Thursday 12 April 2012

«Aditu independenteek ikertu beharko lukete Iñigo Cabacasen auzia»

Carlos Villan, nazioarteko zuzenbide irakaslea.



Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen inguruko ikertzailea izan da urte luzez. Bilbon Ertzaintzaren hilketak eragindako samina ikusi du, eta Bakerako Giza Eskubideaz mintzatuko da gaur Donostian.

Carlos Villan (Campo de Caso, Espainia, 1950) Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Egitasmoko ikertzailea izan da 23 urtez. Estrasburgoko Nazioarteko Giza Eskubideen Institutuko kide eta irakaslea da. Bakerako Giza Eskubidea, pertsonen eta herrien eskubidea hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Donostiako Bakearen Etxean.

Bakerako giza eskubidea. Victor Jararen kanta batetik ateratako ideia dirudi, baina zuek nazioarteko legedian sartzeko lanean ari zarete. Baduzu azaltzerik?

Gizakiek eta herriek bakean bizitzeko giza eskubidea dute. Ideia hau berrikuntza da nazioarteko zuzenbidean. Mundu mailako kanpaina abiatu dugu hori bultzatzeko. Bakea balio unibertsal bat da, morala, filosofikoa edo politikoa, baina oraindik ez du lege kategoriarik, eta ez da giza eskubide gisa hartu. Horren inguruko deklarazioa idatzi dugu, bakerako giza eskubidearen arauak zehazteko. NBEra eraman dugu, eta horretan lanean ari gara Genevan, azken urteotan. Badugu deklarazioaren lehen testu proposamena.

Herrien giza eskubideez ari zara. Euskal Herriko egoeran ere azalduko duzu bakerako eskubidea?

Euskal Herriko gaurko gatazka gainditzeko erabilera praktikoa du bakerako giza eskubideak. Herriek autodeterminazio eskubide sakratua dute, hemen, erabakitzeko eskubidea deitzen duzuena. Nazioarteko zuzenbidearen zutabeetako bat da, eta Euskal Herriari onartu beharrekoa, beste giza eskubideak bezala. NBEk sentikortasun handia du horretaz, eta horren froga argia da Kofi Annan idazkari nagusi ohiak Aieteko Nazioarteko Konferentziako presidente izateko bere burua eskaini izana.

Bilbon izan zara egunotan, hau da, Ertzaintzak Iñigo Cabacas gaztea hil berri duen hirian. Bakerako giza eskubidearen bultzatzaile gisa, nola ikusi duzu gertatutakoa ?

Gizartean sumaturiko larritasunak kolpatu nau ni ere. Ez da normala halakorik gertatzea zuzenbide estatu batean, eta, gertatzen bada, neurriak hartu behar dira berehala, maila guztietan, politikoan, epaitegian, diziplina aldetik... Erantzukizuna bere gain hartu behar dute, eta errudunak zigortu. Hau da, ertzain bat badabil arduragabeki herritarrei kalean pilotak jaurtitzen 20 metrora, ertzain horrek ezin du lanean jarraitu: zigortu egin behar dute, eta epailearen aurrera eraman.

Halakoetan ohiko paradoxa agertzen zaigu: ikertuari ematen diote bere burua ikertzeko lana. Ezingo al luke nazioarteko erakunde batek bere gain hartu ikertzeko ardura?

Zigorgabetasuna ekartzen du askotan egoera horrek, Poliziak berak egiten duelako ikerketa. Nazioarteko zuzenbideak eta erakundeek gomendatzen dutenari jarraikiz, aditu independenteek ikertu beharko lukete auzia. Nik horrela gomendatuko nioke Herrizaingo sailburuari. Zoritxarrez, Espainian ez da halako batzorderik sortzen, nahiz eta ezinbestekoak izan. Estatuak nahastu egiten ditu ikerketa horiek eta epaileek egiten dutena, fede txarrez nahastu ere, nire ustez. Epaileen ikerketa beste gauza bat da. Batzorde horiek administratiboak izan behar dira, eta erantzukizunak argitu behar dituzte, epaile batek erabakia hartu baino askoz lehenago.

Espainiako Gobernuak iragarri du lege bat prestatzen ari dela Internet bidez manifestatzera deitzen dutenei «erakunde kriminal bateko kide» izatea egozteko.

Penagarria iruditzen zait. Oinarrizko giza eskubideen kontra doala ematen du lehen bistadizoan: Espainiako Konstituzioak zein nazioarteko legediak aintzat hartzen dituen adierazteko, biltzeko eta elkartzeko eskubideen kontra. Pixka bat hobeto azaldu beharko dute.

No comments:

Post a Comment