Wednesday 4 April 2012

«Ez dugu ulertzen zergatik ez zaizkien interesatzen ibaiak euskaldunei»

Anja Bernecker, erreka garbitzailea.

Bernecker, ezkerrean, Urumea ibaian eginiko saioan.

Alemaniar batek eta danimarkar batek ibai bazterrak garbitzeko boluntario talde bat sortu dute, plastiko eta bestelako zikinkeriekin harrituta. Urumearekin hasi dira, baina Oriari ekingo diote laster.

Kanpotik etorriko dira, eta ibaia garbituko dizute. Esaera zahar berri bat asmatu beharko da Anja Bernecker (Munich, Alemania, 1979) eta Danimarkako haren kide Malou Henricksen Euskal Herrian egiten ari direna laburbiltzeko. Gure erreketan pilaturiko zikinkeria ikusita, garbitzeko boluntario talde bat osatu dute, Donostiako teknologia parkeko hainbat lankiderekin. Hurrengo saioan, larunbatean, apirilak 7, Urumea garbitzen jarraituko dute, Martutene parean (Donostia), 11:00etatik aurrera: Urgarden .

Euskaldunak beti mendi tontorrari begira ari gara, eta ez dugu ikusten erreka zuloan dugun zaborra?

Debara [Gipuzkoa] joan ginen aurreko batean Euskotrenen, eta Oria ikusi genuen. Bagenekien zaborra zegoela uholdeengatik, baina badira hilabete batzuk. «Zergatik dago oraindik zaborra hemen?», esan genuen; «badirudi inork ez duela garbitzen». Malouk natura garbitzeko talde bat zuen Danimarkan, eta berak proposatu zuen gauza bera egitea hemen. Badakigu hemen jende asko oso harro dagoela herrialdeaz, eta ez dugu ulertzen zergatik ez zaizkien interesatzen ibaiak.

Lana egiteaz gain, jendea ezagutzeko eta ongi pasatzeko modua da hori zuentzat?

Ez gara muturreko ekologistak. Maite duguna egiten dugu: kanpoan aritu, eguzkitan, solasean, sagardoa edan, hemengo jende gehiago ezagutu...

Hurrengo euriteekin dena berriz zikin geratuko dela jakiteak ez al dizue nagia ematen?

Lan hau ez da bizpahiru hilabeterako: urteetarako lana da. Jendea biltzen bada, errekan gora garbi dezakegu. Asko bilduz gero, hurrengo uholdeetan ez da horrenbeste zikinduko. Garrantzitsuena hastea da. Zer edo zer nahi badugu, orain ekin behar diogu. Gero gerokoak.

Horretan laguntzeko, informazio ona jasotzen ari zarete orain. Zer zabor mota aurkitu duzue?

Interesgarria da, esaten digulako dena ez dela uholdeekin etorri. Zuhaitzetako plastikozko poltsak bai, baina gero gauza handiak daude: telebistak, mahaiak, aulkiak, pneumatiko asko... Horiek guztiak jendeak botatakoak dira. Jakiten badute hemen gabiltzala garbitzen, agian, jokabidea aldatuko dute.

Ikusi eta ikasi. Duela gutxi hasi zarete, baina espero al duzue ekinbide hau beste ibai eta herrialdeetara zabaltzea?

Urumearekin hasi gara, harremana dugulako udalekin, eta laguntza eman digutelako Hernanikoak eta Donostiakoak: edukiontziak utzi dizkigute zaborra biltzeko, eta eskularruak. Asmoa dugu Oriarekin hasteko; harremanetan gaude Andoainekin eta Usurbilekin. Beste herrialdeetatik oraindik ez da jarri inor gurekin harremanetan. Guretzat garrantzitsua da jende asko biltzea taldean, luzera begira. Horrela ez dugu zertan beti berberek lan egin beharko. Larunbatean Martutenen arituko gara, itsas beherarekin.

Herritarrak arazoaz ohartarazteaz gain, herri administrazioak ere lotsagorritu nahi dituzue? Azken batean, haien lana egiten ari zarete.

Gai garrantzitsua da hori. Guk nahi dugulako egiten dugu, baina arduradunak badaudela uste dugu; Eusko Jaurlaritza, esaterako. Udalek, behintzat, lagundu egiten digute. Ez dakit nor den erantzulea, eta ez dakit zergatik ez duten lan hau egiten. Agian, honetaz asko irakurtzen hasten badira, ikusiko dute lana ez dela horren zaila.

No comments:

Post a Comment