Thursday 18 October 2012

«Ezker berria agintera heltzea da hedabideetako langileen itxaropen bakarra»

 Christian Fuchs, irakaslea.



Krisi garaian Europako komunikabide askok herritarrak nola manipulatzen dituzten azalduko du Christian Fuchs Uppsalako Unibertsitateko komunikazio irakasleak, gaur, Bilbon, 16:30ean.
Christian Fuchs (Waidhofen, Austria, 1976) Hedabide eta Komunikazio ikasketen burua da Uppsalako Unibertsitatean (Suedia), eta Komunikazioa, krisia eta kritika kapitalismo garaikidean konferentziako hizlari nagusietako bat izango da. EHUk eta Europako Soziologia Elkarteak antolatu dute, Bilbon, Bizkaia aretoan, gaurtik igandera.



Komunikabideen krisia noraino dago lotuta Internet eta bestelako aldaketa teknologikoekin, eta noraino ekonomiaren krisiarekin?

Lotura asko daude kazetaritzak eta hedabideek pairatzen duten krisiaren, Interneten eta ekonomiaren krisiaren artean. Kapitalismoaren krisiaren ondorioz, etekinak murrizten ari dira, eta, horren eraginez, diru gutxiago dago publizitatean gastatzeko. Gainera, enpresek Interneteko sare sozialetara eraman dute publizitatea, horietan euren bezero izan daitezkeenak zuzenago eta zehatzago identifikatzen dituztelakoan. Kapitalismoak krisiak sortzen ditu, eta hurrengo finantza burbuila sare sozialetan puzten ari da, eta litekeena da eztanda egitea bizpahiru urte barru.

Krisi garaian herritarrak nola manipulatzen dituzten azalduko duzu gaur. Adibideren bat?

Greziako krisia da adibiderik hoberena. Kapitalismoaren, neoliberalismoen eta austeritate neurrien kontraesanak oso ondo erakusten ditu, baina Europako politikariek eta hedabideek, oro har, egiturazko kausak azaldu beharrean, estereotipo arrazistekin aurkeztu dute: hegoaldeko jendea alferra dela, ustela, eta beste europarren diruarekin bizi nahi du. Ezkerreko Siriza alderdia nola erretratatu zuten manipulazioaren beste adibide bat da.

Kazetariek, oro har, lagundu egin dute neoliberalismoaren ideologia zabaltzen azken hamarkadetan. Orain, horren biktima bihurtzen ari dira?

Ez da banakoen errua izan. Neoliberalismoa fenomeno politikoa da; beraz, inori baino lehen, politikari eskatu beharko genioke erantzukizuna, besteak beste alderdi sozialdemokratei, ideologia hori onartzeagatik, eskuinerantz egiteagatik eta ezinezkoa egiteagatik eurak alderdi kontserbadoreetatik bereiztea. Egia da: hedabide eta kazetari askok ez dira behar bezain kritikoak izan, eta ideia neoliberalei tratamendu positiboa eman diete. Hori aldatzen ari da, edonola ere. Paisaia politikoa aldatzen ari dela ikusten dut: ezker berri bat sortzen ari da, sozialismo mota bat, neoliberalismoari alternatiba aurkezteko. Kazetariek arreta handiagoa eskaini beharko liokete mugimendu horri.

Eta nola egingo dute hori, kaleratzeko mehatxua gainean dutenean?

Lan baldintzen okertzea orokorra da, baina sorkuntzaren industrian are larriagoa, neoliberalismoak zuzenean eragin diolako. Ezker berria agintera heltzen bada, lan baldintza horiek hobetuko dituela espero dut. Ezker berria da dagoen itxaropen bakarra, parean neoliberalismoak are gogorrago moztu nahi dituelako hezkuntzarako eta gizarte laguntzak eta mugimendu faxistak sortzen ari direlako.

Ekaitzaren ondoren, zelako komunikazio panorama izango dugu Europan bost urteren buruan?

Hiru aukera daude: neoliberalismoa gogortzen jarraitzea, eskuin muturrera jotzea edo sozialismo berriko gobernuak sortzea, benetan sozialistak, ez demokristauak. Hori hautatuz gero, lan baldintzak hobetuko dira. Baina, horretarako, zalantzan jarri beharko dira ezberdintasunak, pobreen eta aberatsen arteko aldea, eta zerga bereziak ezarri etekinei, Europa osoan.

No comments:

Post a Comment