Friday 8 February 2013

«Digitalak ekarritako demokratizazioak asko indartu du argazkigintza»

Ion Markel Saez de Urabain, argazkilaria.

Kalekumeak erakusketako irudietako bat.
Sakelakoarekin eginiko 'Kalekumeak' argazki erakusketa zabalduko du Saez de Urabainek gaur Donostian. Argazkigintzaz mintzatu da, jatetxeko jakien eta katuen erretratuz beteriko Interneten aroan.

Argazkilaria da Ion Markel Saez de Urabain (Lazkao, Gipuzkoa, 1970). Kalekumeak erakusketa zabalduko du gaur, Okendo kultur etxean, Donostian. Duela hiru urte, Aztarnak egitasmoa gauzatu zuen: bere buruari egunero argazki bat egin zion, 365 egunez. Oraingoan, sakelako telefonoarekin eginiko erretratuak erakutsiko ditu.



Argazkilari profesional bat sakelako telefonoarekin aritzea ez al da Messi puxika batekin futbolean jokatzea bezala?

Ez. Gaur argazkigintzaz bizi den batentzat sekulako tresna egokia da sakelako telefono baten kamera lan pertsonalak eta ezberdinak egiteko. Askok erabiltzen dute. Sakelakoa beti duzu eskura, eta kaleko bizitza erretratatzeko ezin egokiagoa da. Gainera, beste abantaila ere badu: reflex batekin ari bazara kalean, jendearen arreta pizten duzu, eta gelditu egiten dira. Telefono bat oharkabean erabil dezakezu, eta argazki naturalagoak lortzen dituzu.



Baina egin al daiteke argazki onik sakelako batek duen optikarekin?

Argazki onak baino gehiago norbere argazkiak izatea da garrantzitsua: zuk ikusten eta kontatzen duzun istorioa adieraztea da kontua. Hori jendearengana heltzen bada, lortu duzu zer edo zer.

Kaleko argazkigintza erreibindikatzen duzu oraingoan. Zer ikusi duzu espaloian?

Street Photography mugimenduko istorio klasikoak dira erakusketa honetakoak, inguruko hirietan topa ditzakezunak: kuadrillak, bankuetan lotan dagoen jendea... «Ohiko istorioak dira; hori egunerokoa da», esango dute batzuk, baina nik ikusten dudanean, zer edo zer kontatzen dit horrek.

Argazkilari batzuek ez dute begi onez ikusten argazkigintza digitalak ekarri duen demokratizazioa.

Horrek asko indartu du argazkigintza. Horrek ekarri du inoiz baino argazki gehiago egitea, eta argazkigintza asko zabaltzea gizartean, denon esku dagoelako. Lehen, oporretan bakarrik ateratzen genituen argazkiak, baina, orain, sakelakoak aukera eman du egitasmo asko sortzeko.

Baina Instagram eta Interneteko argazkizaleen beste sare sozialek ez al dute eragin guztion argazkiak antzekoak izatea?

Eguneko gauzak ateratzen ditugu, eta antzeko bizimoduak ditugu denok. Norberak ikusi behar du bere burua artistatzat duen edo ez. Ni argazkilari profesionala naiz, eta ez dut neure burua artistatzat. Argazkilaritza gauzak irudikatzeko modu bat da, besterik gabe, ez du zertan artea izan. Instagram ere erabili nuen bolada batez. Gero utzi nuen, beste bide batzuk topatu ditudalako beste argazkilariak-eta ezagutzeko.

Mahaian jarri dieten espageti platerari argazkia egin eta Twitterren zabaltzen dute askok. Ez al da gehiegizkoa?

Hori argazkigintzarekin baino gehiago, sare sozialekin dago lotuta. Jendeak hori partekatu nahi du, egunerokoa idatziko balu bezala. Sare sozialek askatasun hori ematen dute, norberak nahi duena erakusteko.

Ez genuke argazkirik gabeko egun ofizial bat eratu beharko betekadaren kontra?

Ez. Argazkilaritza maite duenak badaki zeri eman garrantzia eta zeri ez. Gauza ezberdinak egin nahi badituzu, aurretik pentsatu behar duzu zer lortu nahi duzun, edo zein istorio kontatu nahi duzun.

No comments:

Post a Comment