Friday 20 May 2011

«Txalaparta ezinbestekoa izan zitzaigun Pekinen, auzoekin komunikatzeko»

Laurita Siles, artista


'Txalamobil herriz herri' ekimenean murgilduta dabil artista marbellatarra. Getxon hasi eta Hernaniko Txalaparta Festan amaituko du Edurne Gonzalezekin batera gauzaturiko abentura.
Laurita Siles 1981. urtean jaio zen, Marbellan (Andaluzia, Espainia). Baina jaioterria aipatu bezain pronto argitu du «Miraflores auzokoa» dela. Bilbon euskaldundu zen, eta han ikasi zuen txalaparta jotzen. Edurne Gonzalezekin batera Komando Trini arte taldea sortu zuen, Pekinen. Txalamobil asmakizunarekin beste abentura bati ekin zion asteazkenean. Algortako portu zaharrean hasi (Getxo, Bizkaia) eta Hernanin asteburuan egitekoa den 25. Txalaparta Festara herriz herri joatea: Plentzia, Bermeo, Lekeitio, Ondarroa eta Usurbil barrena, besteak beste. Gaur Lekeition izango dira.

Nola heltzen da marbellatar bat txalapartari izatera?

Betidanik izan dut interesa musika tresna tradizionaletan. Horrez gain, Arte Ederretan egiten ari naizen tesia folklorearen ingurukoa da, hein batean. Euskal Herrira heldu nintzen 2003. urtean, eta etortzeko arrazoietako bat txalaparta jotzen ikasi nahi nuela zen. Marcel Duchampek esan zuen artista gizarteari opariak egiten dizkiona dela, eta nik ere jaso dudanaren ordaina eman nahi dut orain. Txalaparta guretzat ez da objektu bat, baizik eta jarrera sortzaile eta osasungarri bat, gordetzeko eta sortzeko.

Andaluziako folklorea hein handi batean merkantzia kitsch bihurtu dutelako interesatzen zaizu gaia?

Andaluziako folklorea manipulatu egin dute XIX. mendetik, Espainia irudikatzeko. Horrekin kontrastean agertzen zaigu Euskal Herriko folklorea. Hemengoa ere manipulatu egin zuten frankismoan, halere. Eliza katolikoak bietan izan duen eragina ere interesgarria da. Folklorea arte garaikidean nola erabiltzen den aztertzen ari naiz tesirako, hau da, artistek nola baliatzen diren horretaz nortasunaz hitz egiteko, mundializazioan murgilduta gaudenean. Andaluziaren nortasuna handik pasatu diren feniziar, kartagotar, erromatar, musulmanen nahasketaren gainean eraiki da. Euskal Herrian, berriz, hizkuntza misteriotsu eta jatorrizkoaren gainean. Izugarri polita da bi jarrera horiekin batera lan egitea.

Txalamobila Pekinen asmatu zenuten, eta Madrilen ere atera duzue kalera. Nola hartu dute leku bakoitzean?

Judas Arrietaren estudioan izan ginen, Pekinen, eta han auzoan mugitzeko erosi genuen gurdikletatik sortu genuen txalamobila. Auzoekin komunikatzeko erabiltzen genuen. Jotzen hasi eta berehala izaten genuen jende asko inguruan. Zaila izaten zen haiei ulertaraztea txalapartak besteari entzutea eskatzen duela, elkarrizketa bat dela. Baina hori ere haiekin komunikatzeko modu bat zen, txalamobilarik gabe posible izango ez zena.

Asteazkenean ekin zenioten oraingo birari. Jendeak parte hartzen al du?

Alderdiren batekoak ote ginen galdetu digute. Gu ez gara musikariak, artista plastikoak baizik, baina elkarrizketa sortu dugu gurekin jo nahi dutenekin. Gure asmoa bideo bat egitea da, sail bat, eta gero herri horietara itzultzea erakustera.

Artze anaiek atera zuten txalaparta ahanzturaren ganbaratik 1970eko hamarkadan. Orain, aski arrunta bihurtu da. Garaiz al gaude kitsch bihurtzea galarazteko, ala beranduegi da?

Bertsolaritzarekin bezala egin behar da hori galarazteko. Eboluzioa eta sorkuntza behar ditugu, baina maitasunarekin eta zintzotasunez. Izan ere, adierazpide bat ez atzera eta ez aurrera gelditzea galtzeko beste modu bat da.

No comments:

Post a Comment