Friday 15 February 2013

«Valentzia bataila eremu bat da, eta derrigorrean aukeratu behar duzu non zauden»

Carles Soler 'Biano', Orxata Sound System taldeko kidea.


Orxata Sound System taldea, Islandian. Biano, eskuinetik lehena da.


Kantetako hitzak zaleekin elkarlanean sortzen ditu Valentziako Orxata Sound System wiki taldeak. Euskal Herriarekiko musika zubia ospatzeko jaia girotuko dute gaur, Donostian.

Carles Soler Biano (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1984) programazioaz eta samplerrez arduratzen da Orxata Sound System taldean. «Herrialde Katalanetako Asian Dub Fundation» gisa deskribatu dute taldea. Gaur Donostiako Doka kafe antzokian egingo den Moonbasqueton jaiaren protagonistak izango dira, 21:00etan. Ondoren, Beldarrain, 113DJ, Josianito, Hibai eta Biano bera arituko dira diskoak jartzen.





Zuen kantetako hitzak zaleekin elkarlanean osatzen dituzue. Historiako lehen wiki taldea zarete?

Ez dakigu. Ideia Wikipediatik hartu genuen zuzenean, eta ez dugu halako beste egitasmoren berririk. Baina baliteke egotea besteren bat nonbait.

Lehen diskoan saioa egin zenuten, eta ondo atera zen. Dagoeneko hiru disko luze argitaratu dituzue. Nolakoa da hitzak sortzeko prozesua?

Disko guztietan erabili dugu jendearekin elkarlanean sortzeko sistema, abesti guztiak sortu ditugu horrela. Denborarekin, metodoa garatuz joan gara: hitzen enbrioiak Interneten jarri izan ditugu, gure gunean, eta jendeak ideiak ekarri eta hitzok aldatzen ditu. Diskoak argitaratu ahala, gero eta jende gehiago ibili da elkarlanean. Azken diskoan, ehunka pertsona aritu dira. 3.0 izenburuko azken lan horretan, gainera, ez ditugu guk hasi hitzak: gaiak proposatu dizkiegu gustuko genituen hainbat pertsona eta talderi, haiek sor zitzaten kanten enbrioiak. Valentzia, Bartzelona, Donostiako eta Brasilgo jendeak ere parte hartu du.

Zertan dira ezberdinak kantak horrela sortzen direnean?

Ziurrenik, geuk eginez gero, ez ziren horren zorrotzak izango, jende askok parte hartzen duenean errazagoa baita ideia berri gehiago heltzea. Horrez gain, jendea errazago identifikatzen da abestiarekin gero. Gure kantak jendeak eurenak direla sentitzea nahi genuen, eta hori errazago lortzen da jendeak berak egiten baditu.



Elkarlanarekin esperimentatzen ari zarete Valentzian. Valentzia bera ez al da —Nafarroa bezala— gizarte esperimentu erraldoi bat izan azken hamarkadotan?

Valentzia bataila eremu bat da. Esparru politikoan oso bortitza da, eta derrigorrean aukeratu behar duzu non zauden bataila horretan. Horrez gain, gure proposamena arriskutsua zen, musika aldetik, hainbat tradiziotik abiatu garelako. Jendeak oso ondo hartu du. Gazteengana heldu gara, baina baita zaharragoengana ere, besteak beste, bakailaoaren bidea bizi izan zutenengana.

Valentzia bataila eremua dela diozu, eta 0.3 diskoa grabatzeko Islandiara joan zineten. Han gertaturikoa eredutzat duzue?

Zuzenean ikus nahi genuen han gertaturikoa. Gainera, film labur bat grabatu nahi genuen han. Islandiarrak harro daude politikari eta bankujabe ustelak zigortu izanagatik, baina eszeptiko samarrak dira, ekonomia aldetik berdintsu jarraitzen dutelako. Ausartak izan dira politikan, eta Konstituzioa idatzi dute Interneten bidez elkarlanean, geuk geure kantak bezala.

Zuen zuzenekoetan jai giro beroa sortzen duzue. Baina espero al duzue euskaldunak, otsailaren erdian, kulero-galtzontzilotan jartzea zuen Suavitat Universal kantarekin?

Kontzertu gisa barik, Valentzia eta Euskal Herriaren topaketa jai gisa ulertzen dugu Dokakoa. Bion arteko zubi hori ospatu nahi dugu. Jendea kulerotan geratzen bada, sekulakoa izango da, baina ez dugu helburua horren goian jarri.


No comments:

Post a Comment