulazko anplifikadore batekin entzuteko. Topikoa egia al da?

Ez. Aspaldi apurtu zitzaidan disko-jogailua, eta ezingo nizuke esan binilozko disko batek CD batek baino soinu hobea ote duen. CDetara ohitu naiz, eta orain sekulako nagia emango lidake hogei minutuan behin jaikitzea diskoari buelta emateko. Nik aro guztiak bizi izan ditut: balbulazko anplifikadoreak, transistoreak eta sintetizadoreak... Halere, seinale ona da jendeak vintage soinua bilatzea: batez besteko gustua hobetu dela esan nahi du.

Zortzi kanta glam, eta, gainerakoak, zeure azken piezak. Alde ederra dago, horiek oso soilak baitira.

Bai. Gauza soilak egin nahi izan ditut azken boladan, neuk gitarra soil batekin taberna batean jotzeko modukoak. Sekulako gogoa nuen amak behingoz nire kantaren bat gogoko izateko, bat bera ere ez baitzuen gustuko. Oso konplexua iruditzen zitzaion nire musika.

Rock sinfonikoa berreskuratzen hasiak gara?

Hala bedi. Guztiz ahaztuta eta baztertuta egon da genero hori. Mespretxuz begiratzen zizuten rock sinfonikoa egiteagatik. Nik maite dut sinfonikoa, benetako musikariak zeudelako hor. Trebetasun handiagoa behar zen hori sortu eta jotzeko. Rocka, bluesa eta popa edonork jo dezake; sinfonikoa ez.

No comments:

Post a Comment