Wednesday 20 February 2013

«Euskañolik inoiz erabili ez duenak bota dezala lehenengo harria»


Kike Amonarriz, soziolinguista.




Euskararen botila zer dago, erdi beteta edo erdi hutsik? Hizkuntza eta hiztunak datozen hamarkadotan nola aldatuko diren azalduko du Amonarrizek gaur, eta, iragarri duenez, asko aldatuko dira.

Kike Amonarriz (Tolosa, Gipuzkoa, 1961) filologoa, soziolinguista, txiste kontalaria eta telebista aurkezlea da. XXI. Mendeko euskaldunak: Nola aldatu(ko) diren gauzak, kamarada! hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Zumaiako (Gipuzkoa) Alondegian.



Irautearen miraria egin du hizkuntza zahar honek, klixearen arabera, eta horrenbeste aldatuko dira gauzak orain?

Gure hizkuntza komunitatean, azken hamarkadetan, sekula santan jazotako aldaketarik handienak gertatu dira: lehenengo aldiz gure historian, ez dago euskaldun elebakarrik. Lehen aldiz, euskaldun gazte gehienen gurasoak erdaldunak dira. Lehen aldiz, euskara batua dugu, eta, aurreneko aldiz, gazte gehienak euskaraz ari dira ikasten. Beraz, gauza asko gertatzen ari dira lehen aldiz gure historian. Horrek esan nahi du gure hizkuntza komunitatearen ezaugarriak errotik ari direla aldatzen. Hori ikusita, argi dago geroan ere aldaketa handiak datozela hizkuntzan, horrekiko jarreran eta erabileran.

Aldaketaren zorabio horretan, batzuek apokaliptiko jokatzen dute, eta beste batzuek «dena ongi doa» diote. Zu non zaude?

Ez naiz ez apokaliptiko ezta integratua ere. Datu objektibo batzuk daude: aurreratu dugu, baina ez nahi genukeen adina. Gauza asko egin dira, baina gauza askoz gehiago egin zitezkeen. Gauza batez ez gara jabetzen askotan: Europako, eta, neurri batean, munduko hizkuntza minorizatuetan mugitzen direnen erreferentzia nagusietako bat euskara eta gure hizkuntza komunitatea da. Horrez gain, erabileran aldaketak gertatuko dira: gaurko erabilera ezin da epaitu duela 40 urteko erabileraren parametroekin. Mundu globalizatu batean bizi gara, hizkuntza kontaktu bete-betean gaude, eta horrek ondorioak ditu. Jarrera irekiagoak behar ditugu, batez ere, hurrengo belaunaldiak eta eskualde erdaldunetako euskaldunak euskaldun praktikanteak izatea nahi badugu.

Haur eskoletan erdara sartzeko EAJk, PPk eta UPDk duten asmoak kezkatzen al zaitu?

A priori, albisteak kezka sortzen du, badakigulako adinik txikietan askoz errazagoa dela hizkuntza ikasten dela bermatzea, ondoren baino. Saihestu beharko genuke erdara gehiago sartzea horretan.

Euskararen inguruan beti albiste txarrak nabarmentzen ditugu?

Autoflagelatzen ohituta gaude herri honetan. Ezin dugu ezer ospatu baina bat aurkitu gabe. Gaur jende askok ez du euskaraz egiten aurkitzen dituen oztopoengatik: segurtasun falta, hiperzuzenketa... Oztopo horiek identifikatzen eta indargabetzen hasi behar dugu.

Aurreko batean, esan zenuen euskañolik ez balego gazte askok ez zuketela euskaraz fitxik ere egingo.

Esaldi bibliko bat erabiliz, euskañolik sekula erabili ez duenak bota dezala lehenengo harria. David Cristal soziolinguistak dio gaur munduan kode nahasketa dela hiztun gehienen ohiko egoera. Euskararen kasuan, ohikoa izan da egoera hori, latinarekin, arabierarekin... Beste kontu bat da hori modu orekatuan edo ekologikoan gertatzea. Hizkuntza degradatzeko arriskua hor dugu, baina erdaratik euskarara datorren jendearentzat, kode nahasketa —eta hanka sartzea— ezinbesteko urratsak dira. Gure arazoa, beraz, ez da hori gertatzea, baizik eta alde kezkagarriak gelditzen asmatzea. Hizkuntza minorizatuen kasuan, gehiegizko garbizalekeria heriotza zigorra da.

No comments:

Post a Comment