Wednesday 7 March 2012

«Trantsizioaren analisi kritikoa, beldurrik gabekoa, egiteke dago zinemagintzan»

Iñaki Pinedo, zinemagilea.

Pinedo, ezkerrean


Iñaki Pinedo zinemagileak (Bilbo, 1960) memoria historikoari dedikaturiko trilogia osatu du: Los otros Guernicas, El hombre que murió dos veces eta La escuela fusilada. Frankismoaren aurkako azken makiaren ingurukoa da bigarrena, eta zigorturiko irakasleei buruzkoa hirugarrena.



Hasieratik zenuen trilogia bat egiteko asmoa, edo berez sortu da horrela?

Horrela sortu zen. Aldizkari batentzako erreportaje bat egin nuen azken makien inguruan. Informazio izugarria aurkitu nuen, eta ekoiztetxe bati dokumentala egitea proposatu nion. 1999. urtea zen, eta orduan oso zaila zen memoria historikoaren inguruko gaiak jorratzea. Askotan pentsatu genuen ez genuela izango dokumentala bukatzerik. Ez genuen inongo laguntza edo dirurik, eta lekukoek hitz egiteko beldur ziren.

Azken hamar urteotan hori aldatu egin dela uste duzu?

Bai. Beste dokumentalak egiterakoan sumatu dugu jendeak gogo handiagoa zuela kontatzeko, sostengu handiagoa sentitzen zuelako. Memoria Historikoaren Legea motz geratu da, baina aurrerapausoa izan da. La escuela fusilada dokumentalean, esaterako, 92 urteko pertsonen lekukotasunak ditugu. Biharko emanaldian, Hilda Farfante irakasle zigortua izango dugu Bilbon. Gurasoak irakasle zituen, eta bera haurra zela fusilatu zituzten. Sekulako indarra du emakume horrek.

Lekukoak hiltzen ari direla eta, arrazoizkoa dirudi lehentasuna dokumentalari ematea, baina fikzioaren aldetik nahikoa egin al da?

Fikzioak aurrerapausoa egin behar du orain, Pa negre film zoragarriaren harira, gerra ostearen eta trantsizioaren kontraesanak sakonago ikertzeko. Ikerketa lan ona eginez gero, fikzioak joko handia ematen dizu. Estatubatuarrek oso ondo egin dute hori, oinarri historikoa duen zinema beltzarekin. Hemen oraindik egiteke dago lan hori.

Azken boladan egiten ari dira trantsizioaren inguruko dokumentalak eta fikzio lanak, baina oraindik ere beti interpretazio ofiziala indartzeko asmoarekin. Irakurketa kritikoa egiteko prest zinateke?

Oso eremu interesgarria iruditzen zait, baina finantzaketa beti izan da zaila gai hauetarako, eta are zailagoa izango da oraingo kultura eta hezkuntza agintarien adierazpenak entzunda. Trantsizioaren analisi kritikoa, beldurrik gabekoa, egin gabe dago zinemagintzan. Beste herrialdeetan hobeto egin dute hori; Alemanian, esaterako, nazismoaren, kolaborazionismoaren eta Ekialdeko Alemaniaren gaiarekin. Beste herrialdeetan ausartago jokatzen dute gai hauetan.

Zinemagilea izateaz gain, irakaslea ere bazara. Filmekin egiten duzun lana zure ikasleekin memoria historikoa lantzeko bide gisa ikusten duzu?

Gizarteak, oro har, ez baditu gaiok ezagutzen, gaztetxoek are gutxiago. Batzuek duten informazioa, gainera, erabat okerra da: batxilergoko bigarren mailako askok uste dute demokratikoki hautaturiko errepublika diktadura bat izan zela, esaterako. Ez dakite historiaren oinarrizko osagaien berri. Nik erakutsi egiten diet dokumentalok, eta oso deigarria suertatzen zaie kontatzen dutena gertatu egin zela jakiteak. Beraiek kontu horiek zergatik ez dakizkiten galdetzen didate.

No comments:

Post a Comment