Saturday 2 March 2013

«Askok ez dute ikusi nahi, baina Siriakoa ez da iraultza, peoien gerra zibila baizik»

Nadia Hindi, ikerlaria.





Iraken okupazioaren ondorengo mugimendu feminista ikertzen ari da Nadi Hindi, Bagdaden jaiotako ekintzailea. Ermuan izango da gaur, emakumeek Ekialde Hurbilean duten egoera azaltzen. 

Doktore tesia osatzeko, Irakeko okupazioaren ondorengo mugimendu feminista ikertzen ari da Nadia Hindi (Bagdad, 1977). Karlos Zurutuza kazetariarekin batera, 2003-2013: De la ocupación de Iraq a las revueltas árabes hitzaldia emango du gaur, 10:00etan, Lobiano kulturgunean (Ermua, Bizkaia).





Iraken ere udaberri arabiarra deituriko matxinada piztu zen 2011ko otsailaren 25ean. Zergatik ez dugu ia ezer entzun horren inguruan?

Hedabideen isiltasuna egon da Iraken inguruan, batez ere, Egipto eta Tunisiarekin parekatzen badugu. Zergatik? Ez zaielako interesatzen Irakeko Gobernuari eta Ameriketako Estatu Batuei. Irak demokrazia eredu jartzen dutelako Ekialde Hurbilean. Sei urteko okupazioa lorpen handia izan balitz bezala aurkezten dute. Mendebaldeak ezarritako erregimena dagoenez, ez dute hura nahastu nahi, are konplexuago jarriko litzaiekeelako xake taula. AEBei interesatzen zaie erregimenari eustea, baita Irani ere.

Halere, badirudi protestak ez direla horren handiak izan Iraken.

Baliteke, baina 2008. urte aldera hasi ziren: jendeak ikusi zuen ez zegoela aurrerapausorik, oraindik ez zituztela oinarrizko zerbitzuak, edateko ura, argindarra... Gauza zehatzak eskatzen zituzten, ordea. Udaberri arabiarraren ondoren, ordea, ikusi zuten zelako indarra zegoen, protesta txiki horiek guztiak batuz gero. Halere, Iraken herriak asko sufritu du, eta ez dute beste aurrez aurrekoan sartu nahi. Erregimenaren erantzuna ere oso gogorra izan da: protestariak terroristatzat edo Baaz alderdiko kidetzat jo ditu, eta protesten buru batzuk erosten saiatu da. Hedabideen isiltasunak ere indarra kendu die manifestazioei.

Demokraziak ezer gutxi esan nahi duen testuinguruan, emakumeen eskubideen egoera da termometrorik hoberena egoera neurtzeko?

Emakumeek ezin dute bat-batean protestatu, beti erakunde handi baten babespean atera behar dira kalera, oso ondo antolatuta, protestetan sexu jazarpen kasuak, atxiloketak eta tortura egon direlako. Halere, emakumeek nahi dute munduak ikustea ez direla etxean geratzen eta okupazioaren ondorioz galdu dituzten eskubideak eskatzen dituztela. Emakumeen eskubideetan atzera egin dute Iraken okupaziotik. Oraingo egoera, Irak Inperio Britainiarreko kolonia zen garaiko bera da. 1970eko hamarkadan lortu ziren emakumeen eskubideak, mugimendu abertzaleek monarkia koloniala eta Erresuma Batuaren eragina deuseztu zituztenean eta lehen errepublika deklaratu zutenean. Atzera egin dugu, beraz, 1930-40ko hamarkadara.

Siriakoa, berriz, iraultza gisa aurkezten digute Irakekoa ezkutatzen diguten berberek.

Siriako udaberria berehala bahitu dute hainbat interesek. Jende askok ez du ikusi nahi izan, baina gero eta argiago dago: Sirian ez dago iraultzarik, peoien gerra zibila baizik. Interes taldeen arteko borroka da: Saudi Arabia, Qatar, Israel, AEBak eta Iran ari dira, siriarren bitartez.

Modurik al dago herritarren mugimenduak potentzien atzaparretatik erreskatatzeko?

Siriaren kasuan zaila ikusten dut. Epe luzean espero dut gauzak lasaitzea eta herriak autodeterminazioaren bidez bere etorkizunaren jabe egitea. Iraken, berriz, harrituta geratzen naiz ikusten dudanean herritarrak zelako kontu handiz dabiltzan kontsignekin, eta antolakuntzarekin. Heldutasun politikoa ikusten da gizarte zibilean, belaunaldi berrietan. Ikusten da sistema erortzear dagoela, berez erortzen ari dela, erregimenaren barruko interes gatazkengatik. Uste baino lehenago hondoratuko da.

No comments:

Post a Comment