Friday 11 May 2012

«Auzo eta zentroaren arteko borroka sutuko da, geure hiri eredua elitista dela ikustean»


Merce Cortina i Oriol, ekonomia irakaslea.


Gaurko krisiak askoz hiri okerragoa ekarriko digula dio bilbotarturiko ekonomialariak. Bilboko egungo ereduaren porrotaz mintzatuko da gaur, Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren Inguruko jardunaldietan.
Merce Cortina i Oriol (Lleida, Katalunia, 1981) ekonomia irakaslea da EHUn. Auzo mugimenduak, hiri plangintza eta tokian tokiko demokrazia gaiak ikertzen ditu. Industria hiritik enpresa hirirako igarobidea eta horren talkak mahai inguruan hitz egingo du gaur, 18:00etan, Bilboko Yohn jauregian, Zazpikaleetan.

Bartzelonan ikasi zenuen, eta Bilbon ari zara ikasitakoa gauzatzen?

Bartzelona asko aldatu da urte gutxitan, eta oso modu erasokorrean saldu nahi izan du bere burua kanpoan. Bilbon, ordea, sekulakoa da hiri industrial zaharraren eta berriaren arteko kontrastea. Horregatik, ezinezkoa da Bilbotik paseatzea, zeure buruari galdera asko egin gabe.

Bilbo saltzeko marketin erasokorra ere ez al da izugarria izan?

1973ko krisiak hiriak eraldatu zituen. Nazio estatuek aberastasuna banatzeko ahalmena galduz joan ziren, neoliberalismoa heldu zenean. Hiriek orduan ezin zioten laguntza eskatu estatuari berritzeko, eta, gainera, dirua biltzeko ahalmena galdu zuten. Beraz, zer egin zuten? Inbertsio pribatuari saldu. Bilbok zintzo bete zuen ekonomia hirugarren alorrera eramateko agindua, eta hor dugu Bilbo Eredua. Horrek porrot egin du orain, finantza krisiarekin.

Aurreko krisiak halako hiria ekarri bazuen, zer-nolako hiriak ekarriko ditu gaurkoak?

Askoz hiri okerragoa. Enpresa hiriaren logikan, hiria hazten zen ekonomikoki, zentroko orubeen espekulazioaren bidez. Ereduak agintzen zuen hazkuntza hori gero auzoetara zabalduko zela. Bilboren inguruetatik apur bat paseatzen baduzu, ikusten duzu hori ez dela gertatu. Egoera ona zenean aberastasuna ez bazen heltzen bazter auzoetara eta bazter klaseetara, pentsa orain zer gertatuko den. Zentroak agian eutsiko dio, baina gainontzekoa bazterketa gorrian eroriko da. Murrizketak ikusten ari gara dagoeneko.

Zentroa saltzen gizendu den hiriak, zer izango du orain jateko?

Ezer gutxi. Bilbok ez du lur gehiagorik saltzeko, eta, izango balu ere, lur horrek ez luke duela gutxi adina balioko. Bilboko ereduan, kultura eta turismoan jarri dute indarra, baina ez da oinarritzen benetako plan estrategiko batean. Bilbok orain ez du bere burua berriz asmatzeko tresnarik.

Auzoek nortasun handia izan dute orain arte. Onartuko al dute erdigunearen harri-kartoizko dekoratu distiratsuaren alde sakrifikatzea?

Bidean dugun argi bakarra gizartearen mobilizazioa da. Zentroak ez dizkie emango auzoei horiek behar dituzten ahalmenak, baina mugitu egin beharko dute zuloan ez erortzeko. Auzo mugimendua hazten ari da kopuruan eta kalitatean. Gainera, nahasten ari da modu berriekin. Horren lekukoa izan zen Kukutzako mugimendua. Auzoa zentroaren kontra izan zen hura. Aberastasun urteetan jendeak esaten zuen: «Zein polita dagoen Bilbo; zer edo zer helduko zaigu auzora!» Ikusten dutenean geure hiri eredua elite ekonomiko batentzat egina dagoela, auzo eta zentroaren arteko borroka sutuko da.

Bilboz ari gara, baina askotan hartu izan da Euskal Herria hiri handi baten gisa. Esaten duzunak herrialde osoarentzat balio du?

Bai. Izan ere, Bilboren ereduak huts egin izanaren arrazoia zera da: ez dutela testuingurua kontuan hartu. Oraingo eraldaketan berriz aurkitu beharko dira orekak, eta horretan herrialde osoa hartu beharko da kontuan. Hiriak ireki behar du ingurura.

No comments:

Post a Comment