Thursday 11 October 2012

«Ekonomiaren erabateko porrotaren atarian gaudela ikasi dugu Islandian»


Jose Mespina, dokumentalgilea.


Jose Mespina —mikrofonoarekin— eta kideak, Reykjaviken.


Krisiarekin kezkaturiko lagun talde batek 'Surgere' dokumentala gauzatu du, Islandiako matxinada zer izan zen kontatzeko eta gaurko eta hemengo egoerarekin parekatzeko. Gaur estreinatuko dute.

Jose Mespina (Gasteiz, 1975) irakaslea da berez, baina krisiaren inguruko kezkak dokumentalista bihurtu du. Surgere filma estreinatuko du gaur, 19:45ean, Arte eta Lanbide eskolan, Gasteizen. Herrikide talde batekin egin du filma, Islandiako eta Espainiako ekonomien hondamendia eta erantzunak konparatzeko.



Nola bururatzen zaio lagun talde bati dokumental bat egitea eta horretarako Islandiaraino joatea?

Iazko otsailean hasi ginen elkartzen hitz egiteko, krisiarekin eta erantzunik ezarekin kezkatuta. Mahai gainean genuen hasieratik Islandiako kasua: herritarren protestek gobernu bat kanporatu zuten 2008-2009an, eta halako gertaera handia isildu egin dute hemen. Hori ikusita, «egin dezagun dokumental bat», esan genuen. Talde bat sortu genuen, eta Zurine Lopez de Zabando bideogintzako profesionalarekin jarri ginen harremanetan. Gidoia prestatu, eta Islandiara abiatu ginen.

Gud blessi Island (Jainkoak bedeinka dezala Islandia) dokumentala erabili zenuten?

Hango irudi batzuk erabili ditugu islandiarren matxinada kontatzeko, baina ez zitzaigun lan hori asko gustatu, emozioez mintzo bada ere, egoera ez duelako azaltzen. Guk zergatiak bilatu nahi genituen, hau da, zer gertatu zen Europa iparraldeko estatu bat, gizarte babes handikoa eta banku publikoetan oinarritutakoa, batbatean, zerga paradisu eta kasino ekonomia bihurtzeko. Zer botere joko zegoen halako aldaketa gertatzeko?

Islandiako matxinadako protagonistak elkarrizketatu eta gero, informazio horrekin gure inguruan gertatzen ari dena azaldu nahi izan duzue. Badago parekatzerik ipar eta hegoaldeko Europako egoera horiek?

Islandian gertatutakoaren gakoek aukera ematen digute Espainiako Estatuko egoera azaltzeko, oso gizarte ezberdinak badira ere. Izan ere, Islandiako hondamendiaren arrazoiak eta Espainiakoak iturburu beretik datoz.



Islandiako matxinadaz gero airean dagoen galderari erantzuna topatu diozue, hau da: zergatik han gizarteak krisiaren erantzuleak identifikatu eta zigortu zituen eta Espainian ez?

Gakoetako bat: hango ekonomiaren hondamendia bi astean gertatu zen. Espainian, ordea, botereak kontrolaturiko prozesua da, eta dosi txikitan gertatzen ari dira. Islandiako bide berean doaz, baina beste erritmo batean. Munstroa ere ezberdina da, Espainian egitura kapitalistak askoz indartsuagoak dira, baita sorturiko dinamika politikoak ere. Islandiakoa ez da iraultza izan, halere. Matxinada izan da, iraultzak egitura aldaketa handiagoa eskatzen baitu. Baina hangoak erakusten du herrialde baten ideia erortzen denean jendea kalera ateratzen dela.

Espainiaren Historia beltza ezagututa, uste al duzu aukera dagoela eskandinaviar erako matxinada zibil baterako?

Ez naiz baikorra. Ekonomiaren erabateko porrotaren atarian gaudela ikasi dugu Islandian. Espainiako finantza sistemak porrot egin du dagoeneko. Inprobisatzen ari dira, Madrilen, Europan zein Nazioarteko Diru Funtsean. Helburu bakarra dago: ziurtatzea bazterretako estatuek zorra ordaintzen dutela. Egoera lehergarria da. Zorra berriz negoziatu beharko da, Latinoamerikan egin zuten bezala. Ez dakit gizarteak erantzun sendoa emango ote duen eta alternatiba eraiki ahalko duen. Baina unea orain da. Behintzat, arazoari izena jartzeko.

No comments:

Post a Comment