Friday 8 May 2009

«Metal eta acid house musikak nahastea oso erraza izan da, eta dibertigarria»

Leo Smee, Chrome Hoof taldearen sortzailea.




Cathedral taldeko baxu jotzailea da musikari ingelesa, baina metalaren molde zurrunetatik ateratzeko, Chrome Hoof orkestra sortu zuen. Arrasaten aurkeztuko dute gaur mozorroz beteriko ikuskizuna.

Colchester hirian jaio zen Leo Smee, Ingalaterrako ekialdean. Cathedral doom metal taldeko baxu jotzailea da. 2000. urtean Chrome Hoof egitasmo paraleloa sortu zuen, anaia Milorekin. Chrome Hoof orkestra bat da: hamar bat musikari biltzen ditu agertokian, metala, musika elektronikoa eta disko musika nahasteko. Antzerkigintzako osagaiak erabiltzen dituzte emanaldietan; besteak beste, jantzi bitxiak. Bilbon jo zuten atzo, eta Gipuzkoan joko dute gaur, Arrasateko gaztetxean, 20:00etan.

Nola definituko zenuke Chrome Hoof esaldi pare batean?

Ez da erraza laburrean definitzea, baina uste dut musikari eta pertsonaia talde bat dela, non bakoitza musika mota batean ibiltzen den. Kide horien asmo nagusia musikaren gauza onez gozatzea da; hau da, genero bakoitzaren osagaiak edertzea eta entzuleei aurkeztea.

Zergatik sortu zenuten taldea? Nekatu egin zinen metal apokaliptikoan mutil serio eta gogorraren plantak egiteaz?

Ez zen seriotasun kontua: aukerak zabaldu nahi nituen eta emanaldiak alaitu. Urte asko daramatzat Cathedralen jotzen, baina beste musika pila bat dago bazterretan, eta musikari gisa nire aukerak zabaldu nahi nituen, entzuten nuen beste musika mota askotara. Heavy metala maite dut, baina gustuko dut krautrock, disko, elektronikoa, afrobeat musika... Eragin horiek guztiak beste talde batean jarri nahi izan nituen. Nola hasiko nintzen, bada, afrobeat erritmo batekin, Cathedralen kanta baten erdian!

Zure anaia Milo acid housetik dator. Arazorik izan al zenuten dooma eta haren estiloa nahasteko?

Biok maite ditugu rock progresiboa eta disko musika, Frank Zappa eta halakoak. Aski erraza da dooma eta acid housea nahastea, gustuko badituzu. Ez gara eseri eta esan: «Aizak! Frank Zappa eta Slayer nahastuko ditiagu». Haatik, oso naturala eta dibertigarria izan da.

Normalean hamar eta hamalau musikari artean biltzen dituzue agertokian. Zergatik horrenbeste jende?

Tresna asko ditugu, eta bi dantzari. Antzerki kutsua ematen diogu ikuskizunari: pertsonaiak ateratzen dira agertokian. Ziurtatu nahi dugu jendeari itzultzen diogula gastatu duen dirua. Jai ederra antolatu nahi izaten dugu.

Musikan dituzuen erreferentziak aipatu dituzu dagoeneko, baina zeintzuk dira antzerki aldetik dituzuen ereduak?

Sun Ra, Cirque du Soleil... Kontzertu bat egiten baduzu, ona da begientzako ahalik eta festarik handiena sortzea. Ez dakit oso ondo nondik atera ditugun ideiak, baina bizitzan begiak irekita izatetik datozela esango nuke.

Metalezko jantziak daramatzazue, baina zuen pertsonaiak nondik datoz, espaziotik edo errealitate paralelo batetik?

Errealitate paralelo batetik, ez espaziotik. Hasi ginenean, hiru baino ez ginen eta ez genuen abeslaririk. Beraz, pentsatu genuen halako musika xelebrea jo behar bagenuen hobe zela mozorrotzea. Ahuntz buruko munstro erraldoi bat genuen lehen, baina erre egin genuen, eskerrak emateko zeremonia batean. Orain beste bat dugu, baina Ryanairrekin joango gara horra, eta ez dakit utziko diguten hegazkinean sartzen.


No comments:

Post a Comment