Friday 12 October 2012

«Sormen krisi baten sintomak ditut, baina ez dut diagnostikoa oraindik»


Fito Cabrales, musikaria.



Kanta berriak sortzeko duen arazoaz, antzokietan egiten ari den biraz, BEZaren igoeraz eta Patxi Lopezek bere kantak abesteaz mintzo da Fito & Fitipaldis taldeko burua, datorren astean Donostian jo aitzin.

Fito & Fitipaldis taldeko sortzailea da Fito Cabrales (Bilbo, 1966). Antzokietan jotzeko bira berezia egiten hasi zen irailean. Kontzertu bana emango du datorren astelehen eta asteartean, 20:00etan, Kursaalean, Donostian.



Antzokiak alokatzeko garestiagoak badira eta jende gutxiago sartzen bada, nolatan antolatu duzu bira bat halako aretoetan jotzeko?

Disko berria banu, ezingo nuen hau egin. Diskoa, promozioa, bideoa eta beste egiten lanpetuta ibiliko nintzen. Ez dudanez, orain da aukera musikarion nahikaria betetzeko: bira handietan sartzen ez diren baina gustuko ditugun aspaldiko kantak jotzea, kantekin jolastea...

Zerorrek onartu duzu gogorra zaizula 40 eurotik gora kobratzea sarrerengatik, ekonomia horren gaizki egonda.

Horretaz konturatu nintzen sekulakoak eta bi bota zizkidatelako horren kontura. «Niri bost zure bira antzokian, BECen edo auskalo non den, baina iaz 20 euro kobratu zenizkidan», esaten zidaten. Ulertzen dut, baina jendeak jakin behar du antzokiak garestiagoak direla. Eta hori azaldua nuenean, hara non Mariano jaunak BEZa igotzen duen! Zergaren puska bat geure gain hartzea erabaki dugu, sarrerak horren garestiak izan ez daitezen. Nik ideia bat dudanean ez du logistikan pentsatzen: nola aurreikusiko dut bada, BEZa igoko dutela. Ez dugu bira hau egin dirua irabazteko.

Kantekin jolastu nahi duzula esan duzu. Aspertuta zaude azken urteotako dinamikarekin?

Izango banitu 14-15 abesti, haiekin maiteminduta banengo, horiek joko nituen. Baina hiru bira daramatzat azken disko berriekin, eta potroetaraino nago gauza bera egiteaz: hurrengoan zer, sei bideo pantaila eraman beharrean zazpi? Malabaristak? Gizakia naiz: egunero hondartzara joan naiz, eta gaur mendira nahi dut.

Tonua aldatuko duzu, entzuletik hurbilagoko gauza bat?

Ez dut uste halako ahalmen sortzailea dudanik bat-batean dena erabat aldatzeko. Nahiko nuke. Hau ez da unplugged bat, Fitipaldis gara, ez ditugu balada polit batzuk eserita joko, hori ere ondo balego ere. Baina abesti batzuk beste tresnekin jo ditugu, eta irabazi egin dute, handiago egin dira. Bizpahiru kanta lasaiago jotzeko asmoa genuen, eta alderantziz atera zaizkigu, indartsuagoak. «Jontxo, zergatik ez genuen horrela grabatu?», pentsatu dugu.

Baina zer zaude, sormen krisi batean hondoratuta?

Sintomak ditut, baina ez dut diagnostikoa oraindik. Ez dut golik, besterik ez. Batzuetan, izugarriak iruditzen zaizkizun sei kanta ateratzen zaizkizu sei egunetan. Eta ez da lan kontua, galaxien konfigurazioa-edo izango da. Egia da orain ez nagoela musikarekin horren obsesionatuta. Denbora daramat neure burua munduari gehiago irekitzen. Batzuetan ez zaude, eta kito. Estudioan sartu naizenean beti pentsatu dut nire bizitzako hamar kantarik hoberenak neramatzala. Gero agian oker nintzen, baina sentimendu horrekin sartu behar duzu.

«Ez naiz politikaria, eta panazko kapera daramat», esan zenuen aurrekoan.

Nik neure buruaz hitz egiten dut beti. Politikaz galdetzen didatenean beti pentsatzen dut: «Horren gaizki dago hau?». Idazten ari naizen gauzen artean, badut abesti erdi bat gaurko egoeraz mintzo dena, baina grabatuko ez dudanez...

Patxi Lopez zure Soldadito marinero abesten agertzen da Interneten bideo batean. Zer deritzozu?

Abestu nahi badu, abes dezala. Nirea dela kanta? Ondo. Rolling Stonesen kanta bat abesten badu ere, zer gertatzen da? Beste kontu bat litzateke nirekin agertokira igotzen utziko banu. Nire printzipio politiko nagusia hau da: ez ditut maite agintzen dutenak, eta agintzen ez dutenak maite ditut. Bizitza osoan behin bakarrik joan naiz bozkatzera. Ezker Batuari eman nion botoa. Gaupasa eginda nengoen.

No comments:

Post a Comment