Thursday 8 March 2012

«Ez dago femimismoaren laugarren olatu antolaturik, baina badira hainbat surflari»

Lourdes Mendez, antropologoa.

Lourdes Mendez (Donostia, 1957) artearen antropologia katedraduna da EHUn. ¿Tiene sentido seguir hablando de género en el arte en el siglo XXI? (Zentzurik ba al du artean generoz hitz egitea XXI. mendean?) mahai ingurua bideratuko du gaur. Xabier Arakistain arte komisarioa eta Carmen Calvo artista izango ditu aldamenean.



Gaur zuzenduko duzun mahai inguruaren izenburua ez al da xelebre xamarra? Arte feminista XX. mendeko kaxoira bidaliko dugu, ala?

Nik ez dut galdera jarri, eta nik ez nuke horrela egingo. Eskatu egin zidaten mahai ingurua bideratzea galdera horrekin. Nik beste galdera hau egingo nukeen, ziur aski: Zein toki dauka artearen teoria feministak XXI. mendeko artean? Bistan da ez duela beste galderarekin zerikusi handirik.

Izan ere, esan daiteke feminismoa dela, hain zuzen ere, artea apur bat bizkortzen ari den mugimendu bakanetakoa mende hasiera honetan?

Artea, feminismoak eta bien arteko harremanak mugitzen duen jendea badago, alde batetik. Beste alde batetik, hasi gara herrialde honetan poliki-poliki jakiten badela arte feminista historikoa, mugimendu feministaren hirugarren olatuarekin lotutakoa, hau da, 1970eko hamarkadako olatuarekin. Horretaz konturatzeko aukera paregabea eman zigun Xabier Arakistainek Bilboko Arte Eder museoan antolatu zuen Kiss Kiss Bang Bang: arte eta feminismoaren 45 urte erakusketan. Arrazoi historikoak daude horren geldo ibiltzeko, herrialde bat ez baita kalterik gabe ateratzen 40 urteko diktadura batetik.

Artista feministek sinergia sortzen dute mugimendu feministarekin, edo artistei askotan leporatu bezala euren bolizko dorrean bizi dira?

Kezka handia da hori. 1970eko urteetan sinergia handia zegoen artista eta ekintzaileen artean. Gauza bera gertatzen zen antropologian edo soziologian. Orain, asko lausotu da mugimendu feministaren agerraldi publikoa Euskal Herrian eta beste leku batzuetan, eta horren gainean jarri dira berdintasunaren alde ari direla dioten erakundeak. Ondorioz, lehertu egin dira erreferenteak, eta askoz zailagoa da elkar elikatzea.

Feminismoaren laugarren olatuaren beharra planteatu duzu.

Feminismoa ezin da erakundeen genero politiketan zokoratuta gelditu. Sortuko balitz, olatu horrek feminismoan interesa duten emakumeak eta gizonezkoak bateratu beharko lituzke berriz talde gisa, dagoeneko lortu denetik harago joateko. Benetan eskubide berdintasuna lortzeko borroka gisa ulertzen badugu feminismoa, orduan borroka politikoa da eta denok sartzen gaitu tartean.

Xabier Arakistain da laugarren olatu horren adibide bat?

Arazoa da ez dagoela laugarren olaturik, zoritxarrez; ez, behintzat, antolatua. Zorionez, badira hainbat gairen inguruan biltzen saiatzen diren surflariak, taldeak eta lan feminista, baina ez 1970ekoa bezalako olatu antolaturik.

Erakundeetako berdintasun sailak atzera egiten ari direla uste duzu?

Atzera egiten ari gara maila askotan, eta krisiaren aitzakian bueltaka ari gara etengabe. Esaterako, tristea da aurtengo Martxoaren 8rako erakundeek hausnarketa gai gisa planteatzea emakumeak eta krisia, emakumea eta ekonomiaren gaia duela 40 urte dagoelako mahaiaren gainean. Harritu egin ninduen proposamen hori ikusteak: lan berdina, soldata berdina leloa klasikoa da aspaldi. Krisiak bazegoena larriagotu egin du, besterik ez.

No comments:

Post a Comment