Thursday 14 February 2013

"Atxaga inozo samarra izan zen erakundeek hiriez duten diskurtso bera aurkezten"

Andeka Larrea, filosofoa.


Argazkilaria: Iñigo Azkona / Argia

'Obabakoak' liburuaren egileak proposaturiko Euskal Hiria Eusko Jaurlaritzak bahitu eta abiadura handiko trenean oinarrituriko egitasmoa saltzeko erabili duela azalduko du Andeka Larreak.
Andeka Larrea (Bilbo, 1972) filosoak Euskal hiria: metafora literaria? Una metrópoli vasca global? Ciudades interconectadas por la alta velocidad? hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Kortxoenea gaztetxean (Gros auzoa, Donostia).



Euskal Hiria erabiltzen hasi zenean, imajinatuko al zuen Bernardo Atxagak ideia hori abiadura handiko trena justifikatzeko erabiliko zutela?

La pelota vasca filmean erabili zuen Atxagak metafora, eta gero testu pare bat idatzi zituen horren inguruan. Metafora polita da pentsatzeko, baina, gero, Eusko Jaurlaritzak ideia hori erabiliko zuela erabaki zuen. Euskal Hiria deitu zioten hiru hiriburuak abiadura handiko trenarekin lotzeko egitasmoari. Atxaga da leloaren aita, baina nik ez dut uste haren ideiak zerikusia duenik gero Jaurlaritzak eginikoarekin.

Belaunaldi bateko sortzaileek misio gisa hartu zuten euskara eta euskal kultura nekazaritza munduarekin lotzen zuen klixea haustea.

Atxagak berak onartu zuen txikitan gutxietsita sentitzen zela hiriko eskolan herri txiki batekoa izateagatik. Ondorioz, kosmopolitismo ilustratu hori hartu zuen: hiriak modernitatearen eta ezberdintasunaren gune gisa zoragarriak direla, eta Euskal Herrian horietatik gehiago ikasi beharko genukeela eta esentzialismoa baztertu. Erromantizismoa versus ilustrazio kontu zaharra da. Hiri-herri dikotomia hori faltsua da. Euskal Herrian, industrializazioaren ondotik, hiri eta landaren arteko nahasketa bat egon da, eta ez du zentzurik bi gizarte eta nortasun eremu kontrajarri gisa aurkezteak. Konplexuak galtzeko garaia da: hiria eta herria aldamenean jarri behar dira, bietatik zerbait positiboa ateratzeko.

Hiria ez al da izan ideiak trukatzeko eta garatzeko leku nagusia (Internet sortu arte)?

Bai, jendea eta baliabideak pilatzen direlako hirietan. Erakundeek, ordea, modernitatearen eta garapenaren eredu gisa aurkezten dituzte. Atxaga inozo samarra izan zen erakundeek hiriez duten diskurtso bera aurkezten. Erakundeen diskurtso horretan gauza asko ahazten dituzte.

Atxagak berak azaldu zuen gertaturikoa Astoa eta Euskal Hiria artikuluan. Artistaren erantzukizunaren gaia dago hor. Noraino da Atxaga erantzule bere ideia bat erabili badute?

Berak ere erreakzionatu zuen ikusi zuenean Jaurlaritzak bere leloa hartu zuela, eta gizarte mugimenduen erantzunarengatik. Behin zuzenean aurpegiratu egin zioten Jaurlaritzaren egitasmoaren erantzulea izatea. Berak esan zuen hori ez zegoela zehatz bere ideian. Eta egia da; haren ideia poeta ilustratu batena da. Garai hartako egoera politikoarekin lotura zuen, gatazkaren Gordioko korapiloa askatu nahi zuen hiriko kosmopolitismoarekin. Nola imajinatu hori hiri garapenerako egitasmoaren lelo bihurtuko dela. Halere, testuetan Atxagak kritika egiten dio EAEko erakunde eraikin konplexuari, eta hori berriz agertzen da Jaurlaritzaren agirietan: Euskal Hiri hori lortzeko, erakundeak sinpletu egin behar zirela, alegia.

Egitasmoak jaurlaritzan duen indarra ikusten ari gara egunotan. Murrizketa garaian, zalantzan jartzen ez den gauza bakarra AHT-a da.

Abiadura handiko trena etorkizuneko Euskal Hiria horren bizkarrezurtzat daukate. Ez bada lortzen herritarrak hiriburuen artean mugitzea, ez da sortuko beraiek masa kritikoa deitzen dutena eta ez da lortuko euskal hiri eskualde hori. Horregatik, ekonomiaren egoera esaten diguten baino tamalgarriagoa izan arren, eta atzerapenak onartu arren, ez diote uko egingo trenari, bestela egitasmo osoa baztertu beharko luketelako. Horretarako jendearen mugikortasun osoa aldatu behar dute: zu Bilbon bizi zaitezke, baina Donostian lan egin, eta, arratsaldean Gasteizera erosketak egitera joan, ordu erdi batean iristen zarelako. Trenaren bideragarritasunaz zalantza asko egon arren, ez dute atzera egingo.

Bertutea erdian badago, zein litzateke Euskal Herriaren eta Euskal Hiriaren arteko erdibide osasungarria?

Erdibide bat dago. Lurralde txiki samarra da hau, eta ez da zaila elkarrekin harremanetan ondo jartzea garraiobide tradizionalekin. Herriaren gauza onak hirikoekin uztar daitezke, eta, izan ere, jendeak uztartu egiten ditu dagoeneko. Beste modu batean pentsatu behar dugu bien arteko harremana. Hirigileen esku uzten badugu gorriak eta bi ikusiko ditugu.

Eta, bide berean baina kultura aldetik, ez al da garaia ilustrazio-erromantizismo penduluaren zirkulutik ateratzeko?

Badugu garaia konplexuak kentzeko. Norbere nortasun nazionala gaur defendatzen duenak ezin du «a, erromantiko bat zara» trikimailu gezurti horretan erori. Ez da egia; ez naiz erromantikoa horregatik; eta hiria, gainera, ez da bizikidetzaren gune zoragarri hori. Euskal nortasuna hirikoa da, berez, sakon-sakonean, aspaldi. Atera gaitezen behingoz tranpatik.

No comments:

Post a Comment