Wednesday 24 October 2012

«Ez dakit bost urte barru liburutegi publikorik geratuko den»


Nieves Gonzalez, liburuzaina.


Zentzurik ba al dute liburutegiek eta liburuzainek liburu elektronikoaren aroan? Zentzua bai, baina etorkizuna arriskuan ikusten diela azalduko du Nieves Gonzalez adituak gaur, Donostian.

Nieves Gonzalezek (Sevilla, Espainia, 1956) Bibliotekonomia irakasten du Pablo de Olavide unibertsitatean, eta liburuzaina da Sevillako Unibertsitatean. El futuro del libro electrónico es complicado hitzaldia emango du gaur, 18:30ean, Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan.



Liburu digitala erabat zabaltzen denean, zer gertatuko da liburutegiekin?

Liburuzainok etengabe galdetzen diogu geure buruari liburutegiak oraindik beharrezkoak ote diren jakintza eta informazioa gordetzen duten erakunde gisa. Eta argi dago ezetz; ez, behintzat, definizio horrekin. Jakintza ez da dagoeneko han gordetzen, bistan da, baina izan daiteke informazio horretarako sarbidea ematen eta errazten duen lekua, jendearen beharrak asetzeko. Liburutegiak eraldatu egin behar du, nortasun hori gordetzeko, informazioa euskarri digitalean badago ere.

Bost urte barru oraindik egongo dira liburutegiak eta liburuzainak?

Ez dakit liburutegi publikorik geratuko den. Bost urte barru, orain daukagunetik gauza batzuk ikusiko ditugu, baina oraindik ikusi ez dugunetik, asko. Agian ez dugu liburutegi fisikorik izango, baina liburuzainak edukiko ditugu, haien ezagutza behar dugulako. Liburutegi publikoak kulturgune bihurtzen ari dira dagoeneko. Profesionalek lan egin beharko dute beste alorrekoekin, euren komunitateei zerbitzua emateko.

Argitaletxeen jarrerak ez al du arriskuan jartzen liburuzainen egitekoa?

Asko zailtzen ari dira liburutegiek liburu digitalak irakurleei uztea papereko liburuak uzten zaizkien baldintza berdintsuetan. Liburutegiak behartu nahi dituzte urtero ordaintzera liburu elektronikoen truke, eta liburutegiek ezin diote horri aurre egin. Egoera oso zaila jarri da jadanik Ameriketako Estatu Batuetan. Europan, oraindik, ez dute eskaintzen irakurleek nahi dutena, eta salneurriak guztiz onartezinak dira. Beldurrez dabiltza, negozioa hondoratuko zaien, konturatu gabe negozioa eraldatu behar dutela. Liburutegiak salmentak galtzeko leku gisa ikusten dituzte, konturatu gabe salmentaren motorra direla.

Irakurleak euren burua antolatzera bultzatzen dituzte, gero haiei «pirata» deitzeko?

Erabiltzaile taldeak sortzen ari dira liburuak trukatzeko, eta irakurketa sozialerako bideak zabaltzen ari dira. Orain ez gaude inprimatutakoaren kulturan; berriz nahastearen kulturan gaude, eta berriz pentsatu behar dugu gaur zer den pirateria eta zer den legea haustea.

Irakurgailuan zituen liburu guztiak eta kontua ezabatu berri dizkio Amazonek erabiltzaile bati. Paperezko liburua erosten zenuenean, zeurea zen. Horri uko egingo diogu digitalekin?

Horrez gain, pribatutasun arazoak daude: badakite zer irakurtzen duzun, noiz, zein ordutan, eta zenbat denbora pasatu duzun orri batekin... Ematen diegun informazio hori saldu egiten dute gero. Liburuzainok asko dugu horretan esateko eta protesta egiteko. Plataformen gehiegikerien kontrako neurriek, halere, politikoak izan behar dute: administrazioak esku hartu behar du.

Zer eskatuko diezu liburuzainei gaur Donostian?

Adi egoteko, aukera handiak ditugulako, baina arrisku are handiagoak. Liburutegien arteko benetako lankidetza ezinbestekoa da, baita administrazioarekikoa eta gizartearekikoa ere. Izan ere, honetan, galtzaile edo irabazle ez dira izango editoreak eta liburutegiak, baizik eta irakurlea.

No comments:

Post a Comment