Sunday 29 March 2009

«Irango emakumeek zapia eraman behar dute, baina unibertsitatean ikasiak dira»

Mila Gallastegi, bidaiaria.

Gallastegi, erdian, Isfahanen (Iran).



'Iran: topikoen aurkako bidaia' hitzaldia eta ikus-entzunezkoa emango du gaur eibartarrak Bermeon, komunikabideek Ekialde Hurbileko herrialdeaz ematen duten irudi txarra hausteko.

Bidaia agentziek eskaintzen dutenez harago bidaiatzen du Mila Gallastegik (Eibar, Gipuzkoa, 1972) Asier Aranzabal bikotekidearekin. Mongoliatik, Etiopiatik, Nepaldik, Indonesiatik eta beste hainbat lekutatik, kulturaren aniztasunaren inguruko irakaspenak ekarri dituzte urteotan, gero besteei hitzaldi eta ikus-entzunezkoen bidez erakusteko. Iran, topikoen aurkako bidaia izenburupean, saioa eskainiko dute gaur, 19:00etan, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean (Bizkaia).

Iranez egunero jarduten dute komunikabideetan. Horregatik erabaki zenuten hara bidaiatzea, edo hori hala izan arren?

Informazio asko bildu genuen joan aurretik, eta bi ikuspegi genituen: komunikabideek ematen zutena, alde batetik, eta han bizi izandakoena, bestetik. Lehengoek islamaz eta muturreko politikaz hitz egiten zuten; bigarrenek, ordea, joateko aholkatzen ziguten,eta emakumea izateagatik ez kezkatzeko esaten zidaten, errespetu handiz hartuko nindutela... Bi ikuspegi erabat ezberdinok ez ziren bateragarriak: «Zer edo zer gaizki ulertzen ari gara», pentsatu genuen. Hara joanda ikusi genuen Iran bisitatzeko arrazoi nagusia hango jendea dela.

Beste herrialde musulmanetan izan zarete. Zertan da ezberdin Iran?

Iran ez da garatu gabeko herrialde bat, nahiz eta kultura aldetik oso zorrotzak izan arlo batzuetan. Emakumeek ilea estali behar dute kalean, baina Marokon ez bezala, unibertsitatera joateko aukera izan dute, eta ez dute mugarik nahi dutena egiteko, mendira joateko edo lagunekin irteteko. Emakumea nagusitutakoan, haren aginduak bete besterik ez dute gizonek. Janzkeraren inguruko arauak gizonezkoentzat ere badira: ezin duzu galtza motzetan ibili edo ile gandorra eraman.

Itxuraren inguruko mugez gain, izango dira, haatik, debeku sakonagoak.

Gu izan ginenean, Gobernua te-etxeak ixten ari zen, osasun arrazoiak argudiatuta. Jendeak zioenez, ordea, ixten zituzten elkartzeko lekuak zirelako. Neska-mutil gazteek, esaterako, oso zaila dute elkar ezagutzeko. Askariak antolatzen dituzte, baina familia osoan. 14-16 urtekoentzat, ordea, zaila da gurasoengandik harago ibiltzea. Polizia Erlijiosoa dabil adin horietakoak kontrolatzen. Halere, legean zirrikituak ere topatzen dituzte.

Iranek duen historia luzea kontuan hartuta, islama aski berria dela esan daiteke. Zuek ezagutu dituzue Persia zaharreko kultura oraindik bizi dituztenak.

Bi nomada talde ezagutu genituen. Duten bizimoduarengatik, beren kulturaren ezaugarriak gorde ahal izan dituzte. Beste batzuk soilik itxuraz bildu dira islamera. Legeak ez du agintzen jantziek beltzak izan behar dutenik. Beltzerako ohitura dago, ahalik eta oharkabeen ibiltzeko. Haatik, nomaden artean koloretsuak dira emakumeen jantziak. Zoroastroren erlijioaren jarraitzaileek argi hitz egiten ziguten kalean islamaren legeak jarraitu behar izatearen aurka.

Bi errealitate horiek kontuan hartuta, zein ondorio helaraziko diozu jendeari gaur hitzaldian?

Ez dago herrialde perfekturik. Nagusiekiko eta familiarekiko errespetua galdua dugu hemen, esaterako. Pena ematen dit Iranez dugun irudia hara joan aurretik. Tabu asko apurtu ditut han.

No comments:

Post a Comment