Wednesday 20 March 2013

«Badakigu zer jaten ari garen, baina ez dugu inoiz ziurtasun osoa izango»


Kepa Escuredo, elikagaien segurtasunean aditua.



Ezkutuko zaldikiaren eta legez kanpoko ardikiaren inguruko kasuek elikagaien inguruko mesfidantza giroa areagotu dute. Iruzurrak saihesteko dauden tresnez mintzatuko da AZTIko teknikaria Bilbon.

Kepa Escuredo (Portugalete, Bizkaia, 1967) elikagaien segurtasuna eta kalitatea kontrolatzeko sistemen arduraduna da AZTI-Tecnalia Fundazioan. ¿Sabemos lo que comemos? hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Bilboko Alondegian.



Zer jaten ari garen ote dakigun galdetzen diozu zeure buruari. Azken boladako albisteak ikusita, badirudi ez dakigula. Ados?

Oso kasu jakinak dira, eta ezin dugu orokortu. Nire ustez, ez dugu inoiz izan gaur bezainbeste informazio jaten dugunaz. Gaur, elikagai bat edo haren osagaiak sorburutik identifika ditzakegu. Kontsumitzailearen ikuspegitik, elikagaiak une oro nondik datozen jakiteko eraturiko sistemak erabateko kontrola ematen digute, baina, horiek eraginkorrak izateko, ongi erabili behar dira, egia esanez, eta modu ulergarri, osoan eta egiaztagarrian. Beraz, badakigu zer jaten ari garen, baina erabateko ziurtasuna ez dugu inoiz izango, ez bagara elikatzen soilik geure baratzean hazitakoarekin.

Iruzur horiek ez al dira errazagoak elikagaiek munduan barrena milaka kilometro egiten dituztenetik?

Orain arte, elikagaien industriak izan duen arazorik handienetakoa abere edo landare espezieak identifikatzeko ezina zen. Hori, halere, gaindituta geratu da DNA aztertzeko teknologiekin. Orain, ahal da produktu bat egiteko erabilitako espezieak edo osagaien jatorria jakitea, baita oso prozesatuetan ere. Horri esker, gauza gara jakiteko laranja zukuetan mandarinak%2ko muga gainditzen duen. Berdin kafearekin, berde zein txigortua izan. Eta horrela dakigu antxoa eta hegaluzea benetan Kantauri itsasokoak diren, eta gazta Idiazabalgoa. Gainera, ez dira oso prozesu zailak. Gaur, 24 ordutan egin dezakegu azterketa kasu batzuetan, normalean bost lan egun inguru izaten badira ere.

Nola egiten duzue lan?

Gure taldean zientzia tresnak garatzen ditugu, dirua irabazteko asmoz eginiko iruzurrak aurkitzeko edo frogatzeko. Elikagaiak kontrolatzen dituzten erakundeekin egiten dugu lan, baina baita euren produktuen kalitateaz arduraturiko enpresekin, edo gobernuz kanpoko erakundeekin ere. Tresna objektiboak ematen dizkiegu euren produktuak benetakoak direla frogatzerik izan dezaten, edo artekarien zein lehengaiak saltzen dizkietenen amarruak, besteak beste.

Ez al dugu dena teknologiaren aginduen esku uzten, oinarrizkoaren inguruko erabaki politikoak ez hartzeko?

Teknologia tresna bat besterik ez da, gizartearen eta enpresen zerbitzura. Baina ezin da esan kontrolik ez dagoela. Elikadura arautzeko oinarrizko printzipioen liburu berdea onartu zuenetik (1997), kontsumitzailea babesten maila handia lortzea izan da Europako Batasuneko agintarien helburua, batez ere osasunerako eta segurtasunerako eskubideak bermatzea. Horretan, oinarrizko araudia eta jokabideak garatu dituzte, elikagaien segurtasuna ziurtatzeko eta kontsumitzailea babesteko. Kontrol erakundeek, ikerketa zentroek, kontsumitzaileen elkarteek eta enpresa askok ez dute atsedenik hartzen iruzurrak argitara ekartzeko lanean, eta geure buruak babesteko neurriak hartzeko.

Nondik etorriko zaigu hurrengo ustekabea?

Gizateriaren historia elikagai iruzurrez beterik dago, eta horiek mugatzen saiatzeko harturiko neurriz. Baina gizakiak irudimen handia dauka.

No comments:

Post a Comment