Thursday 14 March 2013

«Etorkin olde izugarriak jaso ditugulako dugu orain nazio katalan modernoa»



Josep Anton Fernandez, irakaslea




Aniztasunaz eta mendekotasunaz mintzatuko da Londresko Unibertsitatean aritutako Fernandez irakaslea, Euskal Herrian eta Katalunian aniztasuna kudeatzeko Donostiako jardunaldietan.

Josep Anton Fernandez (Bartzelona, 1963) Hizkuntza Modernoak ikasi zituen Cambridgeko Unibertsitatean (Ingalaterra), eta Katalan Ikasketen zentroa sortu zuen Londresko Unibertsitatean. Azken urteotan Bartzelonako Universita Oberta de Catalunyan dabil irakasle. Askatasunaren kudeaketa: Paisos Catalans eta Euskal Herria jardunaldietan hartuko du parte gaur, 10:40ean, Donostiako Miramar Jauregian.








Aniztasunaz eta subordinazioaz mintzatuko zara gaur. Zein subordinazioaz?

Estaturik gabeko nazioez ari gara, hitzez hitz. Esaterako, esan zenezakeen Flandria estaturik gabeko nazioa dela, baina ez da Euskal Herria eta Katalunia bezalakoa. Flandriak estatu bat partekatzen du, haatik, euskaldunak eta katalanek ez. Horrek esan nahi du estaturik gabeko nazio hauek ez dituztela benetan nortasunak eraikitzeko eta zilegiztatzeko behar dituzten tresnak. Horrek subordinazio egoeran jartzen ditu.

Immigrazioaren gaian beste modu batean jokatzera behartzen ditu horrek?

Horren ondorioz, immigrazioak eragiten duen aniztasuna mehatxu gisa hartzen da askotan. Subordinazio egoera hauetan, askotan agertzen da immigrazioa bestea, etsaia gisa eraikitzeko tentazioa, hau da, behin betirako galduko gaituen hura gisa. Sabino Aranaren sindromea deskribatzen ari zara? Immigrazioaren historia Katalunian aztertzen baduzu, argi ikusten duzu Kataluniako nazio modernoaren sorrera bat datorrela izan ditugun immigrazio prozesurik garrantzitsuenekin. Hau da, nazio katalan modernoa baldin badugu, etorkin olde izugarri handiak jaso ditugulako da. Immigrazio prozesu horiek ez dira berriak, gainera. 1990ko hamarkadara arte diskurtso publikoetan bakarrik 1950-60-70ko immigrazio prozesuak aipatzen zituzten, baina 1930. urtean dagoeneko Kataluniako populazioaren %34 Kataluniatik kanpo jaioa zen. XIX. mendean populazioa %90 hazi zen, prozesu hauen eraginez.

Katalunian PSCko Pasqual Maragall eta ERCko Josep-Lluis Carod-Rovira xarnego-tzat jo izan dituzte euren buruak. Esaten duzunaren ilustrazio ona al da hori?

Gaztelerazko lucharniego hitzetik [erbitxakurra, gauez ehizatzeko prestaturiko zakurra] hitzetik omen dator xarnego, eta XVIII. mendean Kataluniako iparraldean erabiltzen zuten erdi-katalan erdi frantses ziren pertsonak izendatzeko. 1930ko hamarkadan etorkin murtziar esateko erabiltzen zen, eta, gero erdalduna adierazteko. Hitzaren historiak erakusten digu immigrazioa oso gauza zaharra dela Katalunian.

Subordinazio egoeran dagoenaren tentazioa aipatu duzu. Nola jokatu immigrazioa estaturik gabeko nazioen aldekoa bihur dadin?

Subordinazio egoeran dagoenak ez du bere sinboloen gaineko kontrolik. Egoera horretan, aniztasunak aukera ematen du kritika eta ekintza politiko molde berritarako. Esaterako, nortasun nazionalaren inguruko errelatoa berriz formulatu behar da: etorkina eta immigrazioa integratzen duen errelatoa egin daiteke, non horiek ez diren kanpoko arrotzak, baizik eta nazio eraikuntzaren ezinbesteko osagaiak. Jatorriak inongo garrantzirik ez duen errelatoa da —nik ez dut Fernandez abizena kasualitatez— benetan balio duenak etorkizunerako egitasmoa delako.  Etorkizunera begira jartzen zarenean, orduan duzu gizarte plurala sortzeko erronka, eta hori da demokraziaren sustraia.

Kataluniako eta Euskal Herriko kasuez arituko zarete gaur eta bihar; zein alde ikusten duzu bi herrialdeon artean?

Ez dago hainbeste alderik, baina istorio ezberdinak daude. Katalunian ez da egon diskurtso etnikorik nortasun nazionalaren inguruan. XIX. mendearen erdialderako Renaixença kultur pizkunde mugimenduaz geroztik, hizkuntza bihurtu zen nortasun nazionalaren funtsezko osagaia; ordura arte ez zen. Indarra hizkuntzan eta kulturan jarri izana, ez eta etnian, oso garrantzitsua izan da, lagundu duelako atzerritik etorritakoak kanpokoak direla ahazten.

Euskal Herrian ondo egingo genuke, beraz, hizkuntza nazio eraikuntzaren erdian jartzen behingoz?

Ziurrenik. Euskararen historia apur bat zailagoa da. Katalana bezala minorizaturiko hizkuntza da, baina katalana eta gaztelera askoz hurbilagoak izateak asko erraztu du gazteleradunak katalandun bihurtzen. Euskara langile klasearen hizkuntza izan da, eta horrek baditu abantailak, baina baita arazoak ere, zailagoa delako prestigioa ematea.

Badirudi Katalunia estatua bihurtzeko prozesua benetan aurrera doala orain. Hala uste duzu?

Guk lehen euskaldunitisa genuen, eta zuek orain katalanitisa. Galdera entzunda hori esango genuke. Nire ustez norberak bere prozesua egin behar du, eta elkar lagundu ahal badugu. Euskal Herrian gehiago pentsatu duzue honen inguruan. Noski, gatazka armatuaren ondorioak traba handia dira, eta denbora asko beharko duzue hori gainditzeko. Baina askoz gehiago landu dituzue gatazkaren nazioartekotzea, nazioarteko aliantzak bilatzea, eta Espainiako Estatuak nola jokatzen duen ulertzea. Horretan aski inozo gabiltza gu oraindik. Bestalde, Katalunian orain gertatzen ari dena ez da inoiz gertatu: Katalanista gehienak ez dira inoiz izan independentziazaleak orain arte. Katalanismoa sortu zenean XIX. mendean, abertzaletasun bikoitza zen, katalana-espainiarra. Espainia eraikitzea nahi zen, Kataluniarenb desberdintasuna gordetzen. Duela gutxi Jordi Pujolek erantzun egin zion Javier Solanak botatako babukeria bati: Duela gutxi arte bera espainolista izan zela esan zion Pujolek, baina izateari utzi egin zion. Hemen desidentifikazio prozesu ikaragarria egon da. Galdeketa guztiek erakusten dute.

Eta gaurko zein atzoko etorkinek zein eginkizun izango dute horretan?

Prozesu demokratikoa izango denez, etorkin berriak bozkatzeko eskubidea duten edo ez, horren araberakoa izango da horien parte-hartzea. Ikusi beharko da noraino dauden sartuta hemengo gizarte sareetan, eta prozesuan interesa duten edo ez. Nire ustez, ez dugu behar bezala aurreratu norabide horretan. 1950-60-70ko hamarkadetan etorri zirenen seme eta bilobek, berriz, barne gatazka bat dute, eta saihestu behar dugu jende hau barrutik haustea, oro oso gauza mingarria delako. Espainia ari da jende hau hausten. Berak jakingo du zertan ari den.

No comments:

Post a Comment