Friday 15 March 2013

«Gauza itsusiez abesten badut ere, ez dut zertan musika itsusia egin»




Laetitia Sadier, musikaria.


Musikari frantziarraren lana «giro musika marxista» gisa definitu zuten Stereolab taldeko abeslaria zenean. Orain bere kabuz dabil, inoiz baino zorrotzago hitzetan eta leunago musikan.

Laetitia Sadier (Paris, 1968) indie musikaren ahotsik nabarmenetako bat izan da 1987tik, Stereolab, Monade eta Mccarthy taldeetan. 2010. urtetik bere kabuz dabil, eta iaz, bigarren bakarkako diskoa argitaratu zuen: Silencio. Gaur Bilbon arituko da, 21:00etan, Alondegian.




Kasualitatea al da zu 1968ko maiatzean jaio izana?

Ez dakit, kosmosari galdetu beharko diogu. Batzuk nire egun berean jaio ziren, eta bestelako gauzak abesten dituzte. Beste batzuk, berriz, beste urteren batean, eta nik lantzen ditudan gai berak jorratzen dituzte.

Zure kasuan, zerk eraman zaitu hasieratik teoria marxista pop musikarekin nahastera?

Errealitateak. Frustrazioak pentsatzera eramaten zaitu modu hobean antola gintezkeela, bizimodua hobea izateko, gizarte gisa zein gizabanako gisa. Frustrazioak eraman nau borrokara. Sistema penagarri batean bizi gara, dirua eta mozkina ongizatearen gainetik jartzen dituena: indar gaizto zinikoen menpe gaude.

Stereolabekin, 1994an, kapitalismoaren krisi zikloei abestu zenien Ping Pong kantan. Gaurko krisiak arrazoia eman izanak bultzatu zaitu ildo horretan sortzen jarraitzeko?

Aberastasuna eskualdatzen ari dira orain: gehiengoa pobretzen ari dira, dagoeneko kapital izugarria dutenen mesedetan. Krisia ez da jendearen errua: esaten digute mailegu gehiegi hartu ditugula, etxe eta erietxe gehiegi egin direla eta horregatik sortu dela. Baina jendea konturatzen ari da: ziniko batzuk guztiz arduragabe jokatu dutelako gertatu da. Konturatzen ari dira kapitalismoa sistema zerria dela.

«Agintari klaseak faxismorako bidea prestatzen ari da» abesten duzu The Rule of the Game kantan.

Agintari klaseak ez duenean antolatzeko eta zuzentzeko betebeharra bere gain hartzen, eta etikaren zentzua galtzen duenean, botere hutsunea gertatzen da, eta kaos horretan, faxismoak hartzen du agintea. Demokraziaren erosioa da: Grezian, Italian... Golden Sachsekoak gobernuan jarri dituzte, hauteskunderik gabe, jendeari esateko nola bizi behar duen, eta diru publikoa esku pribatuetan jartzeko. Iraken egin zuten, eta, orain, Europan.


Eta zuk egoera horretaz gogor abesten duzu, baina melodia polita eta gozoekin. Ez al da kontraesana?

Aske naiz, eta nahi dudana egin dezaket: musika lasaia izateak ez du esan nahi mezua lasaigarria izan behar duenik. Inongo lege moralik ez dit agintzen abesti haserre eta bortitza egiten badut, garrasika egin behar dudala. Gainera, musika eta hitzen arteko kontrasteak tentsio ederra sortzen du. Gauza itsusiez abesten badut ere, ez dut zertan kanta itsusiak egin.

Indie musikaren orakulu Pitchfork gunean diotenez, zure jarrera estetiko chic horrek entzuleen engaiamendu politikoa galarazten du.

Pitchfork-en kritikan bakarrik sentitu dut idazleak ez nauela gogoko, eta argi ikusi dut eskuindarra dela. Xelebrea da, esan duelako dotoreziak ezkerreko engaiamendu politikoa galarazten duela. Ez nago ados horrekin.

Kalapitalismoaz aparte, isiltasunaz ari zara diskoan. Zertan bereizten da zure isiltasuna, eta John Cagena?

Uste dut lotura bat badudala John Cagen lanarekin, nahiz eta isiltasunera ez naizen heldu haren bidez, baizik eta kasualitatez, eliza batean. Nire baitan bildu nintzen, eta konturatu nintzen zeure buruarekin bat egiten duzunean, bizidunen guztiekin egiten duzula bat. Gizabanakoa gainditzen duzu horrela. Politikoki ere balio du horrek: gizabanako gisa manipulagarriak baikara, beldurrak gobernatzen gaituelako. Izaki zoragarriak gara, eta dugun ahalmen guztia loratu egingo da laster. Baina, oraindik, izu horrek sostengatzen du sistema.


No comments:

Post a Comment