Friday 8 March 2013

«Ez dugu estiloa aldatu berritzaile izateagatik, baizik eta geu ez aspertzeko»


Ana Fernandez-Villaverde, La Bien Querida

Argazkilaria: Albert Mollon


Musikari bilbotarrak disko akustikoak grabatu ditu orain arte. Orain, ordea, kraut-rockean eta 1980ko teknoan oinarrituriko proposamena taularatuko du gaur Bilbon eta bihar Donostian.

Gaztelaniaz eginiko musika indiearen mundua harritu zuen Ana Fernandez-Villaverde bilbotarrak 2009an, Romancero diskoarekin. Urteko diskorik hoberena izendatu zuten lana Mondosonoro eta Rockdelux aldizkariek. Orain, erabat aldatu du estiloa La Bien Queridak. Kantu akustikoetatik urrun, tekno proposamenarekin dator Euskal Herrira. Gaur, 22:00etan, Bilboko Kafe Antzokian arituko da, Tom Boylerekin. Bihar, Donostian, 22:00etan, Intxaurrondo kultur etxean, Anai- Arrebak taldearekin.





Margolaria zinen pop munduan sartu aurretik. Oraindik margotzen al duzu?

Jarraitzen dut. Bi lanak lotzen ditut. Ez dut uste nire margoen eta kanten artean loturarik dagoenik; psikoanalista batek esan zezakeen, agian. Nire koadroak ikusita, inork ez du esango: 'hara! hau La Bien Queridarena da. Etxean beti entzuten genuen musika asko, nire aita musikaria delako, baina nik ez nuen inoiz bide horretatik jo. Baina, halako batean, gitarra bat erosi nuen, eta pop kantak jotzen hasi nintzen. Los Planetas taldeko Jotak bultzatu ninduen neure kantak sortzera. Horrela grabatu nuen maketa.

Ceremonia diskoa aurkeztuko duzu. Nolatan pasatu zara Romancero eta Fiesta diskoetako abesti akustikoetatik 1980ko hamarkadako tekno ilunera?

Romancero ondo hartu zuen jendeak, eta Fiesta haren jarraipena zen. Azken hau, halere, saski-naski bat da, estilo aldetik. Ez da txarra, eta horri esker jarraitu ahal izan dut, baina argi neukan hurrengorako erabateko eta muturreko aldaketa nahi nuela. Arenas movedizas izan zen sortu nuen lehen kanta, eta David Rodriguezi eman nion, konponketak egin zitzan. Estilo horretan egin zuen, eta erabaki genuen disko osoa horrelakoa egitea, homogeneoa izan zedin eta Fiesta-rekin zerikusirik izan ez zezan.

Ceremony Joy Divisonen kanta bat da, eta soinuak New Order ekartzen du gogora. Zergatik erreferentzia horiek?

Etxean hori eta kraut-rocka entzuten dugulako gehien, horiek dira eraginik zuzenenak. Hasieratik bagenekienez nolakoa izango zen diskoaren soinua, kantaren baten melodia soinu horretan pentsatzen sortu nuen; Hechicera eta Aurora, esaterako.

Zuzeneko emanaldiak erabat aldatzera behartuko zintuen horrek.

Taldea erabat aldatu behar izan dugu. Gitarra, baxu eta bateria hirukoak ez zuen funtzionatzen, hemen sintetizadore asko dagoelako. Manta Ray taldeko Frank Rudowrekin gogoratu ginen, baten bat behar genuelako bateria elektronikoez eta arpegiadoreez jakingo zuena. Ahaztu, beraz, akustikoa. Hirukotea gara agertokian.

Egia esanda, oraingo estetika hau hobeto egokitzen da zure jarrera serio, hotz eta espresiogabera.

Lotsatia naizelako dut jarrera hori. Orain, apur bat ausartagoa naiz, agertokietan ibiliaren ibiliaz. Ez da pose bat. Nire kantetan maitasunaren muturreko pasioez mintzo naiz, niri eta guztioi gertatzen zaigunaz.

Hurrengo lanerako ere erabateko aldaketa etorriko da?

Auskalo, ez dakigu oraindik. Ez dugu hau jendearengatik egiten, edo berritzaileak izategatik. Ez aspertzeko egiten dugu, geure buruak artista gisa garatzeko. Jende gutxi kexatu zaigu orain arte aldaketarekin. Arriskua neure gain hartu behar nuen. Akustikoa entzun nahi duena ez dadila etorri. Kantak entzungo ditu, eta sentimendu asko.

No comments:

Post a Comment