Wednesday 9 May 2012

«Askoz eraginkorragoa da anorexikoa barregarri sentiaraztea, martiri barik»

Teresa Calo, antzerkigilea.


Gutxitan landu izan da anorexiaren gaia umorearen bidez. Calok landu du, 'Marta ispiluaren aurrean' antzezlanean. Liburua argitaratu berri du, eta gaitza gainditu duen aktore batekin taularatu nahi du.
Teresa Calo (Trintxerpe, Gipuzkoa, 1955) aktorea eta antzerkigilea da. Marta ispiluaren aurrean antzezlana argitaratu berri du, Elkar etxearekin. Caloren zazpigarren antzezlana da. Anorexiaren eta bulimiaren inguruan mintzatuko da gaur, 19:00etan, Donostiako Elkar aretoan. Lagun izango ditu Naiara Arnedo aktorea, Garbiñe Agirre ACABE anorexia eta bulimiaren aurkako elkartekoa eta Nerea Gomez psikologoa.

Nola sortu zitzaizun anorexiaren inguruan antzezlan bat idazteko ideia?

Eleberri bat idazten hasi nintzen, krisi bat izaniko gazte baten osaketaren egunkari antzeko bat. Osatzeko prozesua interesatzen zitzaidan, zulotik nola joaten den ateratzen. Gaitzari anorexia izena jarri nionean, idazten ari nintzena beste modu batean ikusi nuen, eta generoa aldatu eta bakarrizketa idaztea erabaki nuen. Ez da bakarrizketa hutsa, objektuek ere hitz egiten dutelako; tartean, neskaren eskeletoa.

Gutxitan jorratu da gaia umoretik. Nola ausartu zara?

Gaia aztertu nuen, gaixoen web-guneak, adituen liburuak, ikerketak... eta ikusi nuen posible zela gaiari umore ia beltzetik heltzea, tragedian sartu aurretik. «Baina gazte hau zertan ari da?», horra hasierako galdera. Izan ere, anorexiaren aukerarekin jolasten dabiltzan gazteei gogoa kentzea da asmoa. Askoz eraginkorragoa da anorexikoa barregarri sentiaraztea, martiri barik. Ezberdina, berezia sentitu nahi izatea da gaitzaren eragileetako bat, sufritzearen aura lortzea. Mistikoak izan ziren lehen anorexikoak.

Ez dago arriskurik gaitzari errespetua galtzeko?

Adin zail horretan, dena sakona eta transzendentala da, eta erakargarria zaie aura hori. Beraz, gaitza gauza itsusi, absurdo eta barregarri gisa ikustea interesgarriago iruditzen zitzaidan. Gazteek ez dituzte sermoiak gogoko. Beraz, barre artean entretenitu nahi ditut, eta desarmaturik daudenean, egia bota: hil egiten zarela. Horrela helarazita, mezua hobeto eta barruraino heltzen da.

Zure Martak ongi ordezkatzen du anorexiko tipikoa?

Ez dago soslai zehatzik, baina oso jende azkarra izaten da eta izugarri perfekziozalea. Izan ere, kontrolaren inguruko gaitza da. Nerabezaroan galduta sentitzen gara, eta gaixoek gorputzaren gaineko kontrola lortu nahi dute, diziplina: ez badut jaten, pisua galtzen dut. Poza sentitzen dute goizero pisatzean, helburua lortu badute. Lagunekiko eta familiarekiko komunikazioa mozten dute. Azkenean, soilik hori geratzen zaie: pisua goizetan.

Askotan gertatzen da didaktika egiteko nahia lanaren alde artistikoaren kalterako izaten dela. Zein oreka bilatu duzu?

Kasu honetan ez dago bereizterik. Ezingo nuke zerbait asmo didaktiko hutsarekin idatzi; horretarako hitzaldi bat emango nuke, edo, hobeto, aditu bat gomendatuko. Baina gaia eta gaiaren tratamendua psikologoekin kontsultatu nuen, oniritzia lortzeko, kontu handiz jorratzekoa delako. Baina, arte aldetik, betiko asmoa duzu; zeure buruari galdetzen diozu: Erritmorik ba al du honek? Pertsonaien eboluziorik badago? Interesik al dago? Ohiko mila galdera.

Noiz ikusiko dugu antzeztuta?

Aspaldi dugu buruan. Ekoizpena oso erraza litzateke, baina arazo bat du: eskola kanpaina batean sartu beharko litzateke, hau ezin delako bestela saldu. Naiara Arnedo aktorea dugu, gaixo izana, eta sendatzea lortu du. Berak mugitu du testua antzerkia bihurtzeko egitasmoa. Ni irrikan nago egiteko.

No comments:

Post a Comment