Sunday 1 April 2012

«Maite dut bertsioak egitea, omenaldia egiteko edo kanta galbidera eramateko»

Chloe Lacan, musikaria.


Kantari-antzezle edo antzezle-kantari, bietan trebe da paristarra. Hamar urtez La Crevette d'Acier taldearekin ibili izanak eman dio indarra, orain, bere kabuz aritzeko, musika eta umorea uztartzen.

Musika egiten duen aktorea edo antzerkia egiten duen musikaria? Halako galdera egiten dugun gehienetan, oso argi egoten da erantzuna. Chloe Lacan (Paris, 1975), berriz, kasu zailagoa da. Umoreari eta antzezpenari ahotsa eta, batez ere, soinu kromatikoa erabiltzeko trebetasun teknikoa gehitzen dizkio artistak. La Crevette d'Acier taldearekin hamar urtez eginiko lanarengatik ezagunagoa da, baina gaur Plaisirs solitaires bakarkako lanarekin dator Bilbora; 20:00etan ariko da, BBK aretoan.



Zu agertokian ikusita, ezin esan zerk duen garrantzi handiena, musikak edo antzerkiak. Zuretzat zer da musika?

Antzerkiarekin hasi nintzen. Antzerki ikasketak egin nituen, eta aktore lanean hasi nintzen hainbat konpainiarekin. Soinua aurkitu nuen 20 urte nituenean. Berehala maitemindu nintzen tresna horrekin. Ordurako abestu egiten nuen, ongi pasatzeko, baina soinua nire lanean sartzen hasi nintzen. Antzerkian sartu, eta, poliki-poliki, musikaren mundura hurbildu nintzen. Gaur, musikaritzat dut neure burua, baina nire formakuntzak bultzatzen nau abestiak aktore-kantari batentzat idaztera. Pertsonaiak lantzen ditut, entzuleekin hitz egiten dut... antzerkigintza erabiltzen dut, baina forma aldetik kontzertu bat da.

Beste lanbide bat ikasi behar izan duzu, beraz.

Agertokira bultzatu nauten erreferentziak AEBetako komedia musikaleko artistak dira, Liza Minelli, esaterako. Horrez gain, musika klasiko asko entzun dut, opera batez ere, Maria Callas, ijitoen musika... Nire lanean, horiei guztiei keinua egin nahi izan diet. Noski, horrek lan handia egitea eskatu dit, ahotsa lantzen, besteak beste.

Hamar urte eman dituzu La Crevette d'Acier taldearekin. Beharra zenuen zeure kabuz aritzeko?

La Crevette d'Acier taldean denok ginen aktore-abeslariak. Horiekin hamar urtez agertokietan aritzen ikasi nuen lanbidea; sekulako esperientzia izan zen. Horrek eman dit indarra neure egitasmoa abiatzeko. Taldean ez nuen musikarik sortzen. Orain, testuak eta musika neronek idazten ditut.

Eta, halere, ez duzu aktore lana erabat baztertu, Internet bidez bada ere. Zer da La Mariée était en fuite (Andregaia ihesean zihoan)?

Film musikal bat da, bost atalekoa, eta Interneten zabaltzen ari gara. Zinemarekin jolasteko modu bat da, talde profesional batekin egindakoa baita. Halere, oraingoz, egin nahi dudan guztia musikaren ingurukoa da. Film musikal batean ongi, baina ez dut neure burua ikusten casting batean.

Ihesi doan ezkongai horrekin identifikatzen zara?

Bai. Neure pertsonatik asko dago horretan. Neure buruari eginiko galderak daude: «Zer da maitasuna? Zer bilatzen dugu horretan? Nora garamatza?». Agertokian bezala da: apur bat neu naiz, eta apur bat beste norbait. Bietan dut interesa, irudimenekoan eta errealean.

Plaisirs solitaires kontzertuan, zeure kantuez gain, bertsioak egingo dituzu. Zeuk ere ezin zenuen serio hartu Gloria Gaynorren I Will Survive kanta?

Izugarri maite dut bertsioak egitea, omenaldia egiteko edo kanta galbidera eramateko. I Will Survive suntsitu egin nahi nuen, Frantziak 1998an futboleko Munduko Kopa irabazi zuenean taldearen ereserki bihurtu zelako eta ez zelako besterik entzuten. Kanta maite nuen, baina nazka-nazka eginda nengoen. Beraz, musika ijitoarekin nahastu nuen, salbatzeko.


No comments:

Post a Comment