Tuesday 19 June 2012

«Sirian galdera ez da nola gertatu den, baizik eta nola ez den lehenago gertatu»

Leila Nachawati, ekintzailea.


Argazkilaria: Rubra / Ars Electronica


Gobernuaren kontrako matxinadaren berora sorturiko umorearen, musikaren, irudien eta poesiaren berri emango du komunikazio irakasle eta Al Jazeerako kolaboratzaileak gaur, Donostian.
Leila Nachawati (Santiago, Galizia, 1978) komunikazio irakaslea da, eta, besteak beste, Al Jazeera kateko kolaboratzailea. Damaskoko sendagile baten alaba, txikitatik udak Siriako hiriburuan pasatu ditu, aitaren familiarekin. El fin del silencio en Siria (Isiltasunaren amaiera Sirian) hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Donostiako San Telmo museoan.

Sirian barruan gertatzen ari denaren lehen eskuko informazioa izango duzu. Zein da zure ingurukoen egoera?

Bi albiste gogorrekin gosaldu dut gaur [atzo]: Lagun baten ama hil dute tiroz Siriako segurtasun indarrek. Gero eta zentzugabeagoa da horrela deitzea zibilak bertatik bertara tirokatzen dituzten militarrei. Kontrol batean tirokatu dute, ez zuelako ondo ulertu militarrek galdetutakoa. Bigarren albistea: lagun baten anaia atxilotuta eraman dute, eta ez dakigu zergatik. Ez da erraza izaten gaur Sirian zergatiak jakitea, zigorgabetasunaren erresuma bihurtu baita.

Zuk argi duzu nor den egoeraren erantzulea?

Orain dugun egoeran, giza eskubideen bortxaketak ezker-eskuin ikusiko ditugu, eta zaila izango da zehaztea nondik datozen. Baina Sirian azken hamarkadotan gertatu denari begiratzen badiogu, ikusiko dugu 40 urtez zilegitasunik gabeko gobernua egon dela, izuaren erresuma bat. Txikitatik ezagutu dut izu hori, hitz egiteko beldurra. Izu horrekin bizi izan dira herritarrak, duela urte bat eta hilabete batzuk isiltasun horma haustea erabaki zuten arte. Gobernuak hilketa eta torturarekin erantzun zion horri. Nazioarteko pasibitateari aurre egiteko, orain genozidioa eta garbiketa etnikoa dugu. Ruandakoaren antza du oraingoak.

Kanpotik zaila da gaurko gatazkaren protagonistak argi identifikatzea.

Statu quo-arekin pozik daudenen eta horrekin pozik ez daudenen arteko borroka da. Statu quo-an ustelkeriak gobernatzen du, nepotismoak eta bidegabekeriak. Edozertarako, funtzionarioak erosi egin behar dituzu horretan. Jendea ohitu egin da horrekin, baina batzuk «aski da!» esan dute, eta ez dute, loturarik ideologia edo erlijio batekin.

Nazio Batuen Erakundeak egoera gerra zibil gisa deskribatu zuen duela gutxi. Ados zaude?

Gerra zibilak edonon gerta daitezke, behar diren teklak sakatuz gero. Siriako erregimenak urteak daramatza tekla horiek sakatzen. Gerra zibilaren beldurraren bidez, bere botereari zilegitasuna eman nahi izan dio: gu gara Siria batua gorde dezaketen bakarrak; gerra zibila ez gertatzeko bermea gara. Sirian galdera ez da nola gertatu den, baizik eta nola ez den lehenago gertatu.

Nazioarteko esku hartzeak ez luke Irakeko edo Afganistango egoera Siriara ere eramango?

Nazioarteko esku hartzea egon badago. Harritzen nau inperialismoaren aurkako ezkerrak ez egitea aurre Errusiak Siriako erregimenari emaniko sostengu militarrari. Nork aukeratu nahi du erregimenak eginiko genozidioaren eta NATOren esku hartze baten artean? Hori ez da amaiera ona inorentzat. Ez dago nazioartean arazoari heltzeko gogorik. Herrialde bakoitza bere interesei begira dabil, oraingo erregimenaren ordez, euren negozioak babesteko nor jarri pentsatzen ari dira. Rima Dalik pankarta bat idatzi, eta errepidearen erdian jarri zen: «Siriar guztientzako lekua duen Siria nahi dugu». Errepresioarekin erantzun zioten.

No comments:

Post a Comment