Saturday 28 March 2009

«Irudi bat eraikitzeko egiten den lanaren %98 ezkutu hori erakutsi nahi izan dut»

Izaskun Alvarez Gainza, artista.


Artista donostiarrak jaioterrian jarritako 'Grafikak eraikitzen' erakusketa ikusteko aukera ostegunean amaituko da. Grabatuak sortzeko lanean erabilitako prozesua eta gaiak erakutsi nahi ditu.

Grafikak eraikitzen erakusketa jarria du Egia kultur etxean Izaskun Alvarez Gainza artistak (Donostia, Gipuzkoa, 1982). Diseinua eta arte ederrak ikasi ondoren, espazioaren inguruko ikerketa lantzen ari da. Erakusketa ikusteko azken eguna osteguna izango da.

'Grafikak eraikitzen' izena jarri diozu erakusketari. Zergatik?

Grabatuak egiteko prozesuetan beti erakusten dira paperean ateratzen diren azken emaitzak. Nik, berriz, prozesua kanpora atera nahi izan dut, jendeari erakusteko materialak prozesu horretan sar daitezen. Latoi xaflak jarri ditut, grabatuen matrizeak egiteko erabilitakoak, eta argi kanoiak zuzendu ditut horien aurka. Horrek giro berezia sortzen du. Xafletako batzuk irudiarekin eta tinta emanda daude. Normalean ez digute hori erakusten. Horrez gain, parametro matematiko batzuekin sorturiko irudiak jarri ditut: inoiz ez da irudi berdina bitan ateratzen. Irudi diseinatua eta irudi eraikia, beraz.

Nola nahas dezakezu grabatuaren gisako teknika primitiboa irudi digitalarekin?

Biek duten boterea agertu nahi izan dudalako. Ez zait iruditzen interesgarriena %100 irudi digitala erakustea, baizik bata eta bestea agertzea. Niretzat mugarria da erakusketa hau, lehen aldiz grabatuaren inguruko bakarkako erakusketa egin dudalako.

Gehiago interesatzen zaizu prozesua emaitza baino?

Irudia eraikitzeko denboraren %98 da, baina normalean ez zaio kasurik egiten. Niri gehiago interesatzen zaizkit prozesuak eta materialak, eta horien irakurketa ezberdina egin nahi izan dut erakusketa honetan, horiek sortzen dituzten sentipenekin.

Lanean aritu zara Bilboko Guggenheim museoan. Hor prozesua baino, produktua da garrantzitsuena.

Duela urtebete arte aritu naiz museoko diseinu eta muntaketa taldean. Ikusi ahal izan dut nola dabiltzan artea zilegiztatzeko boterea duten leku batean. Oso interesgarria da barrutik ikustea halako sistema batek nola funtzionatzen duen.

Eman arrazoi bat zure erakusketa ikustera joateko.

Espazioan sortzen diren gauzak eta sentipenak interesgarriak dira: soinua, xaflek espazioan sortzen dutena. Sentipen berezia sumatzen dela esan dit jendeak. Sinistu egin beharko dut.

No comments:

Post a Comment