Saturday 2 February 2013

«Ez gizon eta ez emakume ez den hirugarren izaki perfektua eraiki nahi dut»


Miguel Bonneville, artista.

Miguel Bonneville #6 izenburuko performancea egingo du sortzaile portugaldarrak Bilbon. Autobiografia landu du orain arte, eta aurrerantzean bere buruaz arituko da, besteen bizitzaren bitartez.
Miguel Bonneville (Porto, Portugal, 1985) dantza, antzerki eta performancearen munduan dabil lanean. Nortasuna eta autobiografia ditu gai nagusi. Miguel Bonneville #6 lana aurkeztuko du gaur, 20:00etan, eta bihar, 19:00etan, Bilboko La Fundicion aretoan, Zinegoak jaiaren harira.



Zeure buruaren inguruko lan sail bat egiten ari zara. Gaur seigarrena aurkeztuko duzu. Zertan da berezia hau?

Bestetan bakarrik aritu naiz beti. Baina honetarako, sei emakumeren laguntza izan dut. Nire autobiografia baino gehiago, besteena jorratzen dut. Neure buruaz mintzo naiz, betiere, baina besteen ahotsaren bidez. 2008an erabaki nuen ez nuela beste lan gehiagorik egingo nire harreman hautsien inguruan, eta zerbait eraikitzaileagoa egin behar nuela.

Zergatik emakumeak?

Hirugarren pertsona perfektua lortu nahi izan dut, haien eta nire artean.

Nola perfektua?

Gizonezkoekin izan ez dudan kalitatea eta bizimodua emango didatenak. Emakumeek eginkizun garrantzitsua izan dute nire bizitzan. Zergatia jakin nahi nuen.

Erantzuna aurkitu duzu?

Bai eta ez. Argiago dut orain emakumeek niregan duten garrantzia, baina oraindik asko dut bilatzeko.

Eta ileordeak eta makillatzeak ez dira komunikazio hori zailtzen duten klixeak?

Nik ez dut hau trabestismo gisa ikusten, baizik eta haiengana hurbiltzeko eta sakonena ateratzeko modu gisa. Nire amari buruz hitz egiten hasi nintzenean hasi nintzen ileordea erabiltzen. Nire ama ilehoria da. Baina apaingarri bat besterik ez da. Ez naiz saiatzen emakume bihurtzen.

Nola egiten duzu performancean hirugarren pertsona hori lortzeko?

Bideoan agertzen dira emakumeak hitz egiten, eta ni, aldi berean, haiek diotena esaten saiatzen naiz. Nire aurreko performanceak motz samarrak izan dira, ordu erdi ingurukoak. Ordubete baino gehiago irauten duen lehena da hau. Luzea da, saiatzen naizelako nire baitan biltzen eta benetan beste egoera batean sartzen. Emakumeek diotenari fidel izan nahi natzaio eta hitz bat bera ere ez galdu, hirugarren pertsona hori eraikitzeko, ez gizon eta ez emakume ez den izaki hori eraikitzeko, bien artean dagoena. Perfektua izango litzatekeela diot, askeago litzatekeelako.

Generoaz harago, gizatiarra dena aurkitu nahi duzu, beraz?

Bai.

Nolakoak izango dira saileko azken performanceak?

Eginak ditut dagoeneko. Nire heriotzarekin amaitzen da. Carlos Alberto Bonneville aitonaren izena duen kaperan hildakoarena egiten egon nintzen bi orduz, Portoko Kristalezko Jauregiko lorategietan. #7. performancean, berriz, nire ahotsa duen orein bat elkarrizketatzen dut. Nire aurreko lanen karikatura da.

Zure musika egitasmoak BlackBambi du izena. Zergatik duzu halako obsesioa Bambirekin?

New Yorken egon nintzen 15 urterekin, anaiarekin, eta Historia Naturaleko Museoan nengoenean, orein batzuen dioramaren aurrean, «begiratu, zu zara» esan zidan hark. Geroztik, Bambi naiz.

Zure lanak badu halako puntu xamanikoa. Zer egingo duzu hil eta piztu ondoren?

Nire biografiarekin amaituta, besteen bizitzarekin nabil: Antonio de Macedo zientzia fikzio zinemagile baztertua eta Simone de Beauvoir. Orain, beste ziklo bat hasiko da. Beti izango da nitaz, beste pertsonen bidez bada ere.

No comments:

Post a Comment