Friday 4 May 2012

"Nafarroa Euskal Estatutuan egonez gero, 1936ko altxamenduak ez zuen arrakastarik izango han"

Xose Estevez, historialaria.

Argazkia: Vieiros.com


Xose Estevez (Quiroga, Galizia, 1943) historialaria da. Nafarroa y el Galeuzca de 1933 hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Condestable jauregian, Iruñean.


 
XX. mendearen hasieran Espainia krisi larrian zegoen: Amerikako azken koloniak galdu zituen eta Galizia, Euskal Herria eta Kataluniako abertzaleak indartzen ari ziren. XX. Mendearen hasieran ere, porrot egin du ekonomian, eta nazioarteko egunkarietan “huts egindako estatu” gisa deskribatzen dute. Historia berriz gertatzen ari al da?

Historian beti bila daitezke paralelismoak, baina egoera ez da berdina. Espainiak orduan Errepublika zuen, gaur monarkia du, eta, konstituzionala izan arren, ez da errepublika bezain demokratikoa: erregea ezarri egiten dizute, errepublikaren presidentea herritarrek aukeratzen dute. Errepublika, halere, mitifikatuegia egoten da askotan. Abertzale gehienek orduan ere, errepublika federala izango zela uste zuten. Federalismoan burujabetza Estatua osatzen duten enteetatik sortzen da. Orduko errepublika integralean, edo gaurko estatu autonomikoan, burujabetza Estatutik dator, eta horrek horren puska bat ematen diete eskualde autonomoei, edo gaurko nazionalitate eta erregioei. Beraz, eredua oso ezberdina da. Bigarren Errepublika estatu integrala zen, eta, gainera, erregioen federazioa debekatzen zuen, Konstituzioaren 13. artikuluan. Beraz, akats horrekin jaio zen, ez zielako nazioei eman horiek eskatzen zutena. Beraz, erregimen demokratiko eta soziala izan arren, ez zien behar bezala erantzun abertzaleen nahiei. Gainera, Errepublikaren Konstituzioan aurreikusitako autonomia estatutuen tramitazioan, Kataluniari autonomia estatutua eman zioten 1932. urtean, eztabaida handi baten ondoren, baina transferentziak ikaragarri atzeratu zituzten. Galeusca sortu zutenean, 1933. urtean, Katalunian haserre handia zegoen, Estatuak ez zizkiolako ematen transferentziak, batez ere zergen zein hizkuntza eta kulturaren ingurukoak. Euskal Herrian eta Galizian, estatutuek ez zuten lehen tramitea ere pasata, hau da, udalak onartzearena. Halako haserre giroan sortu zen 1933ko Galeusca. Halere, hamar urte lehenago, 1923an, abertzaleen arteko ituna sinatu zuten Bartzelonan, lehen Galeusca. Bigarrena haserretik sortu zen, udaberrian, eta ANVk eman zituen lehen urratsak Bilbon.

Eta Nafarroaren gaia mahai-gainean zegoen ordurako. Nola ikusten zen orduan zatiketaren gaia?

EAJren Euzkadi Buru Batzarrek protagonismoa eman zien nafarrei Galeuscaren sorreran. Ituna bi nafarrek sinatu zuten, Jesus Doxandabaratz EBBko presidenteak eta Manuel Irujok, Napar Buru Batzarrekoak. Doxandabaratz tafallarra zen eta sendagile Iruñean. Irujo diputatua errepublikako gorteetan. Txosten ofiziala Ramon Goñik egin zuen, NBBko idazkariak. Eta bidaiaren kronikak Julio Ruiz de Oiagak idatzi zituen eta berak bidali zizkien kazetei. Amayur astekariko zuzendaria zen. Are gehiago, horiekin batera Bartzelonara joan zen Fortunato de Agirre, Lizarrako alkatea, kolpistek 1936an fusilatu zutena. Beraz, nafarren protagonismoa begi-bistakoa da. Halere, Nafarroa 1932. urtean Euskal Estatututik bereizi zuten. Beste estatutu bat egin behar izan zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat. Horrek kalte handia egin zuen 1936ko uztailaren 18ko altxamenduan. Nafarroa hegoaldeko beste probintzien estatutuan egon izan balitz, ez dut uste altxamenduak arrakasta izango zuenik han.

Zelako eragina izan zuten 1929ko burtsen porrotak eta krisiak?

1929ko porrota bizpahiru urteko atzerapenarekin heldu zen Espainiako Estatura. 1933-4ean hasi zen arazo handia, batez ere langabezia asko zabaldu zelako. Beraz, gaurkoarekin, horretan, antz handia dagoela esan daiteke. Halere, gaur, eskubide sozial, zibil eta politikoen atzerakada handia dago, eta halakorik ez zegoen orduan. Orain, gainera, Estatua berriz zentralizatzeko prozesua dago, orduan autonomia emateko prozesuan zegoen bitartean.

Berriz zentralizatzeko prozesuak eragin dezake Galeuscak berriz indarra hartzea?

Ekonomiaren egoera horren itogarria denez, eta jendea, oraingoz, lokartuta dagoenez, baliteke zentralizatzeko saioak arrakasta izatea. Zizeronek esaten zuenez, lehenbizi bizi eta gero filosofatu. Jendea beldurrarekin bonbardatzen ari dira egunero. Naomi Kleinen Shockaren dotrina ezartzen ari dira, eta herritarrak opioa hartuta bezala daude. Halere, historiako prozesuak kualitatiboak dira, eta edozein unetan gatazka larria sor daiteke, detonagailu lana egingo duen gertaera larriren bat jazotzen bada. Begiratu, bestela, herrialde arabiarretarako matxinadei. Euskal Herrian dozenaka mila familia daude kide guztiak langabezian dituztela. Lehertzeko moduko egoera da.

Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako abertzaleek bat egin dutenean, Espainiak estatu kolpe batekin erantzun du beti.

Hala da, bai. Bitxia da: lehen Galeusca hura 1923ko irailaren 11ean sinatu zuten, Kataluniako Diada egunean. Bi egunera, Primo de Riverak estatu kolpea jo zuen. Irailaren 15ean jo asmo zuten, baina bi egun aurreratu zuten; aliantza sinatu zelako aurreratu ere. 1936an, Kataluniako estatutua onartuta zegoen, Euskal Herrikoa uztailean onartu behar zuten eta Galiziakoa irailean, oporren ondoren. Uztailaren 18an, estatu kolpe militarra jo zuten. Orain ez dituzte kolpe militarrik jotzen, baina beste bide batzuk erabiltzen dituzte: ekonomia itotzea, edo lege diktadura. Kongresuan bozkaturiko legeen bidez alderdiak legez kanpo uzten dituzte, eta estatutuak bortxatzen dituzte.

Galizia izan da beti Galeuscaren hankarik ahulena?

Bai. Abertzaletasuna beti izan da ahulagoa Galizian. Teoriko onak izan ditu, intelektual bikainak, baina ez da heldu gizarteko ehun osoan sartzera. Galizian abertzaletasun soziologiko sendoa dago eta nortasun indartsua, baina gero hori ez da botoa emateko orduan agertzen. Hor zulo handi bat dago eta ez dakit noiz gaindituko dugun galiziarrok. Katalunian eta Euskal Herrian ezberdina izan da: Galizian ez da burgesiarik egon, eta elizak ez du inoiz Galiziako kultura eta hizkuntzaren alde egin.

Koldo Izagirrek salatu du Galeuscak ere ez diela inoiz behar bezalako garrantzirik eman hizkuntzei.

Arrazoi du. Batez ere ekonomia hartu dute aintzat, politika, kultura eta hizkuntzaren gainetik. Ikusi besterik ez dago itunak egin egiten direla, baina Espainiako aurrekontuak sinatzeko orduan, hau da, dirua banatzeko orduan, beti dago hitzarmenei muzin egiten diona: CiU, normalean, baina baita ere EAJ batzuetan.

2009. urtean saio bat egin zen Europako hauteskundeetara elkarrekin joateko. Eta orduko hartan BNGk utzi zuen koalizioa.

1998an Bartzelonako Adierazpena egin zen, baina horretan ez zuten alderdi guztiek parte hartu, 1923an eta 1933ean ez bezala. Soilik CiUk, EAJk eta BNGk hartu zuten parte, eta, noski, herren jaio zen ituna. Gainera, Europako hauteskundeetara norbera bere aldetik aurkeztu izan dira. Ez da blokerik izan inoiz horretarako.

ETAk jarduera armatua utzi duela ikusita, uste duzu aukera legokeela ituna berreskuratzeko, Estatua zentralizatzeko saioei aurre egite aldera?

Gerta daiteke abertzaleen blokea sortzea zentralizazioa oso gogorra bada. Baina PPk gehiengo osoa du, eta halako blokeak ez luke giltzarik izango. Gainera, askotan gertatzen da abertzaleek bat egiten dutenean, haien eskaerei kontra egiteko, PPk eta PSOEk bat egitea. Azken batean, biak dira enbor zentralista eta espainolista bereko ezpalak.

No comments:

Post a Comment