Friday 22 March 2013

«Ardogileak emakumeen gustuak aztertzen ari dira, haientzako ardoak sortzeko»


Irati Amondarain, enologoa.


'Emakumea eta ardoaren kultura' hitzaldi-dastaketa bideratuko du Irati Amondarain adituak gaur Andoainen. Emakumeak ardogintzan sartu izana arte horri eragiten ari zaion aldaketak azalduko ditu.

Irati Amondarain (Andoain, Gipuzkoa, 1988) enologoa da. Emakumea eta ardoaren kultura hitzaldi-dastaketa zuzenduko du gaur, 19:00etan, Andoaingo Bastero kulturgunean. Emakumeen Egunaren harira antolaturiko ekitaldien barnean egingo dute saioa. Dastaketarako txartel guztiak salduta badaude ere, hitzaldia entzuteko aukera emango dute.



Donostiako hiru damatxoek josten bazekiten, baina ardoa edaten hobeki. Emakumea eta ardoaren inguruko historiaz balioko zerbait esaten digu kanta zaharrak?

Ardoen mundua maskulino samarra izan da. Ardogintza monastegietan garatu zen, eta lehen enologoak gizonezkoak ziren, apaizak edo fraideak. Emakumeek debekatua izan dute ardoa edatea jendaurrean garai askotan. Halere, emakumeek beti edan dute ardoa; etxean, ordea. Ez diogu inoiz utzi ardoa edateari. 1960ko hamarkadan hasi zen emakumea sartzen ardogintzaren mundu honetan. Hasieran, upategietako alde administratiboan sartu ziren, baina gaur emakumezko ardozain asko daude, eta enologo. Emakume asko ari dira upelategiak zuzentzen.

Aldatu al du horrek emakumeek ardoaz duten ikuspegia eta ardogileek emakumeez dutena?

Bai. Etxe askotan oraindik emakumea da sukaldari nagusia eta baita elikagaiak erosten dituena, tartean ardoa. Horregatik, upategi askok abantaila horretaz baliatu nahi dute: bihar arraina prestatu behar baduzu, supermerkatura zoazenean erosi ardo hau arrain horrekin. Emakumeok jana eta edana konbinatzeko dugun ahalmenaz konturatu dira, eta emakumeok irekiak garela ikusi dute, ez dugula ardo berriak probatzeko arazorik. Horregatik, ardogile asko emakumeen portaera eta gustuak aztertzen ari dira, haientzat bideraturiko ardoak sortzeko, edo euren ardoak haien gustura moldatzeko.

Emakumeek ardoetan bestelako gauzak gustuko dituztela diozu. Nolakoak?

Usain errazak dituztenak gustuko dituzte, lore edo fruta usainekoak. Emakumeok lurrin gozoak erabiltzen ditugun bezala, ardoari ere usain ona izatea eskatzen diogu. Edateko errazak direnak maite ditugu, ez gogorrak edo garratzak. Gaur ere askotan entzuten da: «Ardo hau gizonezkoentzat da». Mikatza eta edateko zaila dela esan nahi dute horrekin.

Ardogileen joera horrek ekarriko du hamar urte barru-edo emakumeentzako eta gizonezkoentzako ardo unibertso paraleloak egotea?

Horrez ez die eragingo upelategi guztiei eta ardo guztiei. Baina aukera bat izan daiteke ardogileentzat, ardo bat kontsumitzaile mota batentzat bideratzeko. Aukera gehiago egongo da. Upelategi batek hiru ardo baditu orain, horiekin jarraituko du gero ere, baina, agian, beste bat sortuko du, emakumeei begira.

Eta berezikeriak bultzatu beharrean, ez al zen hobe izango jende guztia heztea, emakumezkoek ikas dezaten ardo gogorrak baloratzen, eta gizonezkoak fruta usain-gustukoak?

Bai, baina kasu honetan emakumezkoek gustuko dituztenak probatzea erabaki dugu. Horrek ez du esan nahi mutilek ez dituztela gustuko izango. Esaterako, izenean limurtu hitzarekin jolasten duen ardo bat probatuko dugu, etiketan ezpain gorriak dituena. Ez dute hori egin gizonezkoen arreta eurenganatzeko; argi dago emakumeei bideratuta dagoela.

No comments:

Post a Comment