Wednesday 28 November 2012

«Langile gehienak artistak bezala sentitzen dira orain; segurtasunik gabe bizi dira»

Kepa Garraza, margolaria




Kepa Garraza, Kate Mossekin, erakusketako margo batean.

 Bere burua Henry Kissinger, Lady Di, Mick Jagger, Andy Warhol edo Cindy Shermanekin erretratatzen du Garraza artistak. Arte sistemari eta neoliberalismoari buruz ironiaz diharduen erakusketa du Bilbon.

Kepa Garraza margolariak (Berango, Bizkaia, 1979) Kepa Garraza erakusketa zabaldu berri du Bilboko Windsor Kulturgintza aretoan. Izan ere, bera da margoetako protagonista, bere burua arteko eta politikako ospetsuekin erretratatu baitu.



Ez al duzu apustu arriskutsu samarra egin, jakinda berehala nartzisismoa leporatuko dizutela?

Ataka honetan sartu nintzenean, banekien zelako arriskua nuen. Baina, bai, argi dago margo sailak nartzisismo ukitu handia duela, lehen begiradan, behintzat. Baina, gero, bigarren interpretazioa egiten baduzu, ikuslea berehala konturatzen da mitoez eta horien ingurukoei buruzko hausnarketa bat dela. Artearen munduaren eta, artea izan ez arren, horren inguruan dagoen guztiaz ari naiz: merkatua, enkante etxeak, museoak, bildumagileak, erakunde zuzendariak, komisarioak... Hau da, sortzaile gehienen bizimodutik oso urrun dagoen mundu horretaz, non sekulako dirutzak mugitzen diren askotan balio askorik ez duten artelanengatik. Krisi gogor eta sakon honetara eraman gaituen merkatu ekonomiaren isla zehatza da mundu hori.


Zure izen bera duen fikziozko artista bat sortu duzu, baina hura zu baino 26 urte zaharragoa izatea erabaki duzu. Zergatik erretratatu duzu zeure burua batez ere 1980ko hamarkadan?

Garai horretan, 1980ko hasieran, gaurko arte garaikidearen merkatuaren hazia erein zuten. Lehen aldiz, artea kontsumo bide globala bihurtu zen. Ordura arte, Mendebaldeko burgesiarik aberatsenaren bizioa zen. Hortik aurrera, berriz, klase ertainen edo herri xehearen artean zabaldu zen. Arte merkatu puztuaren lehen sintomak orduan agertu ziren. Garai hartakoa da Mendebaldeko ekonomiaren liberalizazioa, Reagan eta Thatcherren eskutik. Gaurko politikaren, ekonomiaren eta gizartearen aurrekaria da.

Kepa Garraza, Ronald Reaganekin.


Warholekin margotu duzu zeure burua, baina baita Damien Hirstekin ere. Azken hori zure obsesioetako bat da. IBDA sailean, bahitu egin zenuen, eta metraileta bat jarri zenion buruan, eta, orain, harekin cocktail-ak hartzen?



Warhol eta Hirstekin erretratatu dut neure burua, biek irudikatzen dutelako euren lanarekin diru asko sortzeko ahalmena eta artelanak ekoizteko prozesua industrializatzeko joera. Hirst arte merkatuaren gehiegikeria eta eromenaren ikurra da. Nire lanean beti landu ditut artearen sistemaren inguruko gaiak. Gero eta diru gehiago mugitzen da artearen inguruan. Ez dago krisirik horretan, hori ikusteko aski dira New Yorkeko eta Londresko azken enkanteen zifrak. Horrek erakusten digu dirua benetan dutenei krisiak ez diela eragiten; eta, ziurrenera, mesedegarria zaie.

Kepa Garraza, Damien Hirstekin.


Eta, halere, artearen munduaren «gaitzespen zuria eta manikeoa» ez duzula egin nahi diozu?

Nik fikzio bat planteatzen diot ikusleari, ez kritika irekia. Kritikak bere burua zapuztu du azken urteotan; panfletoa eta dogma ez dira jendearengana heltzeko modu eraginkorrak XXI. mendean. Ironia da nire jokabidea.

Kepa Garraza, Warhol eta Basquiatekin.


Zu ere artista zara. Non zaude artearen mundu horretan?

Euskal Herrian lan egiten duen artista gazte gisa, guztiz periferiakoa naiz, artean bizirik irauten duen horietako bat naiz. Fenomeno bitxia gertatzen ari da orain: langile gehienak artistak bezala sentitzen dira; segurtasunik gabe bizi dira, artistok betidanik bezala. Barregarria litzateke, dramatikoa ez balitz.


No comments:

Post a Comment