Thursday 19 April 2012

«Norbaitek esan dezake oraindik Espainiako ereduak balio digula?»

Katu Arkonada, Boliviako Gobernuaren aholkularia.
 
 

'Bienvenidos a tiempos interesantes' liburuan, Slavoj Zizek pentsalariaren testuak bildu ditu politologo barakaldarrak, eta Hego Amerikako irakaspenak Euskal Herrira ekarri ditu.
Katu Arkonada (Barakaldo, Bizkaia, 1978) Politika Publikoetako diplomaduna da, eta ikertzaile ibili da Bolivian. Azken hilabeteotan, Evo Moralesen Gobernuko Plangintza Estrategikoko Ministeriordeko aholkularia izan da. Bienvenido a tiempos interesantes! liburua argitaratu du Txalaparta argitaletxearekin. Slavoj Zizeken testuak bildu dituzte, Arkonada beraren hitzaurre batekin eta Imanol Galfarsoro filosofoaren epilogo batekin. Gaur aurkeztuko dute lana, 10:30ean, Bilboko Elkar liburudendan (Poza, 14).

Nola sortu zen liburu hau?

Boliviako Gobernuko presidenteordetzarekin gonbidatu genuen Zizek duela urtebete, haren ideiak eztabaidatzeko, baina Boliviako ikuspegitik. Bere testu batzuk eman zizkigun, gaztelaniaz argitaratu gabeak. Lan hau orain arte soilik Bolivian argitaratu da, eta ez da merkaturatu oraindik.

Zoriona opa nahi dizutenean, «bizi ez zaitezen garai interesgarrietan» esaten dizute txinatarrek.

Garai zail honek, egiturazko krisiak, ekintza politikorako aukera ematen digu. Euskal Herrian eta Europan orain ditugun eta laster izango ditugun egoerak dagoeneko pairatu izan dituzte Bolivian. Krisi sakon horretatik, une interesgarri horretatik, lortu dute egitasmo politiko bat sortzea, eta agintera heltzea. Euskal Herrirako ondorio asko ateratzen uzten digu horrek.

Osasun arloaren eta hezkuntzaren pribatizaziorako lehen urratsak izan dira aste honetakoak?

Ongizatearen estatuarenak egin du. Mozorrotu dute: aberatsek ordainduko dituztela botikak. Ez ba! Aberatsek zergak ordaindu behar dituzte, eta osasun sistemak doan behar du izan. Madrilen joan zen astean herri erreferendum bat egin zuten, ur zerbitzua pribatu egitearen inguruan. Bolivian hori guztia 2000. urtean gertatu zen. Uraren Gerra izan zen, eta gero Gasaren Gerra. Erreakzio horretatik mamitu zen erantzun politikoa.

Baina Europak eta Euskal Herriak askoz populazio zaharragoa dute.

Herritarrek hemen proletarizazioari diote beldur. Bi karrera eta master bat atera, eta langabezian ikusten dute euren burua. Argentinan corralito-a ezarri zutenean, 2001ean, langabezia tasa Espainiak orain duen baino puntu bat txikiagoa zen. Zizekek zirika gaitzake geure aukera sortzeko. Ezin dugu Boliviako edo Latinoamerikako eredua kopiatu. Baina haien eskarmentutik eta Zizeken probokaziotik sor dezakegu geurea.

Hego Amerikako estatu asko bezala, Espainia huts egindako estatua dela esan dezakegu dagoeneko, edo gehiegikeria da?

Stockholmen bizi den Unai Aranzadi kazetariarekin bazkaldu dut. Esan didanez, Suediako egunkari nagusiak Espainiari «huts egindako estatua» deitu zion duela egun batzuk. Haurra izan dute berriki, eta dena ordainduta izango du doktoretza egin arte, nahi badu. Kontatu didanez, erreferendum bat egin berri dute, zerga gutxiago ordaindu nahi ote zuten jakiteko. Eskuinak ere ezetz bozkatu du. Espainia, ekonomia adreiluaren burbuilan, eta ustelkerian eraiki dute, eta horrek ez dizu beste aukerarik uzten. Euskal Herrian beste ehundura ekonomikoa eta soziala dugu, eta horrek beste aukerak uzten dizkigu. Norbaitek esan dezake oraindik Espainiako ereduak balio digula? Geure etorkizuna erabaki behar dugu eta alde egin berehala. Baina, horretarako, gehiengoak bilduko dituen egitasmo politiko sendoa sortu behar dugu.

No comments:

Post a Comment