Wednesday 30 January 2013

«Errituak garrantzitsuak dira, baina bada bestelakorik ere: hurbiltasuna, kasurako»


Antton Valverde, musikaria.


Musika eta literatura batera, Lauaxeta, Lizardi eta Leteren poemen inguruko '3Lak' emanaldia eskainiko du Valverdek pianoarekin, Anjel Lertxundirekin batera gaur Donostian.


Antton Valverde (Donostia, 1943) kantugilea Anjel Lertxundirekin batera arituko da gaur, 19:00etan, Donostiako San Telmo museoan, Lizardi, Lauaxeta eta Xabier Leteren inguruko 3Lak musika eta literatura emanaldian.



Boladan daude musika eta literatura uztartzen dituzten ekitaldiak. Bakoitzaren entzuleak harrapatzeko modu eraginkorra da?

Beti ibili behar da zerbait berriren bila. Kantaldiak oso ondo daude, baina garai batean baino askoz gutxiago egiten dira. Poesia eta musika bateratzea interesgarria da, eta poeta batzuen lana ezagutarazteko bidea ematen du. Halako emanaldiekin lortu egiten da: poetez hitz egin, haien lanak aztertu, eta, ilustrazio gisa, kantak eman. Iaz Iruñean egin genuen lehen aldiz, eta bioi interesgarria iruditu zitzaigun emaitza. Bilbon abenduan egin genuen, eta beste bat ere hitzartuta dugu.

Izenaren hasieran L hizkia duten hiru poeta hartu dituzue. Automatikoa da pentsatzea Lertxundiren —beste L bat— joko literario bat dela. Baina gero konturatzen zara zuk ere betidanik izan duzula lotura hiru olerkari horiekin.

Bai, hasiera-hasieratik musikatu ditut hiru horiek. Leterekin izan nuen harremana zela bide, Lauaxeta nire kutuna izan delako beti, eta Lizardi ezinbestekoa delako.

Zure aitak Brahmsen musikarekin errezitatzen zituen Lizardirenak.

Lizardi beti izan da oso aipatua eta maitatua gure etxean. Ikuskizunean Lizardiz, haren lirikaz eta gaiez arituko gara, musikarekin ilustratuta. Lauxetarekin ere, amodio kantaren bat eta baita poesia soziala ere, Langile eraildu bati, esaterako. Eta Letek bere azken egunetan idatzitako poesia batekin eginiko kanta: Amaitu da bidaia. Lertxundik oso ondo azaltzen du dena.

Kantaldiak emateari utzi zenion 1978. urtean. Nola hartu zenuen erabakia berriz oholtzara igotzeko?

Iruñera gonbidatu nindutenean, aspaldi nenbilen zer edo zer ezberdina egiteko gogoarekin. Orduan Lertxundiren liburu bat irakurtzen ari nintzen, eta hari aipatzea bururatu zitzaidan. Eta berehala esan zuen baietz. Horren erraza izan zen. Betiko moldetik atera nahi nuen. Azken urteotan oso gustuko ez ditudan jaialdiak egin dira, erraldoiak, leku handitan. Jende aldetik arrakasta izan dute, baina nik nahiago izan ditut areto txikiagoetan eginikoak eta entzuleekin beste harreman bat sortzen dutenak.

Zeremoniazaleegiak garela uste duzu?

Gu Gira jaialdian parte hartu nuen, eta baita Xabier Leteri eginiko omenaldietan ere. Gehiago maite ditut bestelako ekitaldiak, halere. Zeremoniazaleegiak garen ez dakit, baina zeremoniazaleak garela argi dago. Errituak garrantzitsuak dira, baina beste gauza batzuk ere badaude: hurbiltasuna atsegin dut, areto handiek atzera botatzen naute.

Jarraitzen al duzu poetak musikatzen?

Lauzpabost kanta eginak ditut, baina lasai arraio; ateratzen direnean aterako dira. Betikoak dira, baina Sarrionandiarekin ere bueltaka nabil. Agian, ez da aterako. Gandiagaren gauza polit bat ere esku artean daukat. Diskorik ez da egongo, oraingoz, horrek biribiltasun bat behar duelako, eta oraindik ez diet halakorik aurkitu nire kanta berriei.

Poeta gazteak ez zaizkizu horren musikagarriak iruditzen?

Ez dut esan nahi, baina berriren batekin banabil lanean. Eta nire aldetik ere, musika aldetik, berritzeko asmoarekin.

No comments:

Post a Comment