Thursday 22 November 2012

«Enpresak eta garatzaileok sekulako ahalmena dugu hemen; baina lotura falta»

Nagore Guarretxena, ingeniaria



Argazkilaria: codesyntax

Akting Ingeniaritza enpresako sortzaile eta buruetako bat da Guarretxena. Sakelako telefonoentzako aplikazioak garatzen dabiltza jo eta ke. Adibide batzuk erakutsiko ditu gaur, Donostian.

Nagore Guarretxena (Andoain, Gipuzkoa, 1982) Akting Ingeniaritza enpresako sortzaile eta buruetako bat da. Aktingek ekitaldietarako sarrerak saltzea errazteko sorturiko BarraBarra aplikazioa eta Interneten enkanteak gardentasunez egiteko DingaDanga sistema aurkeztuko ditu gaur, 18:00etan, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Innogunean, Betor hitzaldi sortaren barruan.



Sakelako telefonoekin maiteminduriko jendea gara. Zuek hasieratik zenuten argi etorkizuna poltsikoan egongo zela?

Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi genuen Donostian; lehen promozioa izan ginen. Artean sakelako telefonoekin hasiberriak ginen geu ere, eta gailu bat asmatu genuen itxarote ilarak saihesteko. Txanda eskatu ondoren, busca moduko bat ematen zizuten. Kafea hartzera-edo joan, eta gailuak ohartarazten zintuen noiz zenuen txanda. Ez genuen aurreikusi sakelako telefonoekin gaur noraino irits gintezkeen, baina argi ikusi genuen geure ideia oso lotuta zegoela sakelakoekin.

Hasierako ideia horren kumea da BarraBarra sarrerak saltzeko aplikazioa?

Euskal Herriko Bertsozale elkarteak eskatuta egin genuen plataforma, ez zutelako Internetez sarrerak saltzeko modurik eta ilara handiak sortzen zitzaizkielako ekitaldien aurretik. Plataforman norberak jartzen du ekitaldia, sarreren salneurria eta kopurua, enter sakatu, eta, prest, sarrerak saltzen has daiteke. Bezeroak erosten du, eta mezu elektroniko batez jasotzen du sarrera. Inprimatu edo sakelakoan gorde, eta, gero, atean, hori erakusten duzu. lana kentzen dio ekitaldiaren antolatzaileari eta entzuleari. Gainera, une oroz kontrolatzen duzu zenbat saldu diren. EH Zuzenean jaialdirako erabili dute sistema, BECatu kontzertuan duela gutxi, Pirritxek eta Porrotxek...

Tabletak heldu eta, agian, galdu egingo dira urte gutxitan, netbookekin gertatu bezala. Baina argiagoa dirudi telefonoak eramaten jarraituko dugula. Zuen apostua hori da?

Gailu horietarako produktuekin asmatzea da gure erronka. Horretarako aplikazioak eskatzen dizkigute gehienbat gaur. Gure kasuan, ikerkuntza eta garapena ezinbestekoa zaigu, orain sakelako adimendunak bezala, bost urte barru beste zerbait izan daitekeelako.

Askok pentsatuko dute mundu horretan dena jokoak direla.

Trenen mantentze lanean dabilen enpresa batekin egin dugu lan: gurpilak neurtzeko, perfilometro laser bat erabiltzen dute, zenbat eta non gastatu diren jakiteko. Gailu hori lehen PDA batekin kontrolatzen zen, eta oso garesti ateratzen zen. Orain, aplikazio bat egin diegu, eta sakelakoarekin kontrolatzen du langileak. Berdin gabiltza ate automatikoen mantentzea Internet bidez kontrolatuz kilometro asko aurrezten duen beste enpresa batekin.

Behar bezalako komunikazioa dago Euskal Herrian enpresen eta aplikazio garatzaileen artean?

Askoz handiagoa beharko genuke; oso argi daukat. Haiek ez dakite aukera piloa daukatela halako teknologia erabilita, eta halako teknologian gabiltzanok ez dugu jakiterik haiek zer-nolako gauzak behar dituzten. Bi aldeetatik sekulako potentziala dago, baina lotura falta zaigu. Pentsatu beharko genuke nola sustatu komunikazio hori, denon artean gauza bikainak egiteko.

No comments:

Post a Comment