Tuesday 24 April 2012

«EAJk beldurra dio kulturari, ez duelako bere aldeko kultur jenderik edo intelektualik»


Pedro Elias Igartua, musikan aditua.


Argazkilaria: Iñigo Azkona / ARGIA
'Zentsura musikan' hitzaldia emango du gaur irakasle eta irrati esatariak, Bilbon. Gaur, teorian, zentsurarik ez dagoen arren praktikan badagoela dio, eta adibide ugari jarriko ditu hori frogatzeko.
Pedro Elias Igartua (Bilbo, 1956) urte asko daramatza musikaz informatzen, hainbat hedabidetan. Azken urteotan, Soinugela saioa egiten du Bilbo Hiria irratian. Zentsura musikan hitzaldia emango du gaur, 18:30ean, Bilboko Kafe Antzokian.

Musikagintza bezain zaharra da zentsura?

Eskoziak independentzia galdu zuenean, gaita debekatu zieten. Horrek mouth music ekarri zuen: gaitarako doinuak ez galtzeko, hitzak erabili gabe, ahoarekin egiten zituzten. Gaurdaino irauten du estilo horrek. XVII. mendean, Ingalaterran puritanoek musika eta antzerkia debekatu zituzten. Zentsura kantagintzan beti egon da erlijioarekin edo politikarekin lotuta. Zentsura eta debekua beti da tentazioa boterea duenarentzat, izan ministro bat, polizia bat edo hedabide bateko zuzendaria. Beti egongo da zentsura, eta beti egongo da haren kontrako borroka.

Halere, Euskal Herriko adibideak aipatuko dituzu gehienbat.

Frankismoko debekuek, esaterako, zentsura izateaz gain, ez zuten logikarik. Kanta batzuk irratian jar zitezkeen, baina debekatuta zeuden zuzenean jotzeko, edo alderantziz. Benito Lertxundiri kantu bat debekatu zioten. Izena aldatu, eta berriz aurkeztu zuen kantu bera, eta onartu egin zioten. Mikel Laboak ere arazoak izan zituen. Azken urteotan ez pentsa zentsura galdu denik. Anje Duhalde, esaterako, Bizkaiko Foru Aldundiaren Herriz Herri zirkuituan zegoen, eta kanporatu egin zuten, kontzertu batean erreferentzia politiko bat egiteagatik. On Thomas kantuarekin erantzun zuen berak, Tomas Uribe-Etxeberriaren kultur arduradunarengatik. Ez diote inoiz barkatzeko eskatu eta debekua sinatu zuena, Jose Luis Bilbao, diputatu nagusia da orain.

Halere, zentsura kultur adierazpide baten indarra neurtzeko tresna izan daiteke, negatiboan bada ere. Hau da, musikariak zentsuratzen jarraitzen badute, musikak oraindik indarra duela esan nahiko du.

Bai, seinale txarra litzateke zentsurarik ez egotea artean, eraginik ez daukala esan nahiko lukeelako. Gaur, teorian, ez dago zentsurarik, baina praktikan, bai. Telebistan ez agertzea, esaterako. Agian, irratietan edo egunkarietan ez dago hainbesteko zentsurarik, baina telebistan, bai. Pete Seegerri gertatu zitzaion ABEtan, 1950eko hamarkadako Sorgin Ehizan. Kartzelan sartu zuten, eta pare bat hilabeteren buruan aske utzi zuten, baina 14 urte egon zen AEBetako telebista bakar batean ere agertu gabe. Hori, artistikoki, heriotza zigorra da. Euskal musikariei ere gertatu zaie hori. Noiz agertu dira Espainiako telebistan?

Eta Euskal Telebistan?

Zer esparru egon da ETBn geure musikarako, edo antzerkirako, edo literaturarako? Lotsagarria da. Garai batean ematen zuen Katukale saioak zer edo zer egingo zuela. Bada, talde osoa desegin zuten. Hortik aurrera zer egon da? Kontzerturen bat grabatuta. Kultura arriskutsua da.

Politika prebentiboa da, agian. Ez badago halako saiorik ez duzu inor zentsuratu behar.

ETB jeltzaleen eskuetan egon ohi da. Zeintzuk dira EAJren intelektualak? Amatiño edo, ez dakit. Ez dago euren aldeko kultur jenderik edo intelektualik, eta mesfidantza handia dute. Merkatariekin sentitzen dira gustura, baina kulturari sekulako beldurra diote. Kirol mundua ez da horren arriskutsua, eta hori nahi beste duzu ETBn. Kalte handia egin dio horrek Euskal Herriko kulturari.

No comments:

Post a Comment