Sunday 17 June 2012

«ETBren eta ikusleen arteko harremana garraztu egin da azkenaldian»

Urko Aristi, telebista aurkezlea.

Argazkia: eitb

Herri txikiak protagonista dituen 'Bizirik' saioa estreinatuko du gaur Aristik; Euskal Telebista herritarrengana berriz hurbiltzeko ahalegina.

Urko Aristi Ibarran (Gipuzkoa) jaio zen, 1977an, baina berehala itzuli zen gurasoekin haien jaioterrira, Arribera (Nafarroa). Beraz, herri txikien inguruan saio bat egiteko pertsona aproposa izan daitekeela dirudi. Bizirik saioa estreinatuko du gaur, ETB1en, 22:15ean. Euskal Herrian 400-500 biztanle inguru dituzten herrietan ibiliko da, hango bizimodua ikusleei erakusteko.

'Bi errepidean' saioan ibili zara azken boladan. 'Bizirik' honek ere, antzeko dinamika du. Bide berean urrats logikoa da saio berria?

Bai. Han protagonista pertsona bakarra izaten bazen ere, honetan herri guztiarekin ibiliko gara. Asanblearioagoa izango da, nolabait ere. Tonua nahiko berdintsua da; hori gordetzea da helburua azken batean. Bi errepidean gertutasuna lortu genuen, eta orain ere hori nahiko genuke: jendea telebistarekin arrotz ez sentitzea, alegia, protagonistak eroso senti daitezen. Lortu dugula uste dut, sukaldeko ateak zabaldu dizkigutelako eta barruraino eraman gaituztelako. Gogoa ere bazutela sumatu egin duzu. Izan ere, zera esaten ziguten, «telebista hona soilik dator elurra egiten duenean».

Gertutasun horren falta sumatzen duzu gaurko ETBn?

Lehentasuna izan beharko luke, esaterako, gure telebistan, hori delako guk daukagun baliorik handiena eta ia bakarra. Baina azken boladan ahaztu samar izan dugu. Orain ikusten da ahalegin bat hori berreskuratzeko. Ikusleekiko harremana hoztu egin da nabarmen, hori begi bistakoa da. Arratsaldero-n inkestak egiten ibiltzen ginen kalean eta jendeak esaten zigun «bai, euskalduna naiz, baina ez dizut erantzungo». Argi dago egoera politikoak dena zipriztindu duela, eta ETBren eta ikusleen arteko harremana garraztu egin dela azken boladan. Harreman hori goxatzeko modua izan daiteke hau. Hori da nire helburua. Telebista herriarentzat egiten ari gara; herriak ez badu telebista beretzat sentitzen, alferrik arituko gara lan horretan, ez baitugu helburua lortuko.

Zergatik aukeratu dituzue 400-500 biztanleko herrixkak?

Lan antropologiko bat egin nahi dugulako, komatxoen artean, erronka handiegirik ez diogula jarri nahi geure buruei. Halako herrietan ondo gordetzen dute bizimodua eta izaera. 1.000 biztanletik beherako herrietara joan nahi genuen, baina muga bat jarri behar izan dugu, herria txikiegia bada, guztiak elkarrizketatu behar dituzulako, eta guztiak ez dira beti elkarrizketagarri, edo ez dute nahi izaten.

Filosofo batek esan zuen aurreko batean Euskal Herrian antropologo gehiegi ditugula, eta abokatu gutxiegi.

Bai, eguraldi gizon gehiegi ere badago, eta hori dela-eta kritikak jasotzen ditugu. Saioan auzolana erakutsiko dugu, esaterako, edo galtzear diren figurak, herrizaina adibidez. Baina ez da dena antropologia izango; gastronomiari ere erreparatuko diogu, badirudielako telebistan azkenaldian horrek duela arrakastarik handiena. Lehen saio honetan, Elantxoben [Bizkaia] eta Aranon egongo gara, kaskotik itsasoa ikusten duen Nafarroako herri bakarrean.

Ez duzue arriskurik 'Euskal Herria sakona'-ren inguruko morboan erortzeko?

Guztiz aldenduko gara horretatik. saioak Bizirik du izena, eta izenburuak ere bizitasuna adieraziko du. Kexatzeko arrazoia dute herriotan, txikitasunaren ondorioz arazo handiak dituztelako, eta, agian, erakundeak ez direlako haietaz behar bezala gogoratzen. Harritu egin naiz, herrietan inor ez delako kexatu. Ez dago mezu pesimistarik, guztiz bestelakoa. Oztopoak abantaila bihurtzen jakin dute. Herrigintzan urte luzez ezkutuko lanean ibili den hainbat jenderi eginiko omenaldi xumea da saioa; horrek pozten nau gehien. Lapuebla del Barcara [Araba] olentzeroa ekarri zuen lehen emakumea, esaterako, edo han bertan ikastola ezkutuan sortu zuen guraso taldea. Horrek engantxatu nau ni ere.

Zu ere herri txiki batekoa izateak lagundu dizu horretan?

Ni ere oso herrikoa naizela esan zidaten aurreko batean, eta ia lore gisa hartu nuen. Ez naiz hasiko orain moderno sofistikatuarena egiten. Jendeak, gainera, eskertu egiten du hori, eta sentitzen dut etxekotzat hartzen nautela. «Hara gure txikia», esaten didate. Oso txikia, agian, ez naiz, baina gure horrek asko pozten nau.

No comments:

Post a Comment