Thursday 26 May 2011

«Zientzialariek asko hitz egiten dizute euren lanaz, finantzabide bila badabiltza»

Pere Estupinya. Zientzia dibulgatzailea


Biokimika doktoretza alde batera utzi, eta zientzia zientzialari ez direnei azaltzeko lanean murgildu zen. Munduko garunik interesgarrienak zertan ari diren azalduko du gaur Bilbon.
Pere Estupinya ( Tortosa, Katalunia, 1974) kimikaria eta biokimikaria da, baina azken urteotan zientziaren dibulgazioan ari da. Massachusettsko Teknologia Instituan (MIT) urtebete eman zuen 2007an, eta han puntako zientzialariak ezagutu zituen. Esperientzia El Lladre de cervells (Garunen lapurra) liburuan kontatu zuen. Gaur, zientzia komunikatzeko eredu berriez mintzatuko da, 19:00etan, Bizkaia Aretoan, Bilbon.

Damutu al zara inoiz genetikaren inguruko doktoretza utzi izanaz?

Bai. Hainbatetan pentsatu izan dut zientziara itzultzea. Aspaldi honetan ez, ordea. Dibulgazioarena oso polita da, baina zaila, ekonomia aldetik batez ere. Izan ere, ez duzu zentimorik ere kobratzen. Orain ondo doakit, beste gauza batzuk ere egiten ditudalako. Hasieran abentura gisa hartzen duzu. «Ondo pasatuko dut» esaten nuen. Baina Knight diru laguntza eman zidatenean AEBetara joateko, «eta laborategira itzultzen banaiz?» pentsatzen nuen.

Ziurrenera, MITen lan liluragarria egiten duten punta-puntako zientzialariak ezagutu zenituelako. Baina zientzialarien %99k askoz lan aspergarriagoak egiten dituzte. Ez da ala?

Noski. Nik zientziaren zati txiki batez mintzo naiz. Inork ez du erdipurdiko museo edo film bat ikustera joan nahi, denok nahi dugu hoberena ikusi. Erdipurdiko zientzia asko ere badago.

Egia al da erdipurdiko zientzialariek euren lana ezkutuan gordetzeko askoz joera handiagoa dutela puntakoek baino?

Zientzialariek asko hitz egiten dizute euren lanaz, finantzabide bila badabiltza. Aurkikuntzen inguruan hedabideek gehiegikeriak zabaltzen dituztela diote zientzialariek, baina ez da egia. Beraiek botatzen dituzte sekulakoak, dirua behar dutenean. Gogoratzen zelula amen kontua? «Honek dena sendatuko du», esaten zuten, «dirua behar dugu». Gero, dirua lortu ondoren, berehala hasten dira esaten «ez pentsa hau hedabideek dioten bezain erraza izango denik».

Ikusi dituzun zientzialari eta egitasmoen artean, zeinek eragin dizu zirrararik handiena?

Ni neurozientziak liluratzen nau. Orain hainbat teknika daude garuna inoiz ikusi gabeko moduetan ikusteko. Beti galdetu diogu geure buruari gure portaeraren inguruan, eta neurozientzia asko ekartzen ari da orain. Liluratu ninduen 96 urterekin Harvardeko laborategian lanean jarraitzen zuen Paul Zamecnik biokimikariak. Harritu egin nintzen MITen argindarra kablerik gabe garraiatzeko sistema erakutsi zidatenean.

Baina hori ez al zen Nikola Teslaren ideia zaharra?

Bai, baina orain hasi dira hori gauzatzen. Han duzu kablerik gabe pizten den bonbilla. «Hara!», esan nuen ikus nuenean. Berriz esan nuen hori, Shinya Yamanakak erakutsi zuenean bihotzeko zelula bat taupaka. «Duela sei hilabete, azaleko zelula bat baino ez zen», esan zuen. Berriz programatu zuen, bihotz zelula bihurtzeko. Liluragarria da.

Azken 100 urteotan bezainbeste harrituko gaitu zientziak mende honetan?

Espero ez dugunak harritzen gaitu. Badakigu hiesaren txertoa topatuko dutela, horrek ez gaitu harrituko. Azkurarik ez duzun tokian hazka egitea, hori da nire metodoa. Hau da, berez deigarria ez den leku batean ikertzen hasten zara, eta orduan hasten da interesgarri jartzen.

No comments:

Post a Comment